ENERGIA. EGITASMO BERRIA SANTURTZIN. Zentral termikorik handiena egin nahi du Iberdrolak Santurtzin

Gas naturala errez 1.100 megawattetik gora sortuko lituzkeen ziklo konbinatuko planta bat eraikitzea aztertzen ari da konpainia

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2010eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Santurtzin (Bizkaia) ziklo konbinatuko zentral termiko bat eraikitzeko baimena eskatu dio Iberdolak Espainiako Ingurumen Ministerioari. 1.100 megawat (MW) baino gehiago ekoizteko gaitasuna duten bi turbina abiatzeko onespena lortuko balu, Euskal Herriko ziklo konbinatuko plantarik handiena egingo luke konpainiak. Orain gutxira arte fuel olioa erretzen zuen zentral termikoaren lekua hartuko lukete instalazio berriek. Behin betiko erabakia, ordea, hartu gabe dago oraindik. Abenduan jakinarazi zutenez, zentral termikoa desmuntatzen jardungo dute 2012ra bitartean, eta handik gutxira erabakiko du Iberdrolak ziklo konbinatuko plantaren proiektua gauzatu ala ez.

Egun, gas naturala erretzen duen ziklo konbinatuko planta bat dauka Iberdrolak Santurtziko instalazioetan. 2005ean jarri zuten martxan, eta 400 MWeko potentzia du; horri 1.143 MW sortzeko bi turbinak gehituta, 1.543 MW ekoitziko lituzke guztira Santurtziko ziklo konbinatuak. Iberdrolaren egitasmoak 400 milioi euroko aurrekontua izango luke.

Gas naturala erretzen duten zentralak ez dira fuel olioa erregai dutenak bezain kutsakorrak, baina gai toxiko ugari isurtzen dituzte atmosferara, hala nola karbono dioxidoa, sufre oxidoak eta oxido nitrosoak. Horretaz gain, urtean 389,17 hektometro kubiko hondakin jaurtiko lituzke Santurtziko plantak itsasora. Iberdrolaren egungo instalazioen ikur diren tximiniak ere ez lirateke desagertuko. 156 eta 186 metroko tximinia bana ditu oraindik eraitsi gabeko zentral termikoak. Horien ordez, bada, beste bi eraikitzea aurreikusten du Iberdrolaren proiektuak, biak 90 metrokoak.

Iberdrolak Ingurumen Ministerioari igorri dio proiektua, etaadministrazio eta ingurumen baimenen izapideak abiatu ditu. Horrekin batera, informazio publikorako epea zabaldu du, eta auzian interesa duten aldeek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte. Datozen hilabeteotan, ministerioak ingurumen eraginari buruzko adierazpena landuko du, eta, horren arabera, egitasmoa onartu ala ez ebatziko du; Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ere ingurumen baimena eman beharko dio proiektuari.

Edonola ere, Iberdrolako iturriek BERRIAri azaldu diotenez, ziklo konbinatuko planta jartzeko aukera aztertzen ari dira, «beste hainbat proiektu bezala»; hau da, ez dute behin betiko erabakirik hartu. Administrazio prozedura bizpahiru urtez luza daiteke, eta, horren ostean, baimen guztiak lortuz gero, egitasmoa martxan jarri ala ez ebatziko dute. «Erabakia elektrizitate eskariaren eta plantaren errentagarritasunaren arabera hartuko dugu», adierazi dute.

Santurtziko Udala, haserre

Ziklo konbinatuko plantaren proiektuari buruzko albisteak ezustean harrapatu du Santurtziko Udala. Izan ere, duela hilabete eta erdi Iberdrolak kudeatutako zentral termikoa desmuntatzeko lanen berri ematean, «oso pozik» agertu zen Ricardo Ituarte Santurtziko alkatea (EAJ). Herriko biztanleek jasandako kutsaduraren amaieratzat hartu zuen albiste hura. «Bagenuen garaia konpentsazioa jasotzeko. Herriak soilik ez, herrialde osoak aurrera egin zezan, besteen hutsak ordaindu behar izan ditugu sarritan. Aurrerapenaren alde santurtziarrok egin dugun ahalegina saritu digute, zor historiko horren parte bat ordaindu digute», esan zuen orduan. Iberdrolak jabetzan dituen lur horiekin zer gertatuko zen ez zekiela erantsi zuen Ituartek.

Hori dela eta, «ustekabe ezatsegina» jaso zuen atzo alkateak. Ohar bidez adierazi zuenez, udalak prentsaren bidez izan du proiektuaren berri, eta «harrituta» agertu da, «ez baitzaigu inolako baimenik eskatu ziklo konbinatuko planta bat jartzeko». Egitasmoa arretaz aztertuko duela gaineratu du, «horren aurkako alegaziorik aurkezteko aukera hausnartzeko». Santurtziko EBk, berriz, «erabateko arbuioa» adierazi dio Iberdolaren proiektuari. Ingurumenari dagokionez, konpainiaren asmoa «atzerapausotzat» hartu du alderdiak, Bizkaiko Ezkerraldea «kutsadura gune» bihurtuko duelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.