'D3M eta Askatasuna auzia'. Manifestazioa Bilbon

Epaiketa politikoak gelditzeko eskatu dute milaka lagunek

«Herri matrioxkak» antolatzera dei egin du Eleak-ek; erasoak geldiarazi, garai berrian aurrera egin eta herritarrak babesteraAuzipetuen ustez, garai berriaren aurka eraiki den oztopoetako bat da epaiketa

D3M eta Askatasuna auzia salatzeko manifestazioaren pankartaburua, atzo, Bilboko kaleetan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Hiru matrioxka erraldoien atzean, milaka matrioxka txiki. Tartean, 2009ko hauteskundeetan parte hartzen saiatzeagatik egunotan Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren 13 herritarretatik 12. Preso dute hamahirugarrena, eta besarkada berezia jaso du akusatuen aulkietako kideengandik. Eskubide guztiak proiektu guztientzat. Epaiketa politikorik ez! leloa duen pankartari eutsiz joan dira auzipetu gehienak Bilboko Casillatik Areatzako plazara. Eragile politiko, sindikal eta sozialetako ordezkariak gero, eta milaka herritar ondoren.

Alderdi, sindikatu eta gizarte eragileetako ordezkariak elkarren ondoan, adeitsu egin dute ibilbidea, elkarlanak sortzen duen konfiantzaren erakusle. Bertan izan dira, besteak beste, ezker abertzaleko Pernando Barrena, Rufi Etxeberria eta Maribi Ugarteburu, EAko Pello Urizar eta Unai Ziarreta, Alternatibako Oskar Matute, Aralarreko Josu Murgia, eta Iker Urbina zein Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak.

Bertan izan da gehiengo sindikala ere. ELA eta LABeko idazkari nagusi Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaiderekin batera, EILAS eta ESK-ko kideak. Gizarte eragileek ordezkaritza zabala izan dute, gurpil gainean eraman dituzten matrioxka itxurako irudi handien atzean.

Egurrezko panpina errusiarrak dira matrioxkak. Gogorrak. Bilboko kaleetan ibili diren hiru erraldoietatik bik, haserre aurpegia erakutsi dute: erasoei aurre egiteko jarrera. Irribarrea izan du hirugarrenak, ilusioa eta aurrera egiteko nahia irudikatuta. Hori guztia barnebildu nahi du D3M eta Askatasunaren aurkako auzia salatzeko manifestazioa antolatu duen Eleak mugimenduak. Horregatik egin du «herri matrioxkak» antolatzeko deia. Erkideen aurkako erasoak geldiarazi, bestelako garai baterako bidean aurrera egin, eta albokoak babestekoa. Babes hori biderkatzekoa. Matrioxka bakoitzak beste bat gordetzen, babesten du sabelean, ama batek alaba nola; horrek beste bat dakar barruan irekiz gero, eta beste bat hurrengoak. Etengabeko babes hori sortu nahi du Eleak mugimenduak, eskubide zibil eta politikoen alde.

17:10ean, euripean, hasi da manifestazioa, eta 40 minutu geroago iritsi da Areatzako plazara. Ez, ez, ez, epaiketarik ez! oihukatuz sartu da plazan protesta. Demokrazia Euskal Herriarentzat!. Euskal presoen aldeko aldarriak ere sarri entzun dira. Manifestazioaren burua helmugara iritsi denean, Hurtado Ametzaga kalean zegoen amaiera, Bizkaiko Batzar Nagusien parera iristen.

Iratxe Ibarra bertsolariak «proiektu denen amesteko eskubidea» aldarrikatu du kantuan, eta herrigintza babesteko eskatu, Eleak mugimenduko Zigor Oleagak eta Txerra Bolinagak hitza hartu aurretik. Matrioxkek adierazten duten babesa herriz herri osatzeko eskatu dute horiek: «elkartasunen sabela» sortzeko; «arazo kolektiboaren aurrean babes kolektiboa» eratzeko.

Guztien eskubide zibil eta politikoak aldarrikatu dituzte, demokrazia eskubide horien errespetuak sortzen duela ohartarazita. «Baina zoritxarrez, ezin ditugu eskubide horiek erabili, eta horregatik gaude hemen», adierazi du Bolinagak. Politikan parte hartzeko eskubidea defendatu du bereziki. «Amparo, Iker, Imanol, Eli, Arantza, Hodei, Agurtzane, Unai, Zuriñe, Txiki, Liger, Xabier eta Jose Antonio eskubide hori gauzatzeagatik espetxeratu nahi dituzte», esan du akusatuen aulkian eseri dituztenak banan-banan aipatuta. Txalo zaparrada eragin du aipamenak.

Beste 220

Baina horiek ez direla politika egiteagatik jazarriak izan diren bakarrak ohartarazi dute bi ordezkariek. «Eskubide zibil eta politikoak praktikan jartzeagatik» espetxean edo sasian dauden euskal herritarrak asko direla salatu dute. Eta ia 220 epaiketaren zain daudela arrazoi beragatik. Espainiako «salbuespen legeak» salatu, eta horiei berandu baino lehen aurre egiteko eskatu dute: «Zapaldu nahi gaituzten bi pareten artean hanka jartzen ez badugu, konturatu orduko, mugitzen uzten ez diguten bi hormen artean preso egongo gara».

Eskubide urraketei muga jartzeko premiaz ohartarazi dute, hortaz. Eta, atzoko protesta «euskal matrioxka eraikitzeko pausotxo bat» dela uste duten arren, epaiketa politiko eta eskubide urraketa gehiago egon ez daitezen «pauso askoz gehiago» egin beharko direla abisu eman dute.

Epaituak agertokira igo direnean egin dute txalo gehien manifestariek. Dantzariek auzipetuei matrioxka bat eman, eta Arantza Urkaregik eta Amparo Lasherasek hartu dute hitza. Urkaregik adierazi du epaiketaren zioa politikoa dela hasieratik argi zutela eta lehen bi saioen ondoren are argiago geratu dela. Akusazio bakarrak egitasmo politikoak gauzatzean oinarritzen direla, eta poliziek egiaztatu dutela «proiektu politiko baten garapena oztopatzeko» lana zutela. Horretarako, 2006tik jarraitu zituzten auzipetuak, D3M 2009an sortu zen arren.

Ondorio batera iritsi da akusatua: Euskal Herrian aro berri bat marrazten ari den arren, Espainiako Gobernuak salbuespeneko politikei eutsi nahi die. «Beraiek iraganeko argudio eta politikei eusten diete; guk, politika egiteko aukera bermatu nahi dugu; politika aukera berdintasunean egin, Poliziaren jazarpenik eta legez kanporatzerik gabe».

Lasherasek berretsi duepaiketara lasai joango direla astelehenean ere; guardia zibilek independentzia eta eraldaketa soziala delitutzat nola jotzen dituzten entzungo dutela berriz ere, baina epaituek eskubide zibil eta politikoa egingo dutela haien aurrean.

Garai politiko berria egonkortzearen alde aritzeko deia egin du, «bidea alboratzeko helburua duten oztopo asko» egongo direla jakin arren. Hain zuzen, D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa oztopo horietako bat dela uste du, baita Espainiako auzitegiek hartutako beste erabaki batzuk ere. Oso gaixo dagoen Txus Martin presoari beste 36 urteko espetxe zigorra jarri izana eta Igor Katxorro bi urterako kartzelatu izana ditu adibide. «Agian bide berri honi oztopo gehiago jartzen saiatuko dira, baina guk aurrera jarraituko dugu», adierazi du, herritarrek emandako babesa eta «indarra» eskertuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.