Emakunde saria jaso du Virginia Imaz pailazo eta ipuin kontalariak

Umorearen bitartez, berdintasuna "ideien mundutik emozioen mundura" eramateko gai izan dela nabarmendu du epaimahaiak.

Virginia Imaz pailazo eta ipuin kontalaria, Emakunderen saria jasotzen, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Izaskun Landaida Emakunderen zuzendaria albotara dituela. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
2018ko apirilaren 24a
07:49
Entzun

Emakundek Berdintasun saria eman dio, gaur, Virginia Imaz pailazo eta ipuin kontalariari, erakundeak bere 30. urteurrena ospatu duen ekitaldiak. Imazek Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eskutik jaso du saria, Jaurlaritzaren Lehendakaraitza sailaren egoitzan, Gasteizen.

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren esanetan, Imazek berdintasunaren aldarria ideien arlo abstraktutik "emozioen mundura" eraman du, bere jardun artistikoaren bidez. "Emozioaren bitartez, pertsona asko sentsibilizatzea lortu du, lehen pausoa emakume eta gizonen berdintasunaren alde ekiteko".

Horrez gain, saria kultur arloan lan egiten dutenei ere luzatu nahi diela adierazi du Emakundeko zuzendariak, kultura "eraldaketarako tresna ezin hobea" dela adierazten dutelako, Landaidaren hitzetan. "Kulturak berdintasuna zer den ikasteko eta emakumeen parte hartzea eta aitortza sustatzeko estrategia berritzaileak eskaintzen dizkigu", gaineratu du.

Epaimahaiak arte eszenikoen bidez berdintasunaren aldeko sentsibilizazioan egindako ekarpena goraipatu du, "etiketen kontra" borrokatu duelako eta pailazoaren lanbideari "duintasuna" eman diolako, "kultur arloko beste hainbat emakumeren erreferente bihurtuz". Izan ere, aitzindaria eta berritzailea izan da Imaz antzerkiaren alorrean.

"Sorpresaz" eta "hunkituta" jaso zuen aktoreak albistea. "Errekonozimendu oso handia da niretzat, eta esan beharra daukat atzetik jende asko dudala helburu berarekin lan egiten. Lehenetarikoa izatearen meritua izan dezaket beharbada, baina asko dira arte eszenikoetan berdintasunaren alde lan egiten ari direnak; gero eta gehiago, zorionez. Haiei ere eskaini nahi diet errekonozimendu hau", esan zuen saritua izan zela jakin zuenean, iazko azaroan.

Imaz pailazoa eta ipuin kontalaria izateaz gain, aktorea, gidoilaria, antzerki zuzendaria eta helduen Etengabeko Hezkuntzako irakaslea ere bada. 30 urteko ibilbidea duen Oihulari Klown antzerki konpainiako zuzendari artistikoa eta sortzailea da. Ia hiru urtez egin zuen lan Cirque du Soleil zirkuan.

Imazek 14.400 euroko saria jasoko du..

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.