28 urteko zigorra eskatu dute Rebeca Huayta hil zuen gizonarentzat

2022ko abenduan izan zen hilketa, Bilboko taberna batean. Emakumea labana sartuz eta kolpeka hil izana aitortu du akusatuak bere aurkako epaiketaren lehen saioan, baina hainbat aringarri eskatu ditu. Lekukoek adierazi dute aurrez ere eraso egin ziola.

ESPAÑA VIOLENCIA MACHISTA
Akusatua, eskuinean, haren aurkako epaiketaren lehen saioan. Luis Tejido / EFE
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko apirilaren 8a
18:36
Entzun

2022ko abenduan Rebeca Huayta hil zuen gizonaren aurkako epaiketa hasi da gaur Bilbon, Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Zalantza gutxi ebatzi beharko ditu herri epaimahaiak, dena den; izan ere, akusatuak onartu egin du emakumea hil zuela eta aurrez ere eraso egin ziola. Hala, 28 urteko kartzela zigorra eskatu dute harentzat fiskalak, akusazio partikularrak (familiak) eta herri akusazioek (Bilboko Udalak eta Clara Campoamor elkarteak): 25 urte hilketagatik, akusatua azpikeriaz eta ankerkeriaz aritu zelakoan, eta hiru urte ohiko tratu txarrengatik. Defentsak, ordea, zortzi urtera jaitsi du zigor eskaera, delitua giza hilketatzat hartuta, eta hainbat aringarri aipatuta: gizonak egindakoa aitortu izana, alkohola kontsumitzearen ondoriozko «haserrealdi» batean jardun izana eta biktimaren familiari dirua emanez «mina konpondu» izana.

Bilboko San Frantzisko auzoan hil zuen akusatuak Rebeca Huayta, abenduaren 28ko goizaldean, biktimak lantoki zuen tabernan. 45 urte zituen emakumeak, eta 44 gizonak; biak ziren Boliviakoak jatorriz. Bikote harremana zuten, eta elkarrekin bizi ziren. Fiskaltzaren eta akusazioen txostenen arabera, «menderatze eta kontrol erlazio bat» zen, eta andreak moztu nahi izan zuenean hil zuen akusatuak. «Kontuan hartzekoa da genero inguruabarra: emakume izateagatik eta desberdintasun egoeran egoteagatik hil zuen; Rebeca jasaten ari zen bortizkeriaren azken maila izan zen», nabarmendu du fiskalak.

Latza da hiltzean Huaytari eragindako zaurien zerrenda: lehenik, lurrera bota zuen, eta kolpeak eman zizkion; gero, aizto batez sastakatu zuen buruan, lepoan, sabelean eta hanketan; ondoren, kristalezko objektu batekin eraso zion aurpegian, eta itotzen ere saiatu zen. Ordubete baino gehiago iraun zuen erasoak, eta odolustuta hil zen emakumea. Horregatik uste dute fiskalak eta akusazioek hilketa bat izan zela, eta ez giza hilketa bat: hiltzaileari egotzi diote azpikeriaz jokatzea, biktimak ez zuelako bere burua defendatzeko ia aukerarik izan, eta ankerkeriaz, «beharrezkoa ez zen sufrimendua» eragin ziolako emakumeari. «Hiltzen utzi, eta tabernatik alde egin zuen, ezer gertatu izan ez balitz bezala», laburtu dute Bilboko Udalaren txostenean.

Aringarrien inguruko eztabaida

Hortik aurrera, xehetasunen inguruko frogen arabera ebatziko dute aringarriez. Defentsak dio akusatuak aitortu egin zuela egindakoa, «zalantzarik agertu gabe»: Poliziari deitu ziola, tabernan bertan itxaron ziela udaltzainei eta ez zuela zailtasunik jarri ikerketan. Akusazioen arabera, ordea, erasoaren ostean tabernatik alde egin zuen —tabernako kameraren irudietan hala ageri da— eta lagun bati deitu zion tokia garbitzen lagundu ziezaion; lagun hark ezetz erantzun eta gero deitu zion Poliziari, eta ez bere kabuz. Halaber, mina konpontzearen aringarria galdegin du defentsak, akusatuak eta haren sendiak ordainketa batzuk egin dizkiotelako biktimaren familiari; biktimaren alabak adierazi du «asteburuan» jaso duela gizonaren senideen dirua.

