Martin Barriuso. Pannagheko burua

«Epaiak legez kanpoko droga trafikoa sustatzen du»

Espainiako Auzitegi Gorenaren zigorrak ez du harritu Barriuso: «Bagenekien ez zeudela kalamu elkarteak legeztatzeko prest». Konstituzionalera jotzeko asmoa agertu du.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2016ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Duela bost urteko azaroan atxilotu zuten Martin Barriuso (Bilbo, 1965), Pannagh elkarteko beste kide batzuekin batera. Droga trafikoarekin lotuta, osasun publikoaren aurkako delitua egotzi zieten. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak absolbitu egin zituen iazko martxoan. Espainiako Auzitegi Gorenak, ostera, zigortu egin berri ditu. Barriusok eta elkarteko idazkariak jaso dute zigorrik handiena: urtebete eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra eta 250.000 euroko isuna.

Absoluzioa jaso ostean, espero zenuten Espainiako Auzitegi Gorenak zigortzea?

Jakin ez genekien zer gertatuko zen, baina epaia ez da ustekabea izan. Zergatik? Erabaki politikoa izan delako erabat. Bagenekien Auzitegi Gorena ez dagoela kalamu elkarteak legeztatzeko prest. Alde batetik, ulergarria da: gure epaian eta aurrekoetan esaten dute eurak ez direla legegileak; legeak egitea beste batzuei dagokiela. Baina, era berean, haien aldetik malgutasun apur bat espero zitekeen. Absoluzioa espero genezakeen, debeku akatsa delakoagatik. Guk aurrekari positiboak geneuzkan, birritan itzuli zigutelako kendutako marihuana, kasua artxibatu ondoren. Bi kasuetan lurralde auzitegiak izan ziren artxibatu zutenak; Bizkaikoa eta Arabakoa. Hori gertatuta, edozein pertsonak pentsatuko luke egiten genuena ez dela delitua.

Salatu duzuenez, aurretik egon diren antzeko epaietan eta zuenean testua antzekoa da.

Ez da antzekoa; orrialde osoak kopiak dira. Ezberdintasunak oso txikiak dira. Gure epaian egiten diren baieztapenak eta aipatzen diren datuak ez datoz bat gure elkartearen errealitatearekin. Adibidez, esaten dute gure estatutuak era nahasi eta maltzurrean idatzi genituela, jurisprudentzia nahi genuen bezala aipatuta. Baina gure estatutuetan ez da halakorik aipatzen. Bai, ordea, aurretik epaitu dituzten beste elkarteen estatutuetan. Horrek esan nahi du gure epaiari dagozkion oinarri juridikoak beste kasu batzuetatik hartu dituztela, eta oinarri horrek errealitatearekin bat egiten ez duenean, berdin dio.

Epai honek nola utzi du elkartea?

Lau urte baino gehiago daramatza itxita. Elkartearen egoera bitxia da, ez dutelako inoiz inputatu. [Espainiako] Zigor Kodearen azken erreformarekin, posible da pertsona juridikoak inputatzea. Hau da, elkartea egilea bada edo inplikatuta badago, laguntzaile moduan adibidez, inputatu dezakete. Ez zuten inputatu, baina elkartearen kontrako neurri pila bat hartu zituzten. Kontu korrontean zegoen dirua hartu dute. Elkartea existitzen da, ez dago inputatuta, eta etorkizunean bere erantzukizunei erantzun beharko die. Oraintxe, zorra dugu foru ogasunarekin, gizarte segurantzarekin, gure lokalaren jabearekin eta elkarteko ekoizleekin. Zer gertatuko da? Elkarteak aurrera jarraitu ahal izango duela, legezkoa delako. Ezingo ditu lehengo jarduerak egin, bai beste batzuk. Baina zor bat geratuko zaio aurretiaz inolako deliturik egin gabe.

Elkarteko kide batzuk erabiltzaile terapeutikoak dira. Zer gertatu da haiekin?

Elkartea itxi zenean migrazio handia egon zen. Kide asko beste elkarte batzuetara igaro ziren; beste batzuk kalean geratu ziren, eta merkatu beltzean hornitu dira. Une honetan estatuak elkarteen aurka duen oldarraldiarekin, elkarte barik geratuko dira, eta marihuana lortzeko modu bakarra merkatu beltza izango da. Lau urteotan, bazkide horietako asko hil egin dira, eritasun larriak zeuzkatelako. Gehienekin harremana galdu dugu, eta kostako da elkartea berriro zutik jartzea.

Legezko bidetik aukerarik geratzen al zaizue?

Lehenengo eta behin, intzidente bat aurkeztuko dugu Auzitegi Gorenean bertan, eta, horrek ez balu aurrera egingo —ez dugu esperantza handirik—, Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea aurkeztuko genuke. Konstituzionalak arrazoirik emango ez baligu, indultua eskatuko genuke eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira joko genuke. Horretan esperantza handiagoa dugu. Izan ere, ez du onartzen pertsona bat epaiketa batean absolbitzea eta gero beste epaiketarik egin gabe beste epaitegi batek zigortzea. Haren ustez, ez du legezkoa izan behar, baina Espainiak ez du errespetatzen. Arazoa da urteak eta dirua behar direla Estrasburgora jotzeko.

Ez duzue kartzelara sartu beharko, baina aurrekariak izango dituzue aurrerantzean. Eta zigor ekonomikoa itzela da.

Idazkariak eta nik etxea galduko dugu, eta kaudimengabeak izango gara betiko. Ironikoena da epaian argi eta garbi geratzen dela ez garela aberasten saiatu ere egin. Elkarteak biltzen zuen dirua bere helburuetarako zen, eta ez zen etekin ekonomikorik egoten. Hala ere, zigortu egin gaituzte, eta esan dute irabazi asmoa ez dela erabakigarria trafikatzailetzat jotzeko. Musu truk banatuta ere, trafikatzailea zarela diote. Horregatik, epaiaren mezu inplizitua da gu tontoak garela: dirua irabazi behar zenuten, eta, hala, epaia etortzerakoan dirua edukiko zenukete isuna ordaintzeko. Nire ustez, gure aurkako epai horretan legez kontrako droga trafikoa sustatzen da. Aberasteko asmorik ez daukan jendea Medellineko kartelekoa balitz bezala zigortzen baduzu, azkenean benetako mafiosoak animatzen ari zara. Egoera oso konplikatua da. Ez dugu baztertzen diru bilketaren bat antolatzea. Jende askok esan digu laguntzeko prest dagoela. Guk ez dugu amorerik emango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.