Enpresa txikientzat 500 milioi euroko finantza laguntza proposatu du EAJk

Urkulluk ohartarazi du EAEn 2008tik 51.000 langabe gehiago daudela, eta larrialdirako hamar neurri aurkeztu ditu

Erredakzioa
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Langabezia murrizteko asmoz, larrialdirako hamar neurri aurkeztu dizkie Eusko Alderdi Jeltzaleak Euskal Autonomi Erkidegoko eragile ekonomikoei zein erakunde publikoei. EAJk lehentasunezkotzat jotzen du gazteen enplegua bultzatzea eta autonomoek zein enpresa txiki eta ertainek euren jarduera finantzatzeko dituzten arazoei aurre egitea. Hartara, besteak beste, 500 milioi euroko programa bat bultzatu nahi du, enpresa txiki eta ertainei zein autonomoei finantza laguntza emateko. Ildo beretik, finantza erakundeek autonomoen inbertsioak finantzatzea bultzatuko du, eta jarduera hasten duten proiektu berrientzako hainbat zerga pizgarri proposatu ditu.

Gazteen enpleguaren kasuan, enpresei praktikako zein prestakuntzako kontratuak %30ean diruz laguntzea proposatu du. Autoenplegu kasuetan, bideragarritasun planaren %100 finantzatzea edo 6.000 eurora arteko laguntzak aurreikusten ditu. Planean, gainera, atzerrian prestakuntza jasotzeko 10.000 euroko bekak sartzen dira.

Epe ertainera, berriz, EAJk beharrezkotzat jotzen du politika aktiboak «berregituratzea». Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gogora ekarri du hiru urteren buruan 100.000 langabe izatetik egun 151.000 izatera pasa dela, eta egoera hori iraultzeko, «apustu sendoagoa» egin behar da «ekonomia errealaren alde». Haren ustez, hauteskunde garaia izanik ere, «ezin da denborarik galdu».

Urkulluk zehaztu du industria edo ekonomia arloko politikak baino gehiago langabeziaren aurkako neurriak direla, eta Jaurlaritzak, aldundiek, merkataritza ganberek, patronalek edo finantza erakundeek garatu ditzaketela. Elkarlanerako proposamena egin dio Jaurlaritzari.

Gasteizen, berriz, Gorka Urtaran alkategai jeltzaleak gogorarazi du ustezko ustelkeria kasuek Araba astindu dutela, baina nabarmendu du EAJk ez duela inputaturik. «Ez Txarli Prietok (PSE) ez De Andresek (PP) ezin dute gauza bera esan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.