Epaileak psikiatria unitatera bidali du ustez ama eta anaia hil zituen gaztea

Egunerokoan etxean bizi ziren guztiak hiltzeko asmoa zuela zeukan idatzita, Ertzaintzaren arabera

Hedabideen kamerak, herenegun, hilotzak aurkitu ziren etxearen parean, irudiak hartzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Herenegun goizean Portugaleten (Bizkaia) ustez ama eta anaia hil zituen gaztea Bizkaiko ospitale bateko psikiatria unitatera bidaltzea erabaki du Bilboko Adingabeen Epaitegiko epaileak, zehaztu gabe zein ospitaletara. Atzo bertan 18 urte bete zituen arren,Ertzaintzak Bilboko Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi zuen goizean, herenegun ustez hilketa egin zuenean oraindik ere adingabea zelako. Hori hala denez, gaztea Adingabeen Legearen arabera epaituko dute. Bi hilketa delitu leporatzen dizkiote.

Atzo arratsaldean egin zion galdeketa epaileak, eta gaztearen erantzunak jasotakoan psikiatren esku ustea erabaki zuen. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak BERRIAri ezin izan dio argitu azterketa psikiatrikoak egiteko bidali duen, edo dagoeneko epaitegian egin dizkioten eta jasotako emaitzen ondorioz hartutako erabakia izan den.

Ertzaintzak, bestalde, hilketa gertatu zen etxebizitzan egindako miaketen emaitzak ezagutzera eman ditu. Besteak beste, gazteak eguneroko moduko bat idazten zuela dio Herrizaingo Sailak. Eskuz idatzitako testu horietan hainbat konturen artean bere asmoen berri ematen zuen. Alegia, bere etxean bizi ziren gainontzeko kideak hilko zituela idatzi zuen. Hau da, bi biktimez gain —58 urteko ama eta 12 urteko anaia txikia— aita eta bera baino zaharragoa den arreba bat ere bai.

Aipatutako eguneroko horrez gain, Ertzaintzak hilketan ustez erabili ziren armak ere aurkitu ditu etxean egindako miaketan. Mailu pikotx txiki bat eta labana bat direla azaldu du Herrizaingo Sailak. Ertzaintzaren ikerketa zientifikorako unitatean aztertzen ari dira, egiaz bi arma horiek erabili zirela baieztatuko duten froga bila.

Legearen arabera, gehienera 10 urteko zigorra ezar dakioke gazteari. Urte horiek erregimen itxian igaroko lituzke, eta ondoren beste bost zaintzapeko askatasunean. Zaintza horren parte izango lirateke gizarte zerbitzuek tarteka egiten dituzten azterketak. Hala ere, legeak kasu bakoitzean neurri ezberdinak hartzeko aukera ematen du, gaztearen nortasunaren eta gertatutakoaren larritasunaren arabera. Erabakiak hartzeko psikologo batek, gizarte laguntzaile batek eta pedagogo batek osatutako teknikari taldearen aholkularitza izaten du epaileak. Honako honetan, hasteko epaileak zuzenean gaztea unitate psikiatriko batera bidaltzea erabaki du.

Egindakoaren aitortza

Ustezko hiltzaileak berak aitortu zuen egindakoa astelehenean bertan. 13:30 inguruan Sestaoko (Bizkaia) Udaltzaingoaren polizia etxean agertu zen. Herrizaingo Sailak azaldu duenez, «bi pertsona hil ditut», esanez sartu zen bulegora. Udaltzainek egindako galdeketan ez zen gai izan zentzuzko azalpenik emateko.«Loturarik eta oinarririk gabeko erantzunak ematen zituen», adierazi zuten udaltzainek txostenean. Portugaleteko udaltzainek egiaz hilketa hori gertatu zela baieztatu zietenean, Sestaoko udaltzainek Ertzaintzari deitu zioten gaztearen kargu egin zedin.

Bi hildakoen gorpuak Ertzaintzak aurkitu zituen astelehen goizean bertan. Hildako emakumearen senarra —atxilotuaren eta hildako gaztearen aita—, etxebizitzatik gertu dagoen osasun zentro batera joan zen azterketa medikua egitera. Handik bueltan ezin izan zuen etxera sartu, krisketaz itxita zegoelako barrutik. Emazteari hainbatetan deitu zion arren, inork ez zion erantzuten etxe barrutik. Hala, larrialdi zerbitzuetara deitzea erabaki zuen.

Ertzaintza eta suhiltzaileak gerturatu ziren berehala. Atzeko etxarteko leiho batetik sartu zen ertzain bat etxebizitzara. Sukaldean sute txiki bat sortu zela eta, hura itzaltzeko asmoz suhiltzaile batek ere atzetik jarraitu zion. Biek aurkitu zituzten biktimen gorpuak. Dirudienez, emakumea sukaldean ari zen janaria prestatzen, semeak eraso egin zionean. Hilketaren ordua ez dute oraindik zehaztu. Bizilagunek 07:40ean ikusi zuten azkenengoz emakumea bizirik, balkoian. Senarra 10:30ean itzuli zen etxera.

Gaitzespen andana

Jazoeraren berri izandakoan Emakumeen Mundu Martxak emakumeen aurkako indarkeriatzat jo zuen. Euren esanetan, «inplizituko bada ere», emakumeen aurkako erasoetan «sexismoa beti agertzen da». Hori hala, hildakoa emakume izateak eragina izan duela iruditzen zaie.

Ertzaintzak gazteari aurkitu dion egunerokoan aita eta arreba erehiltzeko asmoa zuela jasotzen dela jakinda, Emakumeon Mundu Martxako ordezkariek arean aldatu dute irakurketa. «Pertsona honen atzean konkretuki posible da genero indarkeriarik egon ez izana; kasu bakoitza ezberdina da eta irakurketa ezberdina behar du».

Edonola ere, «arazo orokorrago» bati erantzuten diola iruditzen zaie. «Egiturazkoa den indarkeria da, jendarteak antolatzeko duen eredutik hasi eta gure bizitzako esparru guztietan ematen dena». Emakumeon Mundu Martxako kideen arabera, «patriarkatuaren familia harremanek» zer esana izan dezakete kasu honetan ere.

Biktimen bizilagun artean samina eragin du gertatutakoak. Portugaleteko Udalak deituta Solar plazan bildu ziren atzo iluntzean herritarrak, bi heriotzak salatzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.