«Enpatiarako» gakoen bila

Errefuxiatuen inguruko pertzepzioei buruzko ikerlan bat plazaratu du Gipuzkoako SOS Arrazakeriak. Ideologiak eta aurreiritziek asko baldintzatzen dute haiei buruzko ikuskera

Errefuxiatuei harrera duina ematearen aldeko mobilizazio bat, Irunen, iragan urtarrilean. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Pena, axolagabekeria, mespretxua... Migratzaileen etorreraren harira gizartean pizten diren hainbat emozio aztertu dituzte Errefuxiatuak. Isladak eta pertzepzioak ikerketan. Errefuxiatuekiko aurreiritziak ere bai. Atzo plazaratu zuen ikerketa Gipuzkoako SOS Arrazakeriak, Donostian. Azterketako ikasbideak ardatz, iheslariekiko «enpatia» sustatzeko irizpideak proposatu nahi dituzte orain. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Psikologia eta Portaera ZientzienMetodologia Saileko adituek egin dute lana. Maitane Arnoso ikertzaileak Magdalena Bobowi kidearekin batera aurkeztu zuen.

Ikerketaren xedeetako bat izan da ikustea «atxikimendu ideologikoak» zer-nolako lotura duen errefuxiatuekiko ikuskeran. Ikerketan parte hartu zuten 408 pertsonei —gehienak Gipuzkoakoak— aurrena eskatu zieten kokatzeko beren buruak ideologikoki; eskala batean esan behar izan zuten non zeuden, eskuinean, ezkerrean edo zentroan. Argi ondorioztatu dute ikerlanaren emaitzetan: «Espektro politikoaren ezker alderako joera dutenen artean, errespetuzko emozioa zabalduagoa da; eskuin alderakoek, berriz, gehiago adierazten dute mespretxua». EB Europako Batasunak errefuxiatuekiko harreran izan duen jarrerari so ere, aldea dago ikuskera ideologikoaren arabera; ezker joerakoek «lotsa» sentitzen dute, eskuin aldean daudenek, «harrotasuna».

Mentore izateko deia

Errefuxiatuen errealitatea gertutik ezagutu ahala, haien egunerokotasunaren parte izanda, haiekiko «aurreiritziak» ere txikitzen direla nabarmendu dute, eta, hain justu, prozesu hori bultzatze aldera, mentore bila dabiltza. Errefuxiatuekin elkartuko diren pertsonak nahi ditu Gipuzkoako SOS Arrazakeriak —«familiak, kuadrillak...»—. Haiekin astean ordu batzuetako egonaldiak egiteko da, eta gizartean, oro har, haiekiko emozio negatiboak apaltzen laguntzeko. Proiektu pilotu bat egin dute, eta orain ja egitasmoa zabaltzeko urratsa egitera doaz. Boluntarioak behar dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.