Udal eta foru hauteskundeak. Araba

EP-IUk hitzeman du fortuna handien gaineko zerga ezarriko duela

Zerga ezartzeko «borondate falta» egotzi die Rodriguezek EAJri eta PSEri. Salatu du familia asko dagoela «bazterketa sozialaren mugan»

Begoña Seco eta David Rodriguez, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak azaroan onartu zuen aberastasun handien gaineko zerga bat, eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, foru ogasunen esku geratu zen zerga horrekin bildutakoa nola kudeatu. Haatik, ogasunek ez dute oraindik foru agindurik garatu zerga hori ezartzeko, eta, beraz, oraingoz ez da aplikagarria izango. David Rodriguez Elkarrekin Podemos-IUren Arabako ahaldungai nagusiaren iritziz, «onartezina» da Arabako Foru Aldundiak zerga horrekiko duen jarrera, eta ezartzeko «borondate falta» egotzi die jeltzaleei eta sozialistei. «Uste dugu pauso hori eman behar dela justizia soziala lortzeko». Elkarrekin Podemos-IU hurrengo foru gobernuaren parte bada aberastasun handien zerga «lehenbailehen» ezarriko duela hitzeman du Rodriguezek, «zerbitzu publikoei eusteko».

Fiskalitatea «aberastasuna banatzeko» eta «aukera berdintasuna bermatzeko» tresna gisa ulertzen du EP-IUk, eta zerga sistemak «progresiboa» behar duela uste du. Rodriguezen hitzetan, fortunak dituztenek «ekarpen handiagoa» egin behar diote gizarteari, eta, justizia soziala «orekatu» nahi bada, urratsak egin behar dira bide horretan. EP-IUren hautagaiak gogoratu duenez, Araban ehun lagun inguruk hiru milioi euroren baino gehiagoren ondasunak dituzte, eta horietako batzuek, ehun milioirenak baino gehiagorenak. «Aberastasunak banatzea funtsezkoa da lurralde kohesionatuagoa eta orekatuagoa lortzeko», azpimarratu du.

Bazterketa soziala

Espainiako Gobernuak erabaki zuen fortuna handien zerga behin-behinekoa izatea, eta gutxienez 2023. eta 2024. urteetan egotea indarrean. Jada denbora «galdu» dela kritikatu du Rodriguezek. Gizartean «arrakala soziala» sortzea aurpegiratu die EAJri eta PSE-EEri, eta gehien dutenen eta gutxiago dutenen arteko «distantzia» gero eta handiagoa bihurtzea. Ohartarazi duenez, Araban gero eta familia gehiago hurbiltzen ari da «bazterketa sozialaren mugara». Zehazki, biztanleen %20 «atzean» uztea leporatu die jeltzaleei eta sozialistei: «53.000 pertsona inguru dira, Mendizorrotza futbol zelaia halako hiru betetzeko adina pertsona».

Begoña Seco Arabako Batzar Nagusietarako hautagaiaren iritziz, berriz, publikoa eta zerga erreforma eskutik doaz.«Gehien dutenek gehiago ordaintzen ez badute, ezinezkoa da gizarte desorekak amaitzea eta justizia soziala lortzea». Zergekin «beherapenetan» ibiltzea leporatu die eskuineko alderdiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.