Itxialdiaren lehen txandan sartu diren presoak espetxe hauetan daude: Mexiko DFko Reclusorio Norten; Belgikan, Tournay eta Monsen; Frantzian, Joux La Ville, Bapaume eta Rouenen, eta Espainian, Huelva eta Algecirasen. Orotara 37 kide dira, eta hilaren 13 arte ez dira ziegatik aterako. Halaber, itxialdiaren nondik norakoak eta arrazoiak azaltzeko kartzela bakoitzeko zuzendariari ohar bat helarazi diote presoek.Herenegun eