Epaiketa politikorik ez, aterabideak aurrera lelopean manifestazio nazionala izango da uztailaren 2an (larunbata) Donostian, herritar talde batek deituta. 17:30ean hasiko da, Antiguako tuneletik, eta Bulebarrean amaituko.
56 lagun ezagunek egin dute deia. besteak beste, Carlos Garaikoetxea, Ramon Zallo, Mariano Ferrer, Maialen Lujanbio, Bernardo Atxaga, Javier Madrazo, Joxe Azurmendi, Paul Rios, Unai Ziarreta, Koldo Amezketa, Anjeles Iztueta, Pello Urizar, Belen Arrondo, Joanmari Larrarte, Koldo Tellitu, Txaro Arteaga, Joxe Arregi, Tasio Erkizia, Itziar Aizpurua, Iñaki Perurena, Josu Bergara eta Olatz Osak.
Astelehenean hasiko da hurrengo "epaiketa politikoa": Bateragune auzikoa. Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Txelui Moreno, Rafa Diez, Manel Serra eta Amaia Esnal epaituko dituzte —lehen laurak kartzelan daude—. 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten, Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi zutela eta ETAren esanetara ari zirela egotzita.
Manifestazioa deitu duen taldearen iritziz, auzia "giza eskubideen, adierazpen askatasunaren eta elkartzeko eskubidearen aurkako urratze nabarmena" da. "Epaiak ondorio sakonak ekar ditzake: zentzu juridikoan, oraindik erabaki dauden ilegalizazio kasuei buruz; eta politikoan, horrek euskal jokaleku politikoa eratzeko gaurko prozesuan izan dezakeen benetako eraginagatik".
Auzipetuen artean Otegi eta Diez "munta berezikoak" direla uste dute, eta nabarmendu dute auzipetu denak "Euskal Herriarentzat behin betiko jokaleku demokratikoa" lortzeko lanean aritu zirela.
Rafa Diez auzipetua mintzo agerraldian
Rafa Diez auzipetuak gaurko agerraldian esan du auzipetu guztiek ezker abertzalearen apustua atzeraezina izateko konpromisoa dutela. Haren arabera, azken batean Espainiako Estatuko sistema politikoa bere izango da epaituko dena. "Ez da gauza herri honetako fase berriari eusteko. Itxaropenaren trena bidetik irteteko trabak jartzen ari da. Bakea eta konponbide demokratikoak lortzeko alderdien agenda saboteatu nahi du".
Bateragune auziko kideak esan du "guztiek" eman behar dituztela pausoak, "hurrengo belaunaldiek ez ezagutzeko indarkeriarik eta berdintasunean euren proiektu politikoak defenditzeko".