Eguraldia

Enbata sartu da kostaldean

Hogei minutuan hamar gradu jaitsi da tenperatura, eta haize bortitza izan da kostalde osoan.

2014ko uztailaren 17a
14:58
Entzun

Hondartzak gainezka zeuden atzo, goizean goizetik izandako tenperatura altuen eraginez. Baina bat-batean hustu ziren, halabeharrez; izan ere, sekulako enbata sartu baitzen kostalde osoan. Euskalmetek zabaldu duen informazioaren arabera, hogei minturen buruan batez beste hamar gradu egin zuen behera tenperaturak kostaldean.

Tenperatura jaitsierarik nabarmenena Bizkaiko kostaldean izan zen, Matxitxako lurmuturraren eta Ibaizabal itsasadarraren arteko kosta eremuan. Euskalmetek aurretik iragarri bazuen ere, jende asko sorpresaz harrapatu zuen eguraldi aldaketak, eta jendez lepo zeuden hondartzak minutu gutxian hustu ziren.

Bat-bateko eguraldi aldaketa horrek izan du eraginik sare sozialetan ere; Twitter bitartez erabiltzaile asko aritu dira #enbata traolarekin tokian tokiko egoeraren berri ematen eta iruzkinak egiten. Euskalmet ere horrela aritu zen atzo unean uneko informazioa ematen.

Bizkaiko golkoan, ohikoa

Herritarrak ia beti sorpresaz hartzen baditu ere, ohiko fenomeno meteorologikoa da Euskal Herrian enbata edo galerna; Bizkaiko golkoko kostaldean gertatzen den bat-bateko itsasoko haize bolada hotz eta gogorrari deitzen zaio, eta bereziki udaberri eta udazken bitartean gertatzen da.

Gaurkoaren moduko egun beroetan fronte hotz bat agertzen denean, haizearen tenperatura, noranzkoa eta indarra aldatzen dira. Haizea ipar-mendebaldekoa izaten da, eta indarra orduko 100 kilometrokoa baino handiagoa izatera hel daiteke. Normalean, zerua hodei beltzez betetzen da; horrekin batera, euria egiten du, eta tenperatura eta presio atmosferikoa jaisten dira. Baldintza meteorologiko horiekin, itsasoa zakartuz batera olatu handiak izaten dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.