Altsasuko auzia

Epaian akatsa dagoelako, Abaden zigorra 13tik 10 urtera jaitsi du Auzitegi Nazionalak

Altsasuko auziko epaian hainbat akats daude, eta haiek zuzentzeko autoa kaleratu du auzitegiak.

Larunbatean manifestazioa egin zuten Iruñean zigortuak aske uzteko eskatuz. JON URBE, FOKU
Oihana Elduaien Uranga.
2018ko ekainaren 20a
07:23
Entzun

Efe berri agentziak zabaldu du berria. Haren arabera, Altsasuko auziko epaian Iñaki Abadi 13 urteko zigorra jarri ziotenean akatsa egin zuten, eta 10 urtekoa behar du. Hiru zigor jarri zizkioten "lesioak" egiteagatik, eta haietako bakoitzagatik bi urteko espetxea. Batuketa egiterakoan, baina, bakoitzagatik hiru urtekoa kontatu zuten, eta, horregaitik, behar baino hiru urte gehiagoko zigorra atera zitzaien. Auto berriaren arabera, sei urteko zigorra izango du lesioengatik, eta "atentatua" egotzita jarritako laurei gehituta, denera, hamar urteko zigorra izango du.

Defentsak egindako eskaeraren ondorioz egin du zuzenketa auzitegiak, eta ez da hori egin duen zuzenketa bakarra. Akats gehiago ere baditu epaiak, nahiz eta espetxe zigorretan ez duen eraginik. Aurrekarietan gaizki agertzen da fiskalak Abadentzat eskatutako zigorra, zaharrean lesioengatik eskatutakoa baino zigor bat gehiago eskatu zuela jartzen baitzuen. Akusazio partikularraren esan batzuk ere gaizki jasota daudela onartzen du, eta zuzendu egin ditu.

Manifestazio handia egin zuten larunbatean Iruñean, preso dauden altsasuarrak aske uzteko eskatzeko. Eta, zigorra salatzeaz gain, gogor kritikatu dute fiskalaren eskaera, zigorrak gogortzeko eskatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.