Poliomielitisa.

Enric Portell: "Mediku askok ez zuten sinesten postpolio sindromean"

2007tik du Badalonako (Bartzelona) Guttmann institutuak postpolioaren laguntza programa, eta hango arduraduna da Enric Portell. Oraindik, askorentzat, ezezaguna da sindromea, eta korapilatsua izan daiteke diagnostikorako prozesua.

Irune Lasa.
2014ko maiatzaren 18a
17:15
Entzun

Zuzenean, Enric. Zer da postpolio sindromea?

Sintoma multzo bat da, duela 30-40 urte polioa izan zuten pertsonengan azal daitekeena. Fase egonkor baten ostean, sintoma jakin batzuk izaten hasten dira, eta horiek oso aldakorrak izan daitezke. Guztiek izan behar dute indar galera polioak hondatutako gihar multzoetan, nahiz eta eman ez gaitzak haietako zenbaitetan eraginik izan zuenik. Nekea ere izaten dute, mina giharretan, mina giltzaduretan, zenbaitetan memoria galera... Eta, batez ere, funtzionaltasun galera izaten da. Ibili egiten zenak utzi egiten dio ibiltzeari, edo makuluekin ibili eta gailu ortopedikorik behar ez zuenak haiek behar ditu, edo eskuzko aulki gurpilduna utzi eta elektrikoa erabili behar...

Zer dago horren oinarrian?

Polioak eraso egiten dionean bati, bigarren motoneuronak hiltzen dira, bizkarrezur muinaren barnealdeko adarrean daudenak. Fase larrienean, ordu edo egun gutxitan indar asko galtzen da, eta, gero, urte batera-edo indarra berreskuratzen hasten da, ez hildako neurona berpiztu egin delako, baizik eta bizirik iraun zuten neuronek adarrak botatzen dituztelako paralisiak hartutako gihar multzoetara. Beraz, neurona bakarraren mende daude lauzpabost gihar multzo. Eta adar horiek dira urteekin endeka edo atzera desegin daitezkeenak. Galdu egiten da berreskuratutako indarra.

Prozesu geldoa izaten da. Eta indarra galdu baino lehen, nekea agertzen da, eta, begiratzen duzu gihar multzoa, eta itxuraz indar bera dauka baina... Azkenean, postpoliodunen arazoa da subjektiboak direla sintomak. Medikuari nekatuta zaudela esaten diozu, baina ikusten dute indarra lehen bezala dagoela gihar horietan... Horregatik, mediku askok ez zuten sinesten postpolioan. Urte hauetan, garai hartako epidemia handietan gaixotutako jendeak 50-60 urte bete dituenean eta sintoma horiek agertu zaizkienean, milaka lagun ditugu postpolio sindromearekin.

Postpolioaren lehen belaunaldia direlako.

XX. mendearen hasiera aldean, 50 urte zen bizi-itxaropena. Polioa nozitu bazuten, ez zituzten izaten postpolioaren sintomak.

Itxuraz polioa izan ez dutenek ere izan dezakete sindromea.

Birusak eragin desberdina izan zezakeen. Batzuek soilik arnasbideko sintomak zituzten, katarro baten modukoak. Beste batzuei soilik hanka eta besoetako ahuldura eragiten zien, eta beste batzuei meningitis modukoa. Lehenengo horietako batzuek, katarrotxo bat eta sukar pixka bat izan zutenek, aldi berean etxean anai-arrebaren bat polioarekin izan bazuten, posible da katarro hura polio ez-paralitiko bat izana. Hori hala izan zen jakiteko, elektromiografia bat egin behar da. Hor ikusten da giharrean desinerbazioa eta atzera inerbazioa gertatu zela. Agian, haur hark polioa izan zuen hilabete gutxirekin, eta, oraindik ibiltzen ez zenez, gurasoek ez zuten atzeman haurra gutxiago mugitzen zenik. Polio arin hori izan bazuen eta gero reinerbazioa egon eta haurra 18 hilabeterekin hasi bazen oinez, inor ez zen konturatzen tartean polioa izan zuenik.

Gertatu izan da autopsia batzuetan halakorik aurkitzea. Fibromialgiarekin, esaterako, hura diagnostikatzen hasi zenean, askori autopsia egiten zitzaien, eta askori polio birusaren hondarrak aurkitu zizkioten bizkarrezur muinean. Izan zen pentsatu zuenik neke kronikoak eta fibromialgiak ez ote ziren paralisi gabeko polioak. Baina, orain, jende asko ikusten dugu 30 urterekin eta neke kroniko edo fibromialgiaren klinika berarekin, eta horiek, ziur gaude, ez zuten kontakturik izan polioarekin; beraz, teoria hura ez zen zuzena.

Arazoak daude postpolioaren diagnosia egiteko?

Batetik, polioari berari buruz ere ezjakintasun handia dago. Medikuntza orokorreko mediku batek artatzen dituen guztien artean, gerta daiteke polioa izandako pertsona bakarra izatea edo bat ere ez. Bestetik, mediku askok, karreran ikasi dituztenen artean ez badago, ez dute sinesten besterik existi daitekeenik, eta nola hori ez den karreran ikasten, bada pentsatzen dute polioa izandakoaren maniak-edo dituztela. Neurologoak hasi ziren postpolioa artatzen, baina irizpideak aldatuz joan dira. Gero, askotan, ez dago aurreko txosten medikurik, eta zaila da galerak ikustea. Soilik gaixoak kontatzen dizuna duzu oinarri, adibidez, lehen eskailera igo zezakeela, eta orain ez.

AEBetan, Erresuma Batuan... zenbait herrialdetan sindromearekin askoz jende gehiago omen dago.

Eta esango dizut zergatik: herrialde haietan gaitzaren piztaldiak Espainiakoen antzekoak izan ziren, baina baliabide asko jarri ziren, altzairuzko birika asko izan zituzten, milaka. Hiriren batean gaitza pizten bazen, milaka altzairuzko birika eramaten zituzten, eta jendea kirol pabiloietan-eta egoten zen, birika horietan. Tamalez, horiek guztiak Espainian hil egin ziren, ia ez zegoelako altzairuzko birikarik . Herrialde haietan postpolio gehiago dago, askoz gehiago atera zirelako poliotik bizirik. Hemen, bizirik iraun zutenak ez ziren gaitzaren eragin gogorrena izandakoak, horiek hil egin ziren, eta postpolioa, normalean, polio larriena izan zutenengan agertzen da.

Polio izan dutenetatik zenbatek izango dute postpolio sindromea?

Autoreen arabera da hori. Batzuek diote %18k, eta besteek,%85. Kontua da, badagoela beste postpolio bat ez duena kausa neurologikorik; hots, neurologoak esango dizu hori ez dela postpolioa. Adibidez, oinez ibil daitekeen polioa izandako batek hanka ona hausten du, eta, horregatik, aurrerantzean ezin du oinez ibili. Neurologo batentzat, hori ez da postpolio bat. Errehabilitazio medikuoi, berriz, funtzionalitatea inporta zaigun, eta oinez egiteari uzten dion polioa izandako pertsona bat, guretzat, postpolio bat da, nahiz eta ez egon kausa neurologikorik. Bati amiotrofiadun postpolio deitzen diogu, indar galera duenari, eta besteari amiotrofia gabeko postpolio deitzen diogu. Horiek guztiak hartzen badituzu iristen zara %85 horretara. Sailkapen puristena hartzen baduzu, berriz, %18ko ehunekoa aterako zaizu. Hemen, gure ospitalean, 2007an %20 ziren kausa neurologikoa zuten postpolioak. Orain, urteak aurrera egin dutela, %40 bat dira.

Batzuek telebistaz jakin dute agian gertatzen zaiena postpolio sindromea izan daitekeela.

Bai, gero eta gehiago dira, eta interesa agertzen ari da gaiaren inguruan. Urtero, 80-90 lagun etortzen dira kontu horrekin.

Baita Euskal Herritik ere?

Bai, badaude, ziur.

Baina bisita pribatuak dira.

Batzuek funtzionarioak dira, eta aseguru etxeen bitartez etortzen dira, eta, gero, bestela ordainduta datoz, pribatutik. Hori bai, norbait pribatutik etorrta diagnostiko hori egiten badut, txosten bat egiten diot sintoma guztiak xeheki aztertzen, postpolioa duela esan eta aldiroko kontrolak aholkatzen dizkiot, eta, normalean, hurrengo bisitan osasun publikotik eratorrita datoz.

Diagnostikoa inportantea izan daiteke askorentzat.

Postpolio diagnostikoa izatea inportantea da erretiroa aurrez hartu ahal izateko. Erretiroaz ari gara, ez pentsioaz: elbarritasun pentsiorako, frogatu behar duzu aurrekoarekiko okertu egin dela zure egoera. Aitortuko den elbarritasunaren gradua gaitasunaren araberakoa izango da. Erretiroari dagokionez, ez duzu frogatu behar okerrera egin duzula. Hiru dira bete beharreko baldintzak: %45eko edo goragoko elbarritasun maila izatea aitortuta; adin jakin bat izatea (56 urtetik gora); eta postpolio sindromea izatea. Dena den, betiere ez da nahi izaten erretiro aurreratua, zergak ordaindu behar izaten direlako, eta, ekonomikoki, agian, hobe da elbarritasun pentsioa, nahiz eta arazotsuagoa izan.

Badu tratamendurik sindromeak?

Ez dago modurik galdu den indarra berreskuratzeko. Nekearentzat eta beste sintomentzat farmako batzuk probatzen ditugu, eta, oro har, osoko tratamendua saltzen dugu guk. Psikologoa —behar badu—, laguntza ortopedikoa —beharrezkoa badu—, eta abar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.