Defentsak eskatu du hainbat aringarri aintzat hartzeko: egindakoa aitortu izana, alkoholaren mende jardun izana eta kalte ordainen bidez «mina konpondu» izana.

Horrez gain, defentsak argudiatu du akusatua alkoholikoa dela, eta gizonak berak berretsi du oso gazte hasi zela edaten eta «arazo handia» duela. Hilketaren egunean, gainera, alkohola ez ezik kokaina ere hartu zuela esan du, «erritu bat» egin zutelako tabernan. Horren ondorioz, «egoeraren kontrola galdu» zuela uste du haren abokatuak, eta «haserrealdi batean» eraso ziola andreari; horregatik eskatu du droga menpekotasunaren aringarria. Hala, akusatuak deklaratu du ez dela erasoaz gogoratzen: «Ez dakit zer gertatu zitzaidan; hurrengo oroitzapena polizia etxean daukat». Deklarazioaren amaieran, hitza eskatu du, egindakoa berriz onartzeko eta barkamena eskatzeko: «Egunero damutzen naiz. Egingo edo esango dudanak ez du ezer aldatuko, baina barkamena eskatzen diot familiari».

Ildo horretan, akusatuaren izaeraz mintzatu dira akusazioak. Fiskalak adierazi du gizonak aldatu egin duela bertsioa, eta hasierako deklarazioan xehetasun gehiago zituela gogoan. Akusazio partikularrak ere zalantzan jarri du gizonaren sinesgarritasuna: «Gezurretan aritu da behin baino gehiagotan, eta epaiketan ere gezurra esateko eskubidea dauka». Eta haren aurrekariak ere mahai gainean ezarri ditu: «Tratu txarren emailea da, seriekoa; emakumeak azpiratzeko harremanak bilatzen zituen».

Bortxa, kontrola eta izua

Lehen lekukoen txandan, harremanaren ezaugarriei eta bortizkeriari heldu diote akusazioek. Gogora ekarri dute akusatuak beste bi auzibide dituela martxan Rebeca Huaytaren aurkako erasoengatik. Eta bikotearekin bizi zen emakume batek azaldu du «hainbatetan» izan zela indarkeria horren lekuko: «Ez nuen inoiz ikusi gizona Rebeca jotzen, baina entzun nuen Rebeca negarrez, oihuka eskatzen ez jotzeko, eta entzun nituen kolpeak. Logelatik negarrez ateratzen zen, ubelduta, sudurrean kolpeak zituela. Gero ez zen ausartzen salatzera, beldur handia zion, izua».

Bortizkeria fisikoa gizonaren edanarekin lotu du, baina ez indarkeria psikologikoa: «Mozkor ez zegoenean ere asko kontrolatzen zuen: oso jeloskorra zen». Lan egitea ere debekatu zion gizonak, lagunaren hitzetan: «Rebecak adineko emakume bat zaintzen zuen hasieran, eta pozik zegoen, baina gizonak ez zuen nahi han lan egin zezan. Ondoren, hilabete egon zen etxetik atera gabe, hark ez ziolako uzten».

Bikotearekin bizi zen emakumearen arabera, akusatuak «mozkor ez zegoenean ere asko kontrolatzen zuen» biktima, eta zaintzan lan egitea ere debekatu zion.

Huaytak Bolivian zeukan familiarengandik aldentzea ere leporatu diote akusazioek, besteak beste sakelako telefonoa kenduz, deiak kontrolatuz... Biktimaren alabak bideo dei bidez adierazi du dirua bidaltzea ere eragozten ziola amairi. Oro har, harremanari eta bortxari buruzko informazio gutxi jaso zuen, baina izan zuen eraso baten berri, hilketa baino hiru aste lehenago gertatua: «Kontatu zidan gizonak eskaileretan behera bota zuela, eta ospitalera bidali. Esan zidan harengandik urrunduko zela, taberna utziko zuela. Gerora, dena gertatu zenean, amaren ingurukoek dena kontatu zidaten. Gauza gehiegi jasan zituen amak...».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.