Politika

Epaiaren zain geratu dira Maroto eta Alonso 'San Antonio auzian'

Alokairu kontratu bat dela-eta, diru publikoan kalterik eragin ote zuten ikertu du Kontu Auzitegiak. Fiskaltzak ez du eskaerarik aurkeztu.

Hodei Iruretagoiena - Gorka Berasategi
2016ko apirilaren 11
07:49
Entzun

Espainiako Osasun ministro Alfonso Alonso —jardunean da— eta PPko Ekintza Sektorialeko idazkariorde Javier Maroto gaur epaituko ditu Espainiako Kontu Auzitegiak. Alonso Gasteizko alkate zen garaian —Ogasun zinegotzi zen Maroto— sinatutako kontratu batzuetan du jatorria auziak. 2007an, Gasteizko San Antonio kaleko lokal bat alokatu zion udalak Gonzalo Anton enpresaburuari, 7,6 milioi eurotan, 20 urterako; Antonek 2,7 milioi eurotan erosi zuen lokal hura, urtebete lehenago. Han udal bulegoak jartzea zen asmoa, baina ez zuten gauzatu bi urte pasatu arte.

Epaiketan, defentsako abokatuek ukatu egin dute ireregulartasunik egon zenik, eta auzia preskribatzeko arrazoiak egon daitezkeela adierazi dute. Akusazioek, besteak beste, nabarmendu dute teknikariek gomendatutakoa baino alokairu garestiagoa ordaindu zutela. Orain, auzitegiak erabaki beharko du kontratu harekin diru publikoari kalterik eragin ote zioten udal arduradunek.

Otsailaren 15ean, epaiketaren aurreko auzi saioa egin zuten Madrilen, eta han jakinarazi zuten epaiketarako eguna. Saio berean, fiskaltzak iragarri zuen ez duela eskaerarik aurkeztuko. Hala ere, aurrera jarraitu du prozesuak, gainerako aldeek berretsi egin dutelako auzian parte izateko asmoa —Gasteizko Udala, EAJ eta PSE-EE daude pertsonatuta—.

Alonsok eta Marotok ez dute epaitegira joan beharrik izan, akusazio partikularrak -Gasteizko Udalak, EAJk eta PSEk- ez baitiete horretara behartu. Argazki deserosoa saihestu dute, beraz, PPko bi goi agintariek eta gainontzeko bederatzi auziperatuek.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak justizia eta ardurak argitzea eskatu du gaur goizean. Urtaranen esanetan, interes orokorraren kontrako neurria hartu zuen Alonsok. “Gasteizen denok dakigu: San Antonio kaleko lokalaren kontratua oso kaltegarria izan da udalarentzako”. 

Ustelkeriaren kontrako Adi elkarteak elkarretaratzea deitu du gaurko, San Antonio kaleko lokalaren aurrean. 19:00etan hasiko da protesta.

Ustezko irregulartasunak

Martxoan ere deitu zituzten deklaratzera Maroto, Alonso eta auzian inplikatutako gainerako arduradunak: PPko zazpi zinegotzi, eta ondorengo legealdietan Ogasuneko arduradun izandako bi pertsona. PPkoak ez ziren agertu. Orduko hartan, ustezko hainbat irregulartasun atzeman zituen Kontu Auzitegiak, eta 496.223 euroko bermea ezarri zien PPko bederatzi kideei. Izan ere, auzitegiaren arabera, udalak berez ordaindu behar zuena baino milioi erdi euro gehiago pagatu zituen. Teknikariek egindako txostenak aintzat hartu ez izana ere leporatu zieten Marotori eta Alonsori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.