CAN

Enrique Goñi: "CAN ez da desagertu: eraldatu egin da"

Nafarroako Kutxako zuzendari ohiak azalpenak eman ditu erakundearen kudeaketa ikertzeko Nafarroako Parlamentuan eratu den batzordean. Goñik ziurtatu du ez zela "gehegikeriarik" izan. Adierazi du "bilera errealengatik" ordaindu zirela hainbat agintari politikok jaso zituzten dietak, eta gaineratu ez zela soldata gehigarririk ordaindu.

Enrique Goi CAN Nafarroako Kutxako zuzendari ohia, gaur, Nafarroako Parlamentuan. IñIGO URIZ, FOKU
2018ko apirilaren 13a
08:54
Entzun

Gaur egin du lehen saioa CAN Nafarroako Kutxaren kudeaketa ikertzeko Nafarroako Parlamentuak eratu duen batzordeak, eta Enrique Goñi kutxako zuzendari ohia izan da lehen hizlaria. Batzordean parte hartzeko borondatea agertu zuen Goñik, "ikertzen ari diren gertaerak argitzen laguntzeko", eta UPNk haren eskaria eraman zuen parlamentura. Adierazi duenez, kutxak ez zuen "porrot" egin. "Esan daiteke kutxen sistema desegin egin dela, hori zuzena litzateke. Nafarroako Kutxa eraldatu egin da, hori da errealitate bakarra. Beste kutxa batzuk ez dira eraldatu, likidatu egin dira, porrot egin dute; baina horrek ez, adierazi du.

Horrez gain, Goñik ziurtatu du nafarren dirua ez dela galdu. "Akzioak erosi genituen nafarrok dirua irabazten ari gara eta nafarrek guztiz bermatuta dituzte haien deposituak. Erabateko jarraitutasuna izan da".

Kutxaren kudeaketan inolako "gehigikeriarik" egon denik ukatu du Goñik. Aldiz, adierazi du nafarrak direla estatuan herritar bakoitzeko gizarte ekintza inbertsio handiena jasotzen dutenak.

Goñik egoki jo duen kudeaketaren adierazle aipatu du Espainiako Bankuak fiskaltzari bidalitako txosten bat. Idatzi horrek jasotzen du Nafarroako Kutxak sektorearen joera orokorra izan duena baino "jokabide hobea" izan duela hainbat arlotan. Horien artean, "baliabideen egituran handizkako finantziazioak duen pisuan, berankortasunaren pisuan, erakinkortasun mailan, funtzionamendurako gastuen proportzioan edo esplotazio tarte errepikarian".

Goñik galdetu du zertan egin duen okerrera "zehazki" Nafarroako Kutxak Banca Civicara, lehenik, eta CaixaBankera, ondoren, eginiko "trantsizioak".

"Bilera errealak"

Hainbat agintari politikok CANengandik jaso zituzten dieta ordainketak "eduki errealeko eta zerbitzu errealei buruzko bilera errealei" zegozkiela defendatu du Goñik, eta gogorarazi du Auzitegi Gorenak hala berretsi zuela Iruñeko hirugarren instrukzio epaitegiak abiatutako ikerketa baztertu eta auzia artxibatzeko erabakian.

Horrez gain, Goñik ukatu egin du kutxak soldata gehigarriak banatzen zituenik. "Soldatak daude, baina ez soldata gehigarririk", adierazi du.

Nafarroako Kutxaren kudeaketari lotuta aurkeztu diren salaketak hainbat izan diren arren, kutxako zuzendari ohiak nabarmendu du, azken bost urteetan, "inork ez" duela deklaratzera deitu. "Instrukzio judizialari eta UDEFen txostenei esker nire zintzotasun erabatekoa ziurtatu dezaket". Goñik gaineratu du poliziak, Espainiako Bankuko ikuskatzaileek eta epaileek ikertu dutela. "Toki guztietatik behatu gaituzte eta ez dago ezer, ezin da ezer egon".

Bederatzi agerraldi

Parlamentuko ikerketa batzordeak bederatzi agerraldi ditu aurreikusita. Goñiz gain, azalpenak emango dituzte, besteren artean, Yolanda Barcina eta Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiek, Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilari ohiak, Lorenzu Riezu CANeko zuzendari nagusi ohiak, Manuel Lopen Merino Iruñeko Udal Kutxako zuzendari nagusi ohiak, Jose Antonio Sarria CANeko Kontrol Batzordeko presidente ohiak, Jose Antonio Asiain CANeko Administrazio Kontseiluko presidente ohiak eta Roberto Ducay CANeko estrategia arduradun ohiak.

Batzordeak ikerketa txostena amaitu beharko du, printzipioz, ekainaren 30erako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.