Jone Artola. Konpartsek hautatutako txupinera

«Epaile bat eta gobernuaren ordezkari bat ez dira nor konpartsen aurka egiteko»

Txupineraren izendapenaren inguruan sortu den eztabaidaren erdian egon arren, «lasai-lasai eta poz-pozik» dago Jone Artola, argi baitu zergatik eta nork hautatu duen: «Ni naiz 2013ko Bilboko txupinera».

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2013ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Suziri baten indarra nabari zaio hizketan Jone Artolari, nekez geratzeko modukoa. Hura hautatu zuten aurtengoa botatzeko, eta ez du atzera egiteko asmorik.

Nola hartu zenuen txupinera izendatu izana? Zer esan nahi du zuretzat?

Bilbotar batentzat eta konpartsakide batentzat, ilusio handiz hartzen den berri bat da, konpartsakideak garen emakumeak bizitzan behin izan ahal garelako txupinera. Izugarrizko alaitasunez hartu nuen berria, eta poz-pozik nago.

Zer iruditu zaizkizu Carlos Urkijok salaketa jartzeko emandako argudioak?

Lekuz kanpo zeuden argudio horiek. Izendapenaren atzean dagoena da konpartsan egon naizela hainbat urtetan, eta hori da nire curriculuma txupinera izateko. Horrelako argudioak aipatzea, nire aurka horrelako nahastea eragitea ez da zuzena. Ez dauka eskubiderik hori egiteko.

«Biktimen duintasuna» aipatu du epaileak izendapena atzera botatzeko.

Nahi duena argudia dezake ni izendatzearen aurka, baina epaile bat ez da nor, Espainiako Gobernuaren ordezkari bat ez da nor, konpartsen aurka ezer egiteko. Konpartsak erakunde pribatu bat dira, eta, erakunde pribatu moduan, elkarteari ondoena iruditzen zaion erabakia har dezakete. Bada garaia horrelako gaiez serio hitz egiteko. Ezin da erabili biktima terminoa euren interes politikoak eta proiektu ideologikoa pertsonei ezartzeko.

Herenegun jende asko bildu zen konpartsek deitutako ekitaldian. Nola hartu zenuen babes hori?

Hunkituta. Milaka esker on bidali nahi dizkiet han bildu ziren guztiei eta animo mezuak bidaltzen ari den jende guztiari. Banekien babes hori baneukala, konpartsak direlako jaun eta jabe Bilboko jaietan, eta bilbotarrok ez dugulako onartuko ezer konpartsakideen aurka. Bilboko jaien bihotza konpartsakideak dira, urteetan eta urteetan lanean ari direnak; lan zintzoan, egunerokoan, urte osokoan, herritarrontzat jai berezi hauek egiteko. Ni, batez ere, konpartsakidea naiz, eta ulertu dut konpartsakideen ezin ulertua, kanpotik pertsona bat konpartsakideen erabakien aurka agertu delako.

Epaileak berretsi egin du izendapena baliogabetzeko erabakia, ordea. Eta orain zer?

Ni naiz Bilboko 2013ko txupinera, hala izendatu nindutelako Bilboko konpartsetako kideek. Hala onartu zen Bilboko udal batzordean, eta hor zeuden alderdi guztiak, PP barne. Inork ez zuen ezer esan, ez nire aurka, ez nire konpartsaren aurka. Gero, suge bat bezala ibiltzea, kontua Administrazio Auzitegian nahastea... Hori udalari dagokio. Baina konpartsen elkartea erakunde pribatu bat da. Administrazio Auzitegiak esaten duenak bost axola:ez da beteko. Ni konpartsek izendatu naute txupinera. Eurek erabakiko dute zer pentsatu, eta nik onartuko dut hori, lehen onartu nuen bezala txupinera izatea.Ni, batez ere, konpartsako kidea naiz. Ni txupinera sentitzen naiz, eta inork ez dit kenduko eskubide hori. Eskubide bat baita, nirea, pertsona eta konpartsakide moduan dudana. Suziriabotatzea, hori da nire eskubidea. Eta nik horretan jarraituko dut. Nire konpartsakideen babesa daukat, eta haiek erabakikodute. Ni poz-pozik eta lasai-lasai nago.

Zer esango zenieke bilbotarrei?

Beste batzuek nahi dituzte nahastu jaietatik kanpo dauden elementuak, herri jaien aurka, eredu hori ez delako haien gustukoa. Baina herri jaiak maite ditugunontzat eredu dira Bilboko jaiak. Guretzako askatasunez lehertzen da Marijaia balkoira heltzen denean. Horregatik, jai onak pasatzea opa diet bilbotar guztiei eta kanpotik etortzen direnei. Aprobetxa ditzatela bederatzi egun hauek. Bakoitzak gure arazoak dauzkagu, baina arazo asko izanda ere, eskubidea daukagu jaiaz gozatzeko eta gure jaiak nahi dugun bezala antolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.