EAJ
«Ebazpena atzerapausoa dabizikidetzarako»
EAJren aburuz, Auzitegi Nazionalak Bateragune auziaren inguruan eman duen ebazpena «atzerapausoa da Euskadin bizikidetza normalizatzeko» eta «zentzugabekeria politiko-judiziala da». Ohar batean, EAJk azpimarratu du ezinbestekoa dela «garai berria» zabaltzea Euskal Herrian: «Aurrera begiratzeko garaia da». Bestalde, Joseba Egibar GBBko presidenteak salatu du epaia «eskandalua» dela eta «izaera politikoa» duela.
BILDU
«Bide politikoen alde egin dutenak zigortzeak ez dio laguntzen prozesuari»
Bildu koalizioak erabat arbuiatu du ebazpena, ohar batean. «Bide politikoen alde egin dutenak zigortzeak ez dio laguntzen prozesuari», esan du. Hala ere, ohartarazi du halako erabakiek ez dutela geldituko Euskal Herrian zabaldu den aro politikoa. Bilduk egoera politiko berriaren alde lanean jarraituko duela nabarmendu du.
ARALAR
«Zentzugabekeria juridiko eta demokratikoa da»
Aralarrek adierazi du epaia ez dela onargarria ikuspuntu demokratiko batetik, «soilik bide politikoak defendatzeagatik lan politikoa egiten ari zirenak zigortzea eskubide urraketa delako». Aralarren iritzian, epaia kaltegarria da gizartearentzat, «gizartea egiten ari den lana oztopatzen duelako». Horrelako epai batek estatuaren «ahultasuna» agerian uzten duela uste du Aralarrek, eta, horregatik, «bake bidezko erantzun bat» ematera deitu du.
PELLO URIZAR
Eusko Alkartasuneko idazkari nagusia
«Espainiako Justiziak astakeria politiko eta juridiko hau zuzendu beharko du»
«Epaia ez da batere justua, eta Espainiako Justiziak astakeria juridiko eta politiko hau zuzendu beharko luke», adierazi du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak. Haren ustez, Espainiako botereek «iraganean» jarraitzen dute, eta epaiak frogatzen du zenbait erabakiren atzean irizpide politikoak daudela. Bestalde, Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak Patxi Lopez lehendakariari eskatu dio epaiaren aurka ager dadila Legebiltzarrean.
OSKAR MATUTE
Alternatibako bozeramailea
«Etsigarria da eta irtenbide demokratikoaren aurka doa»
Oskar Matute Alternatibako eledunak salatu du «bakeari jarritako hamaikagarren oztopoa» dela epaia. Matuteren ustez, «etsigarria» ere bada, bake prozesuaren eta irtenbide demokratikoaren aldeko ahaleginaren aurkakoa delako ebazpena. Gogoratu du epaiketan Otegik esan zuela ezker abertzaleak bide politikoen aldeko hautua egin duela.
JOSE ANTONIO PASTOR
PSE-EEko bozeramailea
«Ulertzen dugu epai honek atsekabea eragitea»
«Otegik epaiketan esan zuen ETAk enbarazu egiten duela eta sobran dagoela. Hori ez zuen sekula esan aurretik, eta guk baloratu egin genuen. Beraz, ulertzen dugu epai honek Euskadin atsekabea sortzea». Hitz horiek erabili ditu Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak Bateragune auziko epaiaz mintzatu denean. Pastorrek gaineratu du ulertzen duela gizartearen sektore batean harridurasortzea, «herri honetan gehienak ziur daudelako indarkeriaren zikloaren amaieran gaudela».
LEOPOLDO BARREDA
PPko bozeramailea
«Benetako justizia nahi bada, legea aplikatu behar da»
Leopoldo Barreda EAEko PPko bozeramaileak uste du Bateragune auziko epaiarekin Espainiako Auzitegi Nazionalak legea aplikatu duela. Errespetuz hartu du ebazpena PPkoak, eta esan du «benetako justizia» nahi bada legea aplikatu beharra dagoela. «Demokrazian legeahausten duenak eta talde terrorista baten zuzendaritzako parte denak auzitegien aurrean erantzun behar du». Ana Mato PPko Antolaketa idazkaria, berriz, «gustura» dago epaiarekin, «frogatu delako Otegi eta gainerakoak legeditik kanpo aritu zirela».
