«Kilowatt onena, kontsumitzen ez dena da, eta hondakin onena, sortzen ez dena». Alfonso del Val ingurumen aholkulariak (Madril, 1945) energia aurreztearen eta kontsumo eraginkorraren garrantzia nabarmendu du, energia iturri berriak eskuratzeko egitasmoen aurretik jarriz. Araban gasa haustura hidraulikoaren bitartez eskuratzearen aurkako jardunaldietan parte hartu zuen aurreko larunbatean.
Nola ikusten dituzu Espainiako iparraldean eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gasa erauzteko egitasmoak?
Azken hamarkadetan aurkitu ditudan beste egitasmoekin lotu ditut Araban gasa erauzteko egitasmoa, Espainiako energia nuklearraren plana eta autobideen plana kasu. Egitasmo erraldoi horiek hiru zutabetan oinarritzen dira. Lehenik eta behin, egitasmo horiek ideologia batekin janzten dituzte; Arabako gasaren kasuan, Euskadiko independentzia energetikoa da. Kaleko pertsonek beste kezka handiago batzuk dituzte, eta pozik hartzen dute ideia hori.
Zein da egitasmo horien bigarren zutabea?
Ideologiaren atzean negozioa dago. Pedro Prieto AERENeko lehendakariordeak gasaren negozioetako bat agerian utzi zuen jardunaldietan; esplorazio baimenek zerga gutxiago dituzte, eta ez dituzte ordaindu behar gero beste zundaketa batean berriro inbertitzen badituzte. Eta hori dena zertarako egiten dute? Gauza zehatz bat lortzeko: kasu honetan, gasaren berme hori izatea da, Euskadi baita batez beste gas kontsumo handiena duena Espainiako Estatuan.
Egitasmo horien atzean energiari buruzko eztabaida dago.
Oso zaila da energia ikuspuntu orokor batean ulertzea. Ideia hori gizarteratzean, zatitu egiten dute: energia alde batetik, eta energiaren ondorioak bestetik. Energia petrolioarekin eta argindarrarekin lotzen dugu, baina horren atzean dagoen guztia ahazten dugu: negozioa, baliabideak amaitzea, kutsadura...
Nola islatzen da hori Arabako lurpetik gasa ateratzeko egitasmoan?
Gas naturala energia fosilen artetik garbiena izan daiteke, baina behin erauzi dutela ez da garbia. Atera ahal izateko, sortzen duen lohia kontuan izan behar da, xahutzen duen ur kopurua harrigarria da, gai kimikoek eragin dezaketen kutsadura...
Energia eta ondorioak bereizteak zer suposatzen du?
Ona den zerbait balitz bezala aurkeztu digute beti energia. Duen alde txar bakarra, balioa; hilabete bukaeran ordaindu behar dugun dirua. Inoiz ez da aurkezten energiaren giza balioa eta ingurumen balioa.
Larunbateko hitzaldian aurrezteak duen eraginari buruz hitz egin zenuen. ..
Nafarroan, Energia Berriztagarrien Plana egin genuen, eta ohartu ginen benetako energia berriztagarrien iturririk onena aurreztea eta eraginkortasun energetikoa direla. Energia asko xahutzen da, eta ez soilik erabilera txarraren ondorioz.
Adibidez?
Madrilen, gauetan, eraikin askoren aurrealdeak argiztatzeko argindar gehiago kontsumitzen da egun osoan baino, langileak bertan dauden orduetan baino. Horrek argi kutsadura baino ez du sortzen.
Energia berriztagarriei dagokienez...
Energia berriztagarriek liluratu egin gintuzten, haiei buruz hitz egiten hasi zenean. Asmakizun izugarritzat hartu genuen autonomia energetikoa lortu ahal izateko. Zentzu osoa zuten testuinguru horretan, baina ez azpiegitura handietarako.
Hau da, hasierako ideia desitxuratu dela uste duzu.
Erreniega mendilerrotik [Nafarroa] pasatzen naizenean, eta aerosorgailuz josita ikusten dudanean... Enpresa hornitzaile batekzentral eoliko bat duenean ziklo konbinatuko zentral termiko bat ere behar du, haizerik ez dagoenean argindarra sortu eta agindu duen ekoizpena bermatzeko. Energia berriztagarriak negozio bihurtu ziren gero, eta, nahi gabe, egungo ideologia garatzen lagundu genuen: berriztagarria den guztia ekologikoa da, eta, ondorioz, ona da.
Nola eman behar zaio buelta ideia horri?
Aurrezteko ideia egunerokotasunean txertatu eta agerian utzi behar da ez dela deserosoa.
Eta zein da energiaren kontsumoarekin lotuta dauden ondorioak agerian uzteko bidea?
Txikitatik irakatsi behar da hori. Ordea, nagusiei horretaz ohartarazteko bi modu daude gaur egun: erregaien prezioaren bitartez hori erakustea eta osasunari garrantzia ematea.
Alfonso del Val. Ingurumen aholkularia
«Energia, beti, ona den zerbait balitz bezala aurkeztu dute»
Energia kontsumo eraginkorraren eta aurreztearen alde egin du Del Valek, eta energia kontsumoaren ondorioen kargu egitearen garrantzia nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu