Alderdi Sozialista Espainiako lurralde eredua moldatzeko prest dagoela adierazi du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Radio Euskadiko Boulevard irratsaioan: «Alderdi Sozialistak ez du arazorik lurralde ereduari buruz hitz egiteko guztiak aseko dituen eredu federal baterako bidean». Anduezak azaldutakoaren arabera, sozialistentzat eredu federala izango litzateke gaur egun lurralde eredu «egokiago» bat.
Horretarako, Espainiako Konstituzioa aldatzeko prest agertu da Andueza: «Konstituzioak 45 urte bete ditu. Igaro da nahikoa denbora, eta modernizatzeko, berritzeko eta etorkizunera begira jartzeko garaia da». Halere, garbi utzi du konstituzioaren mugak «direnak direla» eta «inoiz» ez dituztela gaindituko.
Anduezak gogorarazi duPSOEk mahai gainean jarri izan duela eredu federalistaren gaia behin baino gehiagotan. Eta gaitzetsi egin du EH Bilduk eta EAJk hartu izan duten jarrera: «Duela ez horrenbeste urte, komisio bat osatu genuen Diputatuen Kongresuan. Bertatik alde egin zuten lehenak EAJkoak izan ziren, eta EH Bilduk iragarri zuen ez zuela parte hartuko». Bi alderdi horiek hedabideen aurrean «diskurtsoak» egiten dituztela baina mahaian eseri behar denean «eztabaidatik ihes» egiten dutela adierazi du Anduezak.
Halere, PSE-EEko idazkari nagusiak uste du EAJk eta EH Bilduk Pedro Sanchezen inbestiduraren alde bozkatuko dutela; «koherenteak badira, behintzat, bai», erantsi du. Izan ere, Anduezaren hitzetan, euskal herritarrek eta kataluniarrek «PSOEk gidaturiko gobernu bat nahi dutela esan dute bozetan», eta alderdi abertzaleek «horri jaramon egin behar diote».
Juntsek zer jarrera hartuko duen, ordea, ez du horren garbi, eta, PSEko buruaren arabera, Kataluniako alderdiak bi aukera ditu: «Hautua egin behar dute elkarrizketaren eta erakundeen arteko normaltasunaren alde egiten jarraituko duen gobernu sozialistaren edo eskuinari eta ultraeskuinari mesede egingo liokeen blokeoaren artean». Gainera, Carles Puigdemonti indultua ematea negoziatu ote daitekeen galdetuta, hau erantzun du: «Ez dut uste mahai gainean dagoenik».
Eneko Andueza prest agertu da konstituzioa «modernizatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu