11/13 makroepaiketa

Epaiketa etorkizunerako ate bihurtzera deitu dute auzipetuek

Bakearen eta elkarbizitzaren aldeko mezu bat zabaldu dute manifestazioaren amaieran, eta aurreratu dute jarrera horrekin joango direla Madrilera, astelehenean hasiko den epaiketara. Manifestazio jendetsua izan da. Hamarnaka milaka pertsonak osatu dute Bilboko Autonomia kalea bete duen elkartasun uholdea.

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko irailaren 14a
07:51
Entzun

"Herri honek aurrera begiratu nahi du, eta gu horren parte sentitzen gara", adierazi du Ibon Meñikak, 11/13 makroepaiketan auzipetutako 47 lagunen izenean. Meñikak salatu du euskal presoen eskubideen alde aritu direnen kontrako auziak "iraganera katramilatu" nahi duela euskal gizartea, eta epaiketa "lekuz eta denboraz kanpo" dagoela. Etxerat-en, Jaiki Hadi-n, Herrira-n eta presoen abokatu edo bitartekari lanetan aritzea egozten diete, eta orotara 601 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak. Euskal gizarteak "injustizia eta sufrimendu" oro gainditzeko borondate argia du, Meñikaren esanetan, eta auzipetuek ere "bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua" egingo dute. Meñikak iragarri du apustu hori eramango dutela astelehenean Madrilera, Espainiako Auzitegi Nazionalera, 47 auzipetuen kontrako epaiketa hasten denean.

Meñika "pozik" agertu da gizartearen "zati zabal batek" babestu dituelako azken hilabeteetan. Gaur ere sentitu dute herritarren beroa. Dozenaka milaka lagunek elkartasun olatu batean eraman dituzte Bilboko Casillatik hiriko udaletxera, txalo eta oihu artean. Manifestazioak erabat bete du Autonomia kalea, eta burua udaletxera iritsi denean manifestazioaren atzealdea Zabalburu plazan zegoen oraindik. "Euskal presoak etxera", "epaiketarik ez" eta "elkartasuna ez da delitua" oihuak entzun dira. Buruan, hainbat gizarte arlotako pertsona ezagunek eraman dute Giza Eskubideak. Askatasuna. Etorkizuna leloa zuen pankarta, tartean Mario Zubiaga, Jesus Perez de Viñaspre, Aitor Merino, Amaia Goirigolzarri, Garbiñe Ubeda eta Jon Maia. Azken horrek idatzi duen manifestua irakurri dute bukaeran Amaia Zufiak eta Ana Mezok.

Meñikak adierazitakoaren bidetik, epaiketa etorkizuna eraikitzeko baliatzera deitu dute manifestuan. "Bihur dezagun iraganera eraman nahi gaituen epaiketa hau etorkizunerako ate. Irten bidera. Askatu dezagun etorkizuna". Deitzaileek ziurtatu dute euskal gizarteak "aurrera" egin nahi duela, eta "etorkizunari behar bezala ekiteko", iraganeko "zauriak ixtea eta korapiloak askatzea" ezinbestekoa dela. "Ez gaude prest atzera eraman nahi gaituen egoerarik onartzeko. Elkarbizitza, bakea eta justizia jendarte hobe baterako altxor preziatuak dira, baita gurean ere".

Etorkizun berri hori "elkarrizketaren bidez eta eskubide ororen errespetuan oinarrituta" eraiki behar da, auzipetuen iritziz. Horregatik, 11/13 makroepaiketaren eragina 47 auzipetuen egoera petsonaletik harago doala ohartarazi dute. "Hau sinatu dugunok ez gara epaituak izango diren 47 lagun horiengatik soilik ari. Euskal Herrian bizi garen norbanako, eragile eta erakunde guztiok osatzen dugun euskal jendarte zabal eta anitzak hartutako bidean aurrera egiten jarraitu dezan ari gara".

Manifestazioaren aurretik, Meñikak nabarmendu du iraganeko korapiloak askatzeko ezinbestekoa dela euskal presoen auziari ere irtenbidea ematea. Adierazi duenez, beharezkoa da "euskal preso politikoen eta erbesteratuen etxeratzea" posible egingo duen agenda bat adostea.

Eragile ugariren babesa

Hainbat indar politikok, sindikatuk eta bestelako eragilek egin dute bat gaurko mobilizazioarekin. Auzipetuei elkartasuna eta babesa adierazi dizkiete manifestazioaren aurretik egin dituzten adierazpenetan.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du 47 auzipetuen kontrako epaiketa ez datorrela bat Euskal Herriak bizi duen aldi politikoarekin. "Zentzugakeria da 47 herritar hauek epaitegira eramatea. Kartzelak husteko garaia da, ez gehiago betetzea". Manifestazioan parte hartu du Ahal Dugu-k ere. Bertan izan dira Andeka Larrea alderdiko komunikazio arduraduna eta Neskutz Rodriguez Durangoko zinegotzia, esaterako.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak salatu du epaiketak "mendekua eta jazarpena" dituela helburu. "Astakeria judizial baten aurrean gaude. Estatuak ez du justizia bilatzen, mendekua eta jazarpena baizik". Igor Arroyo LAB sindikatuko kidearen iritziz, berriz, auziak agerian uzten du Espainiako Estatua ez dela estatu demokratikoa. "Astakeria judizial baten aurrean gaude", adierazi du. Garbiñe Espejo Jairo CCOOko Ekintza Sindikal eta Enpleguko idazkariak babesa adierazi die auzipetuei. "Erantzun solidarioa Bilboko kaleetan, makroprozesu judizial bidegabearen aurka. Giza eskubideak, askatasuna eta etorkizunari begira, CCOO Euskadiko kideak zuekin", idatzi du Twitterren.

Gure Eskuk ere bat egin du makroepaiketaren kontrako manifestazioarekin. Espainiako Estatuaren "atzerakada demokratikoa" salatu du. Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak, berriz, esker ona adierazi die auzipetuei euskal presoen eskubideen alde jarduteagatik. "Sufrimendu guztiak" amaitzeko urratsak ematera deitu du. Arantza Aldezabal Sareko bozeramaileak adierazi du epaiketak ez duela oinarririk. "Epaitua izango den jendea presoen alde aritu da. Ez dugu ulertzen zertara datorren epaiketa hau".

Madrildik ere elkartasun keinuak jaso dituzte 47 auzipetuek. Madrid con los 47 [Madril 47ekin] plataformak babes mezua bidali die. "Gure solidaritate, maitasun eta babes osoa", idatzi dute sare sozialetan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.