Epaileak ebatziko du Metroko ituna betetzen den eta greba zilegi den

Lopezen adierazpenek grebarako eskubidea «arriskuan» jarri eta langileak kriminalizatu dituztela uste du LABek

Bilboko Metroko beharginek asteak daramatzate protestan, zuzendaritzak ez duelakoan lan ituna betetzen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Bilboko Metroko zuzendaritzak eskatuta, epaitegiek erabakiko dute lan hitzarmena betetzen den ala ez eta, beraz, beharginek greba egiteko arrazoirik daukaten ala ez. Izan ere, hor dago langile batzordeak San Tomas egunerako deituta daukan 24 orduko lanuztearen jatorrietako bat: joan den uztailean sinatutako ituna ez dela betetzen salatzen ari dira beharginak, baina testuari buruzko bestelako interpretazioa egiten du zuzendaritzak. Hori argitze aldera sindikatuek arbitratzeari uko egin diotela eta, auzitara jotzeko asmoa iragarri zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak.

Metroko langile batzordeak grebara San Tomas egunerakodatorren asteazkenerako deitzeak hautsak harrotu ditu Bilbon: azokan parte hartuko duten 151 ekoizleek kezka agertu dute, lanuzteak salmentetan eragin dezakeelakoan. Era berean, aste barruan zenbait agintarik auzitan jarri dute protestaren zilegitasuna. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek greba deialdia bertan behera uzteko eskatu ostean, ekonomian eragin ditzakeen «kalte larriez» mintzatu da Arriola.

Hala, «probokatzea», «xantaia egitea» eta herritarrak «mespretxatzea» leporatu die sailburuak langileei: «Greba neurriz kanpokoa da, eta langileen eskubideen bidezko defentsatik harago doa». Hartara, «zentzuz» jokatzeko eta greba deialdia bertan behera uzteko eskatu dio berriro langile batzordeari.

Sindikatuek, baina, ez dituzte adierazpenok gustuko izan. Metroko langileak «kriminalizatzea» egotzi die LABek agintariei, beren adierazpenen bidez «negoziazio kolektiboa eta grebarako eskubidea arriskuan» jarri dutelakoan. Lehendakariak gutxieneko zerbitzuak %90ean ezarri nahi izatea «gehiegizko» jo du; zerbitzuok betetzeko Ertzaintza erabiltzeko asmoari ere «greba eskubidea saihestu» nahia ikusi dio sindikatuak. Hortaz, «mehatxuak eta presioak» alboratzeko eskatu die LABek Lopezi, Arriolari eta Iñaki Prego metroko kontseilari ordezkariari: «Elkarrizketaren eta akordioaren bidez gatazka konpontzeko tresnak dauzkate euren bulegoetan».

Ildo beretik mintzatu da Metroko ESK sindikatua. PSE-EE zein EAJko ordezkariek asteon egindako adierazpenak gaitzetsi ditu, alderdien interesei erantzuten dietelakoan. «Gure gatazka lan esparrukoa da, eta hor mantendu behar da. Arazoak sortu diren eremuan konpontzen utz gaitzaten eskatzen dugu», esan du.

Gabon gauean, boluntarioak

Iaz bezala, Gabon gaueko zerbitzuak ere desadostasunak eragin ditu aurten Metroko zuzendaritzaren eta langile batzordearen artean. Eta iazkoaren antzeko konponbidea izango du aurtengo abenduaren 24ko gaueko jardunak, txanda betetzeko langile boluntarioak «sobera» daudela esan baitu Iñaki Arriolak. Halere, sindikatuak ez daude ados neurriarekin, lan hitzarmenak ez duelako Gabon gaueko zerbitzua arautzen; asteon adierazi dute, gainera, iaz egun hartarako lortutako akordioak ez duela aurtengo Gabon gauerako balio.

Negoziatzeko gainerako puntuei dagokienez, Arriolak jakinarazi du langileen berrantolaketari buruz behintzat jarrera «oso hurbilak» dauzkatela zuzendaritzak eta batzordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.