Epaileak ez du deliturik ikusi Ndiayeren heriotzan

Artxibatu egin du Iruñeko polizia etxean hildako senegaldarraren auzia, heriotza naturala izan zelakoan. SOS Arrazakeriak erabakia kritikatu du

Elhadji Ndiayeren heriotzagatik Iruñean eginiko protesta bat. J. MANTEROLA / ARP.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Ez delitu zantzurik, ez arduragabekeriarik. Ezta irregulartasun itzal txikiena ere. Iruñeko 5. Instrukzio Auzitegiko epaileak ez du aparteko ezer ikusi Elhadji Ndiayeren heriotzean. Espainiako Poliziak Iruñean duen komisarian atxilo zegoen bitartean hil zen senegaldar gaztea, iaz. Magistratuaren aburuz, ordea, «heriotza naturala» izan zen hura, eta auzia artxibatu du, diligentziak egin aurretik ere.

Atzo kaleratutako epaiaren arabera, autopsiak frogatu egin du «bihotzarekin lotutako bat-bateko heriotza» izan zela Ndiayerena; hots, gaztea berez hil zela, bihotzekoak jota. Magistratuak gaineratu duenez, zenbait zauri ere argitara atera ditu autopsiak, «baina azaleko eta garrantzia urriko urradurak» direla iritzita, polizien jokabidean deliturik ez dagoela ondorioztatu du. Hortaz, auzia itxi eta ikerketa bertan behera uztea erabaki du. Helegitea aurkez dakioke epaiari.

2016ko urriaren 25ean hil zen Elhadji Ndiaye. Marcelo Zelaieta etorbidean geldiarazi, eta atxiki egin zuen Espainiako Poliziak. Haren gainean jarri ziren hainbat polizia; immobilizatu, eta arrastaka eraman zuten furgonetaraino. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak hasieran zabaldutako informazioaren arabera, atxilotua ziegara eramateko zain zegoela konturatu ziren gizonak ez zuela arnasarik hartzen. Hura suspertzen saiatu ziren, baina hil egin zen. Autopsia egin zioten gorpuari, eta, Poliziaren arabera betiere, ez zuten indarkeria zantzurik topatu.

Hala ere, gerora azaleratutako lekukotasunek eta sare sozialetan zabaldutako bideoek zalantzan jarri zuten bertsio ofiziala. Izan ere, hainbat lekukok adierazi zuten poliziek konorterik gabe utzi zutela Ndiaye kalean bertan, eta egoera horretan eraman zutela atxilo. Lurrean etzanda zegoela, gazteak kolpeak jaso zituela ikus daiteke lekukoek sakelako telefonoekin grabatutako bideoetan ere.

«Ez dute autopsia erakutsi»

Iragan otsailean, auzian herri akusazio gisa aurkeztea erabaki zuen Nafarroako SOS Arrazakeria elkarteak. Hasieratik beretik, kasuaren inguruan hedatutako isiltasuna eta informaziorik eza salatu zituen.

Atzo, ebazpenaren berri izan orduko, gardentasun eskaera berretsi zuten.«Herri akusazioa gara, baina prentsaren bidez izan dugu ebazpenaren berri. Ez digute komunikatu nahi izan ezta autopsiaren emaitza ere», adierazi zuten sare sozialetan. Areago: diligentziak egin aurretik epaileak kausa artxibatu izana kritikatu zuten SOS Arrazakeriako ordezkariek, baina auzibidean aurrera egiteko borondatea agertu zuten: «Saiatzen segituko dugu, eta entzun beharko gaituzte, beltzen bizitzek garrantzia dutelako».

Auzia ikertzeko garaian Madrilek jarritako trabak salatu ditu herri akusazioak. Izan ere, Nafarroako Parlamentuan agerraldia egiteko eskatu zioten Espainiako Gobernuko ordezkari Carmen Albari, baina ez zuen halakorik egin, betebeharrik ez zuela argudiatuta: «Hilabeteak pasatuta, Barne Ministerioak ohar labur batean jakinarazi zigun auzia prozesu judizial baten barruan zegoela. Ordutik, sekretupean kudeatu dute prozesu osoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.