Adierazpen askatasuna

Epaileak Lander Arbelaitz kazetariaren aurkako auzia artxibatu du, baina ertzainek helegitea jarri dute

Epailearen arabera, ezin da esan kazetariak poliziak  "iraintzeko" intentziorik izan zuenik haiek agertzen ziren bideo bat egin eta zabaldu zuenean

Lander Arbelaitz epaitegira sartzen. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2020ko otsailaren 5a
13:01
Entzun

Epailearen aurrean deklaratzera joan behar izan zuen iazko martxoaren 20an Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariak; izan ere, bi ertzainek «publizitatearekin egindako irainak» egotzi zizkioten. Delitua da, kondenarako motiboa Zigor Kodean. Auzia aztertu duen instrukzio epaileak ez du auzibidearekin jarraitzeko adinako zantzurik ikusi, ordea, kazetariaren kontrako salaketan, eta auzia artxibatzeko modukoa dela esan du. Izan ere, haren aburuz, ezin da ondorioztatu Arbelaitzek poliziak "iraintzeko" intentziorik izan zuenik haiek agertzen ziren bideo bat egin eta zabaldu zuenean. 2018ko maiatzean kazetari lanetan ari zela egin zuen bideo batean du sorburua Arbelaitzen aurkako auziak; Ernairen agerraldi baten berri ematen ari zen, eta han grabatu zituen irudi batzuetan ikusten da nola ertzain batzuek identifikatzeko eskatzen dioten euskaraz mintzatzeko eskakizuna egiten ari zen emakume bati. Identifikazioaren motiboa ez zela hori esaten ari dira poliziak, ordea, ordutik; horrexek eraman zituen, hain zuzen ere, auzitarako urratsa egitera.

Eta itxura guztien arabera, bidea izango du oraindik epaitegietan auzibideak; izan ere, ertzainek adierazi dute ez daudela konforme artxibatzearekin, eta helegitea ipini dute. Arbelaitzek berak adierazi duenez, bi helegite batera jarri dituzte; artxibatzea bertan behera uzteko helegitea aurkeztu dute, eta justizia sisteman gora jotzeko beste helegite bat ere bai. Horren ondorioz, instrukzio epaileak erreforma helegitea atzera botako balu Gipuzkoako Probintzia Auzitegian auzia aztertzea nahi dute, ahozko epaiketa bati atea zabaltze aldera. Helegitean adierazi dutenez, funtzionario publikoen aurkako «irainak» egin zituen kazetariak, eta ezin da epaiketarik gabe utzi auzia. Kazetariaren lanaren ondorioz, ertzainen «izena» lohitu egin zela diote, eta ondorio txarrak izan zituela horrek haiengan. Horien aurrean, lehengoan da kazetaria, bere lanaren defentsan: «Ikusi nuenaz informatu besterik ez nuen egin».

Kasu honek soka luze eta bihurria izan du. Hasieran, Ertzaintzak berak onartu zuen kalean egindako identifikazio hartan ez ongi jardun izana; Hizkuntza Eskubideen Behatokira helarazitako gutun formal batean horixe adierazi zuen. Baina, gero, isuna ipini zioten euskaraz aritzeko eskea egin zuen pertsonari, eta salaketa, berriz, Arbelaitzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.