'18/98 auzia'

Epaiketa 20 egunez etetea erabaki du Auzitegi Nazionalak, "babes gabezia aztarnarik" izan ez dadin

'18/98 auziko' epaiketa 20 egunez etetea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak, hartara defentsako abokatuek orain arte sekretupean egon diren 75/89 sumarioko diligentziak aztertzeko beta izan dezaten, eta "babesgabetasun aztarnarik" izan ez dadin. Nolanahi ere, ehun mila folio baino gehiago dira 20 egunetan aztertzeko. Joan den asteleheneko saioan planto egin zion defentsak epaimahaiari, beren egitekoa ezin zutela behar besteko bermez bete-eta. Plantoaren berri izatean, datorren astelehena arte eten zuen epaiketa epaimahaiak. Gaur kaleratu duen autoan, berriz, hilaren 30 arte eten duela jakinarazi du.

2006ko urtarrilaren 12a
20:02
Entzun
Iragan asteleheneko auzi saioa defentsako abokatuen kexuarekin hasi zen: orain arte sekretupean egon diren 75/89 diligentziak behar bezala eskuratzeko parada izan ez dutelako kexa agertu zuen lehen unetik Arantza Zulueta abokatuak.

Egoera irregularrak behin eta berriz errepikatu ziren, eta babes gabezia egoera horren aurrean, EAEko Abokatuen Kolegioko presidente eta Bizkaiko eta Gipuzkoako abokatuen dekanoei babesa eskatu zietendefentsako abokatuek. Eskatutakoa baino babes zabalagoa ere lortu zuten, Arabakoak ere bat egin baitzuen haiekin. Hori gutxi balitz, EAEko Abokatuen Kolegioak elkarrizketatzeko eskaera igorri zien epaimahaiko presidente Angela Murillori eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. Salako presidente Carlos Divarri, epaiketan jasaten ari diren irregulartasunen inguruan mintzatu eta soluzioak bilatzeko. EAEko abokatuen burua bihar batzartuko da Divarrekin.

Era berean, arazo horiei irtenbideak eman arte ez zirela epaiketara itzuliko jakinarazi zion defentsak epaimahaiari. Hori dela eta, datorren astelehena arte epaiketa etetea erabaki zuen Angela Murillo epaimahaiko presidenteak. Gaur, berriz, etetea hilaren 30 arte luzatzen duen autoa plazaratu du.

Babes gabezia salatzeko defentsak emandako arrazoi nagusietako bat orain arte sekretupean 75/89 sumarioko diligentziak behar bezala jasotzeko eta aztertzeko ezintasuna da. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak dozenaka euskal herritarren aurka azken hamasei urteotan bildu izan duen dokumentazioa jasotzen dute diligentzia horiek, tartean18/98ko auzipetu zenbaiten aurkako akusazioak, eta sumarioari atxikituta daude. Ehun mila orri baino gehiago dira, eta abokatuei bost egun baino ez zitzaizkien eman hori aztertzeko. Lan hori, gainera, nekez egin ahal izan dute: bostehun folio falta zirela, 104 kutxetan banatutako txostenak «nahastuta» zeudela, edota orriak «kontrol eta ordenarik gabe» zeudela ohartarazi zion Zuluetak epaimahaiari. Fiskalak eta AVTko abokatuak, ordea, hasieratik ezagutu dutela informazio hori gaitzetsi zuen abokatuak.Hori horrela, «defentsa eskubidearen urraketa eta epaiketa berme juridiko guztiekin» egitea ezinezkoa zela esan eta epaiketa bertan behera uzteko galdegin zuen Zuluetak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.