Epailearen arabera, Jon Anzaren auzian ez da «hutsegite larririk» egon

Parisko Auzitegiak ebatzi du Frantziak ez duela erantzukizunik izan auziko «irregulartasunetan».Senideei ez diete kalte-ordainik emanen

Apirilaren 1ean elkarretaratzea egin zuten Donostian, Parisen auzia iragan bitartean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Irregulartasun batzuk badirela, baina «hutsegite larririk», ez. Hala erantzun dio Parisko Auzitegiak Jon Anzaren desagerpen eta heriotzan egondako «disfuntzioen» aurka senideek jarritako salaketari. Hain zuzen, epaileak ebatzi du Okzitaniako Tolosako prokuradoreak eta poliziek ez zutela behar bezala jokatu, baina «hutsegite» hori «larria» ez denez, Frantziako Gobernuak ez lukeela erantzukizunik. Hori dela eta, gibelera bota ditu senideen abokatuak egindako eskaerak, eta, beraz, kalte-ordainik ez diete emanen.

Joan den apirilaren 1ean egin zuten Anzaren auzian Frantziako Gobernuak izandako erantzukizuna agerian uzteko epaiketa,Parisen, eta atzo eman zuen deliberoa epaileak. Aitortu duen «irregulartasun» bakarra Okzitaniako Tolosako prokuradoreak eta poliziek izandako jarrera da. Izan ere, hiri horretako Purpan erietxeak epaitegiari eskatu zion ikerketa abia zezala, identifikatu gabeko pertsona bat baitzuten bertan —Jon Anza bera—. Ikerketa hori, ordea, ez zuten egin poliziek, eta prokuradoreak ez zien konturik eskatu.

Senideen abokatuak «irregulartasun» gehiago salatu zituen auzian, baina horiei ez die sinesgarritasunik eman epaileak. Erraterako, haren arabera ezin da frogatu Anza Tolosara zihoanik, eta, beraz, ez zen beharrezkoa ikerketarik hastea. Abokatuak, ordea, gogoratu du familiak jakinarazi zuela Tolosarako tren bat hartu behar zuela. ETAk, gainera, agiri bat atera zuen beranduago, erranez erakundeak Anzarekin hitzordua zeukala Tolosako erdigunean. Agiriaren hitzetan, Anza ez zen agertu. Haren sakelan zegoen Baiona-Tolosa treneko txartela ere ez du frogatzat jo epaileak.

Ospitalean, idatzirik ez

Dokumentu horiek ez dira nahikoa Anza Tolosara zihoala erakusteko, epailearen ustez. Aldiz, Purpan erietxeak Anza bertan ez zegoela errateko idatzirik egin ez izana ez da «hutsegita». Hain zuzen, Baionako prokuradoreak inguruko erietxe guzietara bidali zuen ohar bat galdetuz Anza izan zitekeen pertsonarik ba ote zegoen bertan. Tolosako Ospitalea izan zen erantzuna idatziz eman ez zuen bakarra.

Frantziaren erantzukizuna aintzat hartu ez duenez, epaileak erabaki du senideei kalte-ordainik ez ematea. 2009ko apirilean desagertu zen Anza, eta 2010eko martxoan jakin zuten haren gorpua Tolosako erietxean zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.