'Bateragune auzia'. Manifestazio nazionala

Epaiketa politikoak bertan behera uzteko eskatu dute alderdiek

Ezker abertzaleko, Aralarreko, EAko, Alternatibako eta Ezker Batuko ordezkari ugarik hartu dute parte manifestazioanLopez lehendakariari makroepaiketen amaiera iragartzeko eskatu dio Morenok

Txelui Moreno, Rafa Diez, Amaia Esnal eta Mañel Serra, libre diren Bateragune auziko auzipetuak manifestazioaren amaierako ekitaldia entzuten. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Auzipetutako zortzi politikariei babesa emateko, beste hainbat eta hainbat politikari bertaratu ziren atzo Donostiara. Pertsonalki erakutsi zieten babesa aske dauden Rafa Diez, Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnali. Zortziak absolbitzeko eta epaiketa politikoak bertan behera uzteko eskatu zuten.

Ezker abertzalearen izenean, auzipetuetako batek, Txelui Morenok, hartu zuen hitza. Ondoan zituen Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta alderdiko hainbat kide, Rufi Etxeberria, Arantza Urkaregi, Itziar Aizpurua eta Tasio Erkizia, besteak beste. Eskertu egin zuen Madrilen nahiz Euskal Herrian jasotako babesa. «Aste honetan argi geratu da epaiketa ekimen politikoaren aurka izan dela eta estatuak kriminalizatu egin nahi duela gure estrategia; baina aste honetan argi geratu da, bestalde, haren estrategia ahuldu egiten dela gure estrategia indartzen den bitartean».

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak uda ostean bakerako proposamen bat egingo zuela iragarri zuen herenegun, «Jaurlaritza baketze eta elkarbizitza politiken lehen lerroan jartzeko». Morenok erantzun egin zion: «Ikusmin handiarekin gaude. Uste dugu proposamen horrek gatazka konpontzeko konponbide oso bat bildu behar lukeela». Era berean, eskaera bat egin zion Lopezi. «Egin dezala adierazpen publiko bat militante independentistei arrazoi politikoengatik egiten zaien jazarpena amaitzeko eskatuz; esan dezala makroepaiketak amaitu direla, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaiketak amaitu direla».

Aralar ordezkatuz, berriz, beste auzipetu baten aitak hitz egin zuen, Patxi Zabaletak. «Uste dugu Bateragune gisa izendatu den epaiketa hau epaiketa politikoa dela; demokrazia batean delitu politikorik ezin da izan; horregatik, bertan behera geratu beharko luke». Era berean, zortzi auzipetuen absoluzioa galdegin zuen. Han ziren Jon Abril, Rebeka Ubera eta Ainhoa Beola alderdikideak ere.

Antzera mintzatu zen Juanjo Agirrezabala EAko parlamentaria: «Argi dago epaiketa politiko baten aurrean gaudela eta epaiketa politiko honen bidez maiatzaren 22ko hauteskundeetan euskal herritarren gehiengoak babestu duen jokaleku berria oztopatu nahi dela». Maiorga Ramirez eta Koldo Amezketa ere joan ziren EAtik.

Alternatibako Oskar Matuteren arabera, auzipetuek sasoi politiko eta sozial berria ekartzeko konpromisoa erakutsi dute, elkarrizketa eta indarkeriarik eza ezaugarri dituena. «Epaiketa hau sostengatzeak eta auzipetuei egindako inputazioek ez dute zentzurik», azaldu zuen. Matuterekin batera Jonathan Martinez eta Asier Vega ere joan ziren.

Ezker Batuak ere babestu zuen atzoko manifestazioa. «Sasoi politiko berri batean gaude, eta epaiketa hau iraganekoa da; auzipetutako pertsona hauek absolbitu egin behar dira prozesu politiko bat bultzatu dutelako. Jada ez du zentzurik, anakronikoa da, eta euskal gizarteak ez du onartzen».

Euroaginduen aurkako kamiseta batekin joan zen Mertxe Colina Abertzaleen Batasuneko kidea. «Madrilen egiten ari diren epaiketa nahiz Aurore Martinen euro agindu kasua borroka berdina dira; pertsona horiek guztiek elkarlanerako eta normalizaziorako lana egin dute, eta ezin da onartu horrelako erabakirik». Auziak amaiera baikorra izango duen itxaropena agertu zuen.

Ramon Labaien Donostiako alkate ohi eta EAJko kidea izan zen pankarta eramaten joan zenetako bat. «Manifestazio hau garrantzitsua da Espainiako justizia, justizia bihurtzearen alde egiteko», esan zuen. Labaienek Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohia zuen ondoan. «Herri honetan, oraindik, giza eskubideak defendatu egin behar direlako da beharrezkoa manifestazio hau», azaldu zuen.

Sindikatuek ere babesa

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek ere eman zioten atxikimendua manifestazioari. «Argi utzi behar dugu horrelako epaiketak ez ditugula onartzen, eta are gutxiago orain, Euskal Herriak bide bat hartu duenean», esan zuen Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. Bateragune auziko epaiketaren helburua bide horri oztopoak jartzea dela gaineratu zuen: «Epaiketa politikoa da, eta epaiketa politikoak egiteko zilegitasuna herritarrek dute; herritarrek epaitu dute ezker abertzalearen apustua, eta itzelezko babesa eman diote».

Jesus Uzkudun Euskadiko CCOOko kidearen esanetan, zortzi auzipetuek aske egon behar dute: «Prozesu hau eurek bultzatu dute, eta bakerako bidean beharrezkoa da horrelako pertsonak libre egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.