MIKEL ARANA
EBko koordinatzaile nagusia
«Albiste txarra da, eta ez du laguntzen bakerako bidean»
Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaile nagusiaren arabera, «oso albiste txarra» izan da epaia, eta ez du laguntzen bakerako bidean eta normalizazio politikoan. Gainera, Aranak salatu du ikuspuntu juridiko batetik «ulertezina» dela ebazpena. IUko koordinatzaile nagusi Cayo Larak ere ebazpena kritikatu du, uste duelako ez dela lagungarria indarkeria amai dadin.
JOSE BLANCO
Espainiako Gobernuko bozeramailea
«Gobernuak errespetu osoa die erabaki judizialei. Ez dugu balorazio politikorik egingo»
Bateragune auziko epaiaren inguruan ez du baloraziorik egin nahi izan Espainiako Gobernuak. Jose Blancobozeramaileari galdetu diotenean, errespetua agertu dio epaiari: «Gobernuak errespetu osoa die erabaki judizialei. Otegi jaunarentzat ondorioak dituztenei ere. Ez dugu balorazio politikorik egingo». Dena den, auzi hori eta beste batzuk —Bildu eta Sortu— ez nahasteko eskatu du.
PATXI LOPEZ
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
«Frustazioa sortu du euskal gizartearen arlo batzuetan»
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du «errespetatu eta onartu» egiten duela Bateragune auziko epaia, baina ohartarazi du «jakitun» dela erabakiak «euskal gizarteko arlo batzuetan ezustea sortu duela eta, are gehiago, frustrazioa eragin» duela, «bizi garen garaian» etorri baita zigorra. «Euskal gizartearen gehiengo handi batek pentsatzen du terrorismoaren eta indarkeriaren aroa bukatzen ari garela, eta uste dut egoera hau ez duela ulertzen», esan du Jaurlaritzako lehendakariak.
MARTIN GARITANO
Gipuzkoako ahaldun nagusia
«Ez genuen horrelako epairik espero. Bake prozesua oztopatzeko ahalegin bat da»
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia «atsekabetuta eta suminduta» agertu da epaiarekin: «Ez genuen horrelako epairik espero, eta ez dugu ulertzen». Garitanok Espainiako Gobernuari esan dio epaia ez doala normalizazio politikoaren norabidean. «Bake prozesua oztopatzeko ahalegin bat da eta norbaitek azalpenak eman beharko ditu».
JUAN KARLOS IZAGIRRE
Donostiako alkatea
«Zigortutakoek bakearen alde lan egin dute»
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak elkartasuna agertu die zigortutakoei, eta atsekabea agertu du epaiarekin. Otegi, Diez, Zabaleta, Rodriguez eta Jacintok bakearen eta normalizazio politikoaren alde lan egin dutela nabarmendu du Donostiako alkateak, eta gogoratu du zigortutakoek epaiketan egindako deklarazioek agerian utzi dutela beste egoera politiko bat lortzeko eskua luzatu dutela.
LAB
«Prozesu politikoaren aurkako eraso zuzena da»
LABek elkartasunik beroena helarazi die Rafa Diez sindikatuko idazkari nagusi ohiari eta kartzela zigorra jaso duten gainontzeko auzipetuei. «Euskal Herrian orain dugun momentu honen alde egindako apustua eta lana kontuan izanda, ezarri dieten zigorra ezin larriagoa da». Sindikatuaren ustez, «Euskal Herrian irekitako prozesu politikoaren aurkako eraso zuzena da epaia». LABen iritziz, agerian geratu da egungo abaguneari «heldutasunez» aurre egiteko Espainiako Estatuak duen «arduragabekeria politikoa».
UNAI SORDO
Euskadiko CCOOko idazkari nagusia
«Otegik eta Diezek ezker abertzalearen estrategia aldaketa bideratu zuten»
Unai Sordo CCOO sindikatuko idazkari nagusiak nabarmendu du Otegi eta Diezek ezker abetzalearen estrategia aldaketa bideratu zutela. Sordok uste du epaiak eragin politiko garrantzitsua duela eta «atzera bueltarik» ez duen prozesu baten aurrean gaudela. Halaber, esan du CCOO Euskal Herrian izan den indarkeria politikoa bukatzeko aurrerapausoak ematearen alde dagoela.
