Epaiaren zain geratu da Rebeca Huaytaren hilketaren epaiketa

Haren bikotekidea da akusatua: emakumea hil izana aitortu du. Delituaren kalifikazioa aldatu du defentsak: hilketa izan zela onartu, eta hamahiru urteko kartzela zigorra eskatu du; 28 urtekoa galdegin dute fiskalak eta akusazioek.

Astelehenean hasi zen Huaytaren hilketaren inguruko epaiketa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Astelehenean hasi zen Huaytaren hilketaren inguruko epaiketa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2024ko apirilaren 11
15:22
Entzun

Rebeca Huaytarena hilketa izan zen, eta ez giza hilketa bat. Fiskalarekin eta akusazioekin bat egin, eta delituaren kalifikazioa aldatu du gaur defentsak, epaiketaren azken saioan. Akusatua ankerkeriaz aritu zela onartu du, baita aurrez emakumeari tratu txarrak eragin zizkiola ere; beraz, zigor eskaera moldatu du: zortzi urteko kartzela zigorra galdegin zuen epaiketaren hasieran, eta hamalau urtekoa galdegin du orain, hainbat aringarri kontuan hartuta. Fiskalak eta akusazioek, berriz, eutsi egin diote hasierako eskaerari: 28 urte —25, hilketagatik, eta hiru, ohiko tratu txarrengatik—. Bizkaiko Probintzia Auzitegian, epaiaren zain geratu da epaiketa: bihar hasiko dira herri epaimahaiko bederatzi kideak auzia aztertzen.

Epaiketaren lehen egunean akusatuak onartu zuen moduan, Bilboko San Frantzisko auzoan hil zuen Rebeca Huayta, 2022ko abenduaren 28ko goizaldean, biktimak lantoki zuen tabernan. 45 urte zituen emakumeak, eta 44 gizonak; biak ziren Boliviakoak jatorriz. Bikote harremana zuten, eta elkarrekin bizi ziren. Fiskaltzaren eta akusazioen txostenen arabera, «menderatze eta kontrol erlazio bat» zen, eta andreak moztu nahi izan zuenean hil zuen akusatuak; epaiketan zehar hainbat lekukok azaldu dute biktimak hainbat eraso jasan zituela, eta «izua» ziola gizonari.

Hilketaren egiletzari buruzko zalantzarik ez da izan epaiketan, baina bai delitu moldeari buruz. Fiskalaren, akusazio partikularraren —familia— eta herri akusazioen —Bilboko Udala eta Clara Campoamor elkartea— ustez, hilketa bat izan zen, akusatua azpikeriaz eta ankerkeriaz aritu zelako; hau da, biktimak ez zuelako bere burua defendatzeko ia aukerarik izan, eta gizonak «beharrezkoa ez zen sufrimendua» eragin ziolako. Defentsak, ordea, giza hilketatzat hartu zuen hasieran.

Epaiketan deklaratu duten perituek, ordea, argi utzi dute krudelkeriaz jardun zuela gizonak: emakumea lurrera bota zuen, kolpeak eta ukabilkadak eman zizkion; aizto batez sastakatu zuen buruan, lepoan eta sabelaldean, eta kristalezko objektu apurtu batekin eraso zion aurpegian; eta eskuekin itotzen ere saiatu zen. Forentseek «hamazortzi zauri larri» atzeman zituzten gorpuan, baita zauri arinagoak eta ubelduak ere. Ordubete baino gehiago iraun zuen erasoak, eta odolustuta hil zen emakumea. Horiek ikusita, ankerkeria izan zela onartu du defentsak, eta delituaren kalifikazioa eta zigor eskaera aldatu ditu.

Aringarrien arabera

Orain, aringarrien araberakoa izango da zigorra. Batetik, defentsak aitorpenaren aringarria eskatu du, akusatuak «zalantzarik agertu gabe» eta «bere kabuz» aitortu zuelakoan egindakoa; baina lekuko batek azaldu du gizonak deitu egin ziola, «taberna garbitzen laguntzeko» eskatu ziola, eta hark erantzun ziola Poliziari abisatuko ziola. Bestetik, biktimaren familiari dirua emanez «mina konpontzeagatik» ere zigorra txikitzea galdegin du abokatuak. Eta, azkenik, alkohol kontsumoaren eta «haserrealdiaren» aringarria ere aipatu du defentsak. Akusatuak adierazi du alkoholikoa dela aspalditik, baina lekukoek eta perituek ez dute halakorik argitu. «Mozkor ez zegoenean ere asko kontrolatzen zuen Rebeca, oso jeloskorra zen», deklaratu du biktimarekin bizi zen emakume batek.

Bestalde, akusatua kartzelan artatu duen psikologoak adierazi du gizonak oraindik «bide luzea» duela egiteko genero indarkeriaren eremuan kontzientzia hartzeko. Izan ere, aurreko bikotekideari tratu txarrak emateagatik zigortua dago, eta Rebeca Huaytaren aurkako erasoengatik beste bi auzibide ditu martxan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.