Epeleko zabortegia ixtea erabaki du Debagoieneko Mankomunitateak

Erakundeak azpiegituraren zigilatze lanak jarriko ditu martxan, eta 2021ean Jaurlaritzatik jasotako diru laguntzak itzuli beharko ditu.

Epele zabortegia
Arrasateko Epelde zabortegiaren aireko ikuspegi bat. BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko martxoaren 21a
17:35
Entzun

Arrasateko Epele zabortegia (Gipuzkoa) berriz ez irekitzea erabaki du Debagoieneko Mankomunitateak. Erakundearen gobernu juntak hartu du erabakia gaur eguerdian, eta azpiegitura behin betiko geldituko da itxita. Mankomunitateak iragarri du hura zigilatzeko prozedura lanak jarriko dituela martxan. Eskualdeko ordezkarien bilkurak bat egin du mankomunitatearen Ingurumen zerbitzuak egindako txostenarekin. Dokumentuan diote Epelek ez dituela betetzen hondakin gehiago jasotzeko baldintza geoteknikoak.

Erabakiak ondorio zuzenak izango ditu Eusko Jaurlaritzak 2030erako onartu zuen Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planean. Jaurlaritzaren planak interes publikotzat jotzen du zenbait zabortegi zabaltzea, hondakinetarako eremu berriak ez zabaltzeko. Zaldibarko zabortegiko (Bizkaia) hondamendiaren ondorioz —2020ko otsailaren 6an amildu zen—, hura itxi eta beste zabortegi batzuetara eraman behar izan ziren han botatzen zituzten industria hondakinak; Epelek hartu behar zituen haietako batzuk.

Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak BERRIAri jakinarazi dionez, aurreikusita zegoen Epelek 450.000 tona hondakin jasoko zituela 2030era arte. Hau da, zabortegiak handitu ostean, haietan bota asmo diren sei milioi tona gehigarri baino gehiagoren %7 inguru. Hori dela eta, gobernuak adierazi du aurreikusitako tona horiek gainerako hondakin azpiegituretan egokitu beharko direla. Jaurlaritzaren esanetan, Epele ixtea hondakin plana betetzeko lagungarri izango ez bada ere, ez du eragin nabarmenik izango.

Gobernuak, berriz, nabarmendu du azken urteetan —2021ean, 2022an eta 2023an— sortu den hondakin kopurua aurreikusitakoa baino txikiagoa izan dela, eta horrek zabortegien gaineko presioa arindu duela.

Jaurlaritzak ez du uste Epele ixteak gainerako zabortegiek hartu beharko dituzten erabakietan eragingo duenik, azpiegitura bakoitzak bere egoeraren eta kasuistikaren araberako neurriak hartu beharko baititu.

Debagoieneko Mankomunitateak bi milioi euroren zuzeneko diru laguntza jaso zuen 2021ean, Epeleko zabortegia berriz gaitzeko jardueretarako. Besteak beste, azpiegiturak hondakinak jasotzeko zuen 325.000 m3-ko bolumena handitzeko, beste 700.000 m3 gehiago hartzeko. Mankomunitateak jasotako diru laguntza itzuli beharko du orain.

Zabortegiaren handitze horrek zer ondorio izango lituzkeen aztertzeko, hainbat azterketa tekniko egin ditu mankomunitateak azken urteetan. Lehenengo ikerketa egin eta gero ohartu ziren zabortegiaren azpiko materialen karakterizazio geoteknikoan sakondu behar zutela ondorio zehatz batzuk lortzeko.

Araudi aldaketa

Ingurumen zerbitzuaren ikerketetan ondorioztatu dute Epelek ez dituela betetzen egungo Ingurumen Baimen Bateratuan ezarritako gutxieneko segurtasun faktore geoteknikoak zabortegia berriro ireki ahal izateko. Izan ere, 1993. urtean ireki zuten Epele, eta zabortegien inguruko araudia aldatu egin da ordutik.

Ez betetze horietako batek lur azpiko ur garbien galeriari dagokio. Teknikarien arabera, galeriaren egoera «kaskarra» da. Ur garbien galeriaren gainean lurra eta obra soberakinak bota zituzten zabortegia egin zutenean, 1,5 metro inguruko geruza osatzeraino, eta haren gainean egin zituzten hondakinak jasotzeko zeldak. Nahiz eta iragazgaiztasun aldetik zelden azpiko materiala ona izan, gaur egun ez ditu betetzen halakoei ezartzen zaizkien baldintzak. Gaurko araudiaren arabera, hondakinak jasotzeko zeldak hainbat geruza sintetikorekin iragazgaiztu behar dira, eta Epelekoek ez dute halakorik. 

Azkenik, zabortegiak ura drainatzeko sistema bat du, zelden alboetatik eta azpitik ura kanporatzeko, eta zabortegira ez sartzeko. Azterketen emaitzen arabera, sistema horren efizientzia gutxinaka murrizten ari da. Hala, pixkanaka gero eta ur gehiago ari da sartzen zabortegian, eta, horren ondorioz, pisu handiagoa jasotzen du. Horrek kalte egiten dio instalazioen egonkortasunari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.