Sanferminetako entzierroetan orain arte hamasei gizaseme hil dira, zezenen adarkadengatik edo izandako kolpeengatik. Daniel Jimeno hamaseigarrena izan da.
Daniel Jimeno (2009)
Jandilla ganadutegiko Capuchino zezenak lepoan adarra sartu dio Telefonica parean Daniel Jimeno espainiarrari.
Fermin Etxeberria (2003)
63 urteko iruindarra, eta Eskarmentu handiko lasterkaria. Cebada Gago ganadutegiko zezen baten kolpea jaso zuen Mercaderesen. Traumatismo larria izan zuen, eta erietxean bi hilabete eta erdi igarota hil zen.
Matthew Peter Tasio (1995)
Uztailaren 13an korrikalariz beteta zegoen bidea; Castellano zezena aurretik zihoan. Peter Tasio, 23 urteko estatubatuar gaztea, Udaletxeko espaloiarekin behaztopa eginda, zutitu nahian zebilen. Sabelean adarkatu zuen 575 kiloko zezenak, eta aorta eten zion.
Vicente Risco eta Jose Antonio Sanchez (1980)
Sanferminen historiako entzierrorik luzeenetariko batean (10 minutu eta 55 segundu), bi gaztek galdu zuten bizia Antioquio zezenak adarkatuta, bat Udaletxe plazan eta bertzea zezen-plazan. Zezenak Jose Antonio Sanchez Udaletxe plazan adarkatu eta metro batzuetan arrastaka eraman zuen, Mercaderes karrikaraino. Nafarroako Ospitalean 15 litroko odol transfusioa egin zioten, baina hil egin zen. Antioquio-k, plazara sartzean eskuinera jota, Vicente Risco harrapatu eta eskuineko adarretik zintzilik eduki zuen. Aske utzi zuenean berriro eraso zion, eta hil.
Jose Joaquin Esparza (1977)
Miura ganadutegiko Silletero zezenak 17 urteko gaztea adarkatu zuen plazako sarreran.
Gregorio Gorriz ( 1975)
F. J. Osborne ganadutegiko Navarrico zezenak plazako sarreran harrapatu zuen 41 urteko Aratzuiko gizasemea.
Juan Ignacio Eraso (1974)
18 urteko iruindarra. Estafeta karrikaren bukaeratik korrika egina zen bi zezen atzeraturen aurretik, atzetik geratu zen bertze bat zetorrela ohartu gabe. Plazara heltzeko hamar metrora gelditu zen eta hesira igotzen saiatu. Ustekabean, Palmello topatu zuen.
Hilario Pardo (1969)
Murtxantekoa, 45 urtekoa. Nafarroako Museoko aldaparen hasierako txoko ezagunean. Reprochado zezenak, lurrean botata zegoen Hilario Pardorengana egin zuen. Bi adarkada emanda hil zuen.
Vicente Urrizola (1961)
32 urteko iruindarra Santo Domingoko aldapan harrapatu zuen zezenak. Ospitalera eraman zuten, eta handik 30 ordura hil zen.
Casimiro Heredia eta Julian Zabalza (1947)
Heredia Estafetan harrapatu zuen Semillero-k. Kale erdian erori zen eta, beharbada, bere burua lurrera botatzeko saioak adarkadari lagundu zion. Zezenak, adarra behin eta berriz sartuz, kale erditik espaloiraino eraman zuen; gero, Atarrabiako Julian Zabalza zezen-plazan harrapatu eta hil zuen.
Gonzalo Bustinduy (1935)
Sei zezenak ukuilura sartzerakoan, arduragabe batzuek zezen bat bereizi zuten taldetik. Bustinduy 29 urteko mexikarra agertu zen bat-batean, jaka eskuan animalia deitu zuen. Zezenak erasota, lurrera erori zen eta besapean adarkada jaso zuen.
Santiago Martinez (1927)
Plazan hil zen 34 urteko iruindarra. Ukuilura bidean, zezen bat taldetik bereizi zen eta 8. harmailako lehen ezkutalekuan babes hartu nahi zuen Martinez hil.
Esteban Domeño (1924)
Telefonicako tartean harrapatu zuen zezenak 22 urteko zangozarra. Jendea eskuinaldekoaren ondoan pilatu zen eta taldeko zezenetariko bat han zirenen kontra joan zen. Burua sartu eta bete-betean harrapatu zuen Domeño.
Francisco Garcia (1910)
El Pensamiento Navarro egunkariaren 1911ko urtarrilaren 18ko alean: "Francisco Garcia Gurrea 21 urte zituela zendu da hiri honetan, sanferminetako azken festetan izan zen zezen entzierroetako batean jaso zituen zauriengatik. Goian bego".
Entzierroetan hildako hamasei lagunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu