Miren Ortubai. Zigor zuzenbidean aditua

«Epaitegi espezializatuek ez dute bermatzen emakumeek tratu hobea jasotzea»

Espainiako Gobernuaren sexu askatasunerako legeari CGPJk egindako kritiken harira, nabarmendu du arazo askoren konponbidea ez dagoela zigor zuzenbidean.

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistaz aritzean, zigor zuzenbidearen mugez ohartarazi izan du Miren Ortubaik, eta tesi bera izan du ahotan CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren azken txostena baloratzean, epaileek kritika gogorra egin baitiote Espainiako Gobernuaren sexu askatasunerako lege aurreproiektuari. «Puntu batzuetan ados nago epaileekin, baina kritika horiek ikuspegi feministatik egingo nituzke». EHUn Zigor Zuzenbideko irakasle izan ostean, iaz hartu zuen erretiroa Ortubaik (Gasteiz, 1958), baina oso gertukoak ditu bortxaren inguruko eztabaidak.

CGPJk txosten kritiko bat egin du sexu askatasunerako legeaz. Zure ustez, zerk ekarri du kritikaren tonua: lege testuaren gabezia teknikoek ala justiziaren ikuspegi patriarkal batek?

Esango nuke erdibideko zerbait dela. Sistema judiziala patriarkala da, gizartea den bezalaxe. Kontseiluak, nolabait, nagusitasun teknikoko rol bat hartu du, hau bere eremua balitz bezala, eta emakumeak hemen arrotzak balira bezala; hori da kontserbadoreena, haiek pentsatzea legeak interpretatzeko eta aplikatzeko monopolioa dutela. Halere, iruditzen zait arazoa beste bat dela: egun, legeak eremu sinbolikoan mugitzen dira gero eta gehiago, hau da, printzipioak adierazteko erabiltzen dira, eta ez hainbeste arautzeko. Agian sexu harremanen onespenaren definizioa zen sinbolikoena testuan, eta hor sartu dira epaileak.

Edonola ere, ez dugu CGPJren txosten osoa ikusi, eta ez dakigu beste kritikarik egin duen, baina Zigor Kodearen aldaketa batez ari gara, nahiz eta legeak askoz alor gehiago jorratu. Izatez, Zigor Kodearen aldaketa hori xedapen gehigarri batera eraman dute, hau da, testu nagusitik kanpo, nolabait adieraziz ez dela legearen funtsa, baina puntu horretan zentratzen ari dira txostenak. Horrek zer pentsatua eman behar liguke: lege integralak egin nahi ditugu, arazo konplexuei ikuspegi zabalago batetik erantzuteko, baina beti amaitzen dugu epaitegietan eta Zigor Kodean. Eta arriskutsua da: ematen du zigor sistema dela egiturazko desberdintasunak eta indarkeria konpontzeko makilatxo magikoa, eta ez da hala: zigor sistemaren xedea da legea urratzen dutenei zigorrak ezartzea; ez dago pentsatua biktimak babesteko. Hori argi esan behar da.

Onespenaren definizioa eta horren erabilera kritikatu du CGPJk. Zer iritzi duzu?

Egun ere, Zigor Kodeak zigortu egiten ditu pertsona baten borondatearen aurkako jardun sexualak. Arazoa da nola interpretatzen eta aplikatzen diren artikulu horiek, eta zer zailtasun dituzten emakumeek bide prozesalean; hau da, arazoa ez da legeak dakarren definizioa, baizik eta nola egiten den ikerketa eta nola lortzen diren frogak. Bat nator CGPJrekin esaten duenean definizio soil batek ez duela aldatuko andreen biktimizazioa, hau da, laguntza eskatzera doazenek jasaten dituzten ondorio negatiboak —eta aurrerapauso handia da epaileek kalte horiez hitz egitea—.

Genero-indarkeria kasuetan ere ikusi da frogak lortzeko zailtasun hori, baita tratu desegokia ere. Badu konponbiderik?

Zigor sistemak ez digu emakumeoi emango bilatzen ari garen guztia: ez digu emango erreparaziorik, ezta asetze moralik ere, eta babes erlatiboa emango digu, ia beti gerora esku hartzen duelako. Baina lor daiteke min gutxiago egitea: salaketa jartzen duen unetik emakumea lagunduta joan ahal izatea, galdeketetan adierazten duena ez auzitan jartzea... Noski, horrek ez du esan nahi andreak esaten duen guztia sinetsi behar denik frogatuta balego bezala, baizik eta entzun egin behar zaiola, bere bizimodua, janzkera edo jokabidea epaitu gabe. Izan ere, zigor sistemak biktimaren estereotipo bat eskatzen du: andre obediente bat, tutoretza behar duena. Eta onespena definituz ez dira saihestuko frogekin dauden zailtasunak; arazoa baita estereotipo matxistek sinesgarritasuna kentzen dietela andreei: gizarteak uste du ahoberoak garela, inkongruenteak... eta hala ikusten gaituzte epaileek ere.

Kontseiluak ohartarazi du onespenaren definizio hain zehatz batek frogaren karga lekualdatzea ekar dezakeela. Hala da?

Izan daiteke. Eman lezake akusatuak demostratu behar duela beste pertsonak onarpena eman duela, eta zigor zuzenbideak ez du horrela funtzionatzen: delitu batez akusatzen duenak eman behar ditu frogak, eta frogatutako ekintzak bakarrik zigor daitezke. Eta ezin diegu berme horiei uko egin, besteak beste, emakumeen aurka ere itzul daitekeelako hori: andreak oso erraz mugitzen gara salatzailearen roletik salatuarenera. Kontua da feminismoak nolabait konpentsatu nahi duela historikoki emakumeei sinetsi ez izana, baina hori ezin da lortu Zigor Kodearen bidez, baizik eta andreak ahaldunduz, gure desioa defendatzeko, eta ez erortzeko besteen gustuko izateko aginduan.

Hortaz, eraso bat jasan duen emakume batek, ez badu frogarik, ez du ezer egitekorik?

Bi pertsonaren artean espazio itxi batean gertatzen den edozein delitu, ez badu arrasto fisikorik uzten, oso zaila da frogatzen. Hala gertatzen da indarkeria psikologikoarekin: ez dago ia kondenarik. Zigor sistemak frogak behar ditu. Horrek ez du esan nahi etsi behar dugunik. Froga perizial psikologikoetan aurrera egiten jarraitu behar da, adibidez. Baina arazo nagusia da nola tratatzen diren andreak froga horiek lortzeko prozesuan: haien gaineko susmoan oinarritzen ote diren, ala, beste delituetan bezala, pentsatzen al den salaketa jartzen duenak arrazoiak dituela salaketa jartzeko. Horregatik izan behar dugu kontziente gizarteak eta epaileek dituzten estereotipo eta joera matxistez.

Onespenaren definizioa legetik kenduko zenuke, beraz?

Uste dut legearen sustatzaileek akatsa egin dutela puntu hori hainbeste nabarmenduta; eremu sinbolikoari dagokio, baina ez da funtsezkoa: definizioa kentzen badute, ez da ezer gertatuko, baina uzten badute ere ez. Egiaz garrantzitsua da baliabideak edukitzea salaketa jartzera doazen emakumeak lagunduta eta informatuta egon daitezen, eta entzunak eta babestuak senti daitezen.

Abusu eta eraso delituen arteko bereizketa ezabatu nahi du legeak, baina CGPJk ez du beharrezko ikusten. Zer iritzi duzu?

Abusuaren definizioa nahiko zaharra da, eta ezabatu beharreko konnotazioak ditu: ematen du abusuak berekin dakarrela nolabait erabiltzeko eskubidea, baina neurririk gabe baliatu da eskubide hori. Ez da termino egokia. Besterik da dena izatea sexu eraso, hots, delitu guztiak figura bakarrean txertatzea. Ez da zuzena figura beraren barruan sartzea larritasun txikiko erasoak —adibidez, emakume bati ipurdia ukitzea— eta taldeko bortxaketa bat. Delituari jartzen zaion izena baino garrantzitsuagoa da ondo neurtzea erasoaren larritasuna eta biktimaren sufrimendua, eta horren araberako zigorra ezartzea. Ez baita gauza bera indarkeria erabiltzea edo ez: andrearen askatasunaren, duintasunaren eta segurtasunaren aurkako erasoa askoz larriagoa da kasu batzuetan. Hortaz, zigor proportzionalak bilatzearen arazoa ez da desagertuko guztia delitu bakarrean sartzeagatik, besteak beste, epaileei erabakitzeko tarte handiegia uzten zaielako; epaileei, haien formakuntza eskasarekin eta estereotipo matxistekin.

Zer konponbide du horrek?

Lesio delituan, adibidez, badira lesio arinak, larriak eta oso larriak. Egindako kaltea neurtu eta mailakatu daiteke, eta horren araberako zigorrak ezarri; eta garrantzitsua da hori legeak egitea, eta ez epaileek. Aurreproiektuan horrelako zerbait egiten saiatu dira astungarrien bidez, baina ez dut uste zuzena denik; batetik, astungarri asko automatikoki aplikatzen direlako, eta, bestetik, oso erraza delako astungarriak pilatzea eta zigorrak oso handiak izatea. Hala, olatu punitibistan erori dira, baina zigor handiagoak ez dakar babes handiagoa.

Kontseiluak ez ditu beharrezkotzat jo epaitegi espezializatuak sexu-indarkeria kasuetarako. Zer iruditzen zaizu?

Ni neu ere ez naiz oso aldekoa. Epaitegi espezializatuek ez dute bermatzen emakumeek tratu hobea jasotzea, eta horrek du garrantzia: zer baliabide dagoen andreak ondo tratatzeko. Izan ere, egun, genero indarkeriako epaitegietara doazen epaileek ez dute zertan berariazko trebakuntzarik izan. Beraz, espezializazio hori baino premiazkoagoa da epaileek formakuntza feminista jasotzea: indarkeria sexistaren kausak, adierazpideak eta ondorioak ezagutzea, euren esku dituzten tresnak eraginkortasunez aplikatzeko, biktimari ahalik eta min gutxien eginez.

Eskuin muturrak ere kritika asko egin dizkio legeari. Alde positiborik ere izango du, ala?

Lege bat ez da izaten guztiz ona edo txarra hasieratik amaierara. Halere, argigarria da bakarrik zigor arloaren ingurukoa izatea eztabaida, nahiz eta legeak askoz gauza gehiago dakartzan: planteamendua oso positiboa da, prebentzioan eta profesionalen trebakuntzan jartzen du arreta, erreparazioaren gaia txertatu du... Kontua da legearen gauza on guztiek aurrekontua behar dutela: dirua jartzen bada, hobera egingo dugu, eta bestela, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.