Hilaren 30ean, Ibon Fernandez Iradi euskal presoa aske uzten duen ala ez jakinaraziko du epaileak. Duela urtebete eta erdi egin zuen eskaera, bere gaixotasuna tratatzeko —esklerosi anikoitza du—. Aske utz dezatela eskatzeko, elkarretaratzea egin zuen larunbatean herritar talde batek Lasarte-Oriako osasun etxe parean. Jakinarazi zutenez, Frantziako auzitegi batek arrazoia eman zion hasiera batean Fernandez Iradiren eskaerari, eritasunaren larriak askatzeko eskatzen zuela argudiatuta. Edonola ere, bi baldintza jarri zizkion askatzeari: presoak Frantziako Estatuan bizitzeko duen debekua baliogabetu dadila, eta, horren ostean, presoa ez dadila Pirinio Atlantikoetako departamenduan bizi.
Abokatu eta fiskalen helegiteak jasota, ostegunean jakinaraziko du epaileak bere erabakia. Elkarretaratzean bildutako herritarrek esan dutenez, epaia “giza eskubideen aldekoa izatea” espero dute, alegia, “behar duen tratamendua jasotzea ahalbidetuko dion erabakia”. Fernandez Iradiren askatasunarekin batera, “gaixorik larri preso dauden gainontzekoen osasun eskubideen alde lan egiten” jarraituko dutela adierazi dute. Alde horretatik, horien guztien zigorrak eteteko eskatu dute. Azkenik, datorren ostiralean, urriak 31, manifestazioa egingo dute Lasarte-Orian, Okendo plazatik abiatuta, gaixo dauden presoen askatasunaren alde, eta horretan parte hartzeko deia egin dute.
Baionan ere elkartuko dira. Ni ere Banoa-k elkarretaratzera deitu du Baionako suprefetura aitzinean 18:30ean, Giza eskubideak, konponbidea, Bakea. Ibon Fernandez Iradi Askatu lelopean.