Emakunde Lehendakaritzan sartuko luke Anduezak, lehendakari balitz

PSE-EEko lehendakarigaiak hitzeman du mugimendu feministaren eskaera aintzat hartu eta Emakunde Lehendakaritzan txertatuko lukeela berriz ere.

BIDEGILEAK SARIAK BANATU DITU PSE-EEk
PSE-EEren lehendakarigai Eneko Andueza, Bidegileak 2024 ekitaldiko sari banaketan, Gasteizen. PSE-EE
2024ko martxoaren 2a
16:04
Entzun

Eneko Andueza PSE-EEko lehendakarigaiak hitzeman du Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren egituretan sartuko lukeela berriz Emakunde, lehendakari izatea lortuko balu: «Berdintasun politikek transbertsalak izan behar dute, eta hori bermatzeko, gobernu egituran txertatu behar da Emakunde. Horrela posible izango da zigilu sozialista eta feminista duten politikak garatzea». Iñigo Urkulluk, azken legealdian, Lehendakaritzatik atera zuen Emakunde, eta Berdintasun Sailean txertatu. Mugimendu feministak ez zuen begi onez hartu aldaketa hori. Anduezak esan du mugimendu feministaren eskaera aintzat hartu eta Emakunde Lehendakaritzaren barruan jarriko lukeela berriz.

PSE-EEk Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian helarazi du mezu hori, Eusko Legebiltzarreko apirilaren 21eko hauteskundeen kanpainaurrearen barruan. Bidegileak 2024 izeneko ekitaldia egin du, Gasteizen, eta berdintasunaren bidean alderdi sozialistan erreferente izan diren zenbait emakume omendu. Gaur Natividad Alonso Estayori eman diote saria, Ermuan (Bizkaia) lehen emakumeen etxea irekitzeko bidegile izandakoari.

Anduezak defendatu du berdintasunaren bidean aurrera egin behar dela, «haurtzarotik jasotzen dugun matxismoan ainguratuta dagoen gizarte batean bizi baikara». Uste du jarrera matxistak indarrean daudela, horien eraginez «emakumeek lanez gainezka dauden motxilak» eraman behar izaten dituztela, eta, esaterako, zaintza lanen zama beren gain hartu behar izaten dutela. «Ezinezkoa da bizitzaren lasterketan berdintasunean aurrera egitea, gizonak baino ehunka metro atzerago aterata».

Alderdi sozialistak berdintasunaren alorrean aurrera atera dituen legeak defendatu ditu, baina aitortu du oraindik asko dagoela egiteko parte hartze ekonomikoan eta sozialean berdintasun osoa egon dadin. Besteak beste, kontziliazio politiketan aldaketak behar direlakoan dago, gizonak etxeko zaintza lanetan parte hartzeko.

PPri ere egin dio erreferentzia, eta esan du bere ustetan emakumeek eskubideak galtzen dituztela haiek agintzen dutenean.

Etxebarria eta Campelo

Anduezarekin batera egon dira Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta Patricia Campelo PSE-EEren Berdintasun idazkaria.

Etxebarriak politika feministak defendatu ditu, eta Gasteizen bide horretan lanean ari direla esan: «Berdintasun Sailerako aurrekontua %16 igo dugu, indarkeria matxistaren prebentzioan eta sentsibilizazioan lan egiteko. Eta Berdintasun Saila mailaz igo dugu, alkatetzari lotuta».

Campelok gogora ekarri du alderdi sozialistaren barruan hainbat emakumek berdintasunaren alorrean egin duten bidea, eta Alonso hartu du ahotan bereziki; haren esanetan, beste hainbat emakumerekin batera aitzindari izateagatik lehen emakumeen etxea martxan jartzeko lanetan.

Alonsok eskerrak eman ditu omenaldiarengatik, eta egindako bidea aintzatetsi: «Sozialistok ez badugu egiten, nork egingo du, ba?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.