JOXEAN AGIRRE
Eleak mugimenduko bozeramailea
«Ezker abertzalea estutu nahi dute epaiaren bidez»
«Ezker abertzalea estutu nahi dute epaiaren bidez», Eleak mugimenduaren ustez, «haren lan politikoa zailtzeko». «Ziklo berri batean gaude, eta sententzia hori ulergaitza da», ohartarazi du. «Euskal gizartean gehienek ez dute ulertuko. Epaia arduragabekeria handia da bai politika aldetik, bai zuzenbidearen aldetik». Hala ere, «norabide onean urratsak egiten jarraitzeko» deia egin dio ezker abertzaleari.
LOKARRI
«Bidegabea da epaia, nabarmen, eta ez du merezi errespetua izatea»
Epaia «bidegabea» dela salatu du Lokarrik, nabarmena dela, eta zigortzeko erabilitako argudioa ere «asaldagarria» dela: «Auzitegiak baieztatzen du zigortutako pertsonak ETAko buru eta kide direla. Zigortutako pertsonek era argi eta irmoan errefusatu dute indarkeria. Beraz, ez dauka zentzurik ETAkoak direla esateak». Esan du Botere Judiziala gidatu behar duten printzipioetatik «guztiz urruti» dagoela eta, beraz, epaiak ez duela merezi «onartua edo errespetua izatea».
AUTONOMIA ERAIKI
«Indarrak bil ditzagunbi estatuei fermuki aurre egiteko»
«Fermuki» salatu ditu zigorrak Autonomia Eraikik. «Euskal Herria bide berriak urratzen ari da eta herritar gehienek aterabide politikoa nahi dute, baina bi estatuek errepresio erantzunik baizik ez dute», esan du, eta, hortaz, «irekitzen hasi garen bidetik» segituko duela Euskal Herria onartu arte: «Indarrak bil ditzagun bi estatuei fermuki aurre egiteko».
ESAIT
«Lotsagarria da, normalizazio politikoa lortzeko lana egiteagatik zigortu baitituzte»
«Guztiz lotsagarria eta kezkagarria» da epaia, ESAITen ustez, «Euskal Herriaren normalizazio politikoa lortzeko bidean herri honen alde lan egiteagatik» jarri dituztelako zigorrak. Otegi, Diez, Jacinto eta Zabaletari elkartasuna adierazi, eta horiek berehala askatzeko eskatu du.
LIZARGORRI
«Amnesty Internationalidei egiten diogu kontzientzia preso gisa onar ditzan bostak»
«Bidegabekeria hau eta bake prozesuari egindako eraso hau» gogor salatu du Lizargorrik. Espainiako Auzitegi Nazionalak «gerra auzitegia» dela frogatu duela esan du, eta bost zigortuak «kontzientzia preso» bihurtu dituela. Hartara, Amnesty Internationali eta Euskal Herriko eragile sozial eta politiko guztiei bostak «kontzientzia preso gisa onar ditzaten» eskatu die.
ODON ELORZA
Donostiako alkate ohia
«Zentzugabea da epaia; txundituta utzi naute epaiaren gogortasunak eta argudioek»
«Erabat zentzugabea» iruditu zaio epaia Elorzari, eta «independentista erradikalen gezurrezko biktimismoak» pitz ditzakeela iruditu zaio. Edozein modutan, erabakia «errespetatu» arren, sententziaren «gogortasunak eta argudioek» txundituta utzi dute.
KEVIN MORRISON
Belfasteko Elkartasun Batzordea
«Nazioarteak estu hartu beharko luke Espainia»
Euskal Herriaren aldeko Belfasteko Elkartasun Batzordearentzat «erabaki okerra» da epaia. Kevin Morrison eledunak azaldu duenez, «euskal herritarrek bake prozesu bat bideratzeko aldebakarreko urratsak egin dituzten bitartean, espainiar agintariek beste behin bizkar eman diote bakerako aukera honi». «Nazioarteak estu hartu beharko luke orain Espainia; EBn dagoen estatu batek ezin ditu alderdi politikoak legez kanpo jarri eta hautetsiak giltzapetu», gaineratu du.