Espainiako Auzitegi Nazionalean ez aurkezteagatik herenegun atxilotu zituzten Oiartzualdeko (Gipuzkoa) hiru gazteak espetxeratzeko agin du epaileak, ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuta. Epaiketak iraun bitartean, espetxean egongo dira Oihana Mujika, Iker Zabala eta Egoitz Urbe. Atzo eginiko auzi saioan hartu zuen erabakia epaileak, fiskalaren eskaera onartuta. Defentsak, aldiz, ihes ez dutela egingo argudiatu zuen, herenegun horretarako aukera izanda ere, ihes ez zutelako egin.
Era berean, Imanol Sagarzazu gaztea absolbitu egin du epaileak, fiskalak eta herri akusazioak haren aurkako karguak erretiratu ostean. Modu horretan, hamasei auzipeturekin egingo du aurrera epaiketak.
Epailearen aginduz Ertzaintzak herenegun atxilotutako hiru gazteak atzo eguerdian eraman zituzten Auzitegi Nazionalera, eta deklarazioa hartzeko falta ziren 11 gazteekin batera deklaratu zuten. Herenegun deklaratu zuten gainontzeko bost kideek bezala, inkomunikazio aldian jasotako tratu txar eta tortura salaketak berretsi zituzten auzipetuek. Poliziek etengabe jo zituztela, etengabe mehatxatu eta umiliatu zituztela eta postura behartuetan ordu luzez izan zituztela azaldu zuten epailearen aurrean, euren abokatuen galderei erantzunez.
Segi gazte erakundeko partaide direlakoan «talde terroristako kide» izatea egotzi diete hamasei gazteei. Fiskalak zortzina urteko espetxe zigorra eskatu du guztientzat, eta herri akusazio gisa ari den AVT biktimen elkarteak, hamabi urtekoa.
Epaiketaren hirugarren saioa egingo da gaur. Atxiloketak egin zituzten eta operazioan parte hartu zuten poliziek deklaratuko dute. Gaurkoa izango da aste honetako azken saioa. Hamasei gazte auzipetuek datorren astean itzuli beharko dute Auzitegi Nazionalera, euren kontrako epaiketak jarraituko duelako.
Elkartasun ekimenak
Madrilen Oiartzualdeko hamasei gazte auzipetuen kontrako epaiketak jarraitzen duen bitartean, horienganako elkartasun ekimenek ez dute etenik izan. Atzo, adibidez, zortzi orduko elkarretaratzea egin zuten Niessen merkataritza gunean, eta gaurko ere elkarretaratzeetara eta batzar informatiboetara deitu dute. 12:30ean eta 19:30ean izango dira. Horrekin batera, 17:30ean hitzaldi bat egingo dute TAT Torturaren Aurkako Taldeko kideek. Ekimen horiek Errenteriako Foru plazan egingo dira, Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak han jarri duen Aske Gunean. Madrilera joandako auzipetu eta haien senide zein lagunei ere ongietorria egingo diete gaur.
Ostiralean, berriz, manifestazioa egingo dute, Eleak mugimenduak deituta. 19:00etan abiatuko da Oiartzungo Ugaldetxo auzoko futbol zelaitik. Euskal gazteria libre eta legala. Eskubide guztiak guztiontzatizango da martxaren leloa, eta eskualdekoeragile eta norbanako ugarik babestu dute ekimena.
Epaiketak iraun bitartean, espetxean egongo dira Mujika, Zabala eta Urbe
Oiartzualdeko gazteen aurkako epaiketan, Sagarzazuren aurkako akusazioa erretiratu eta absolbitu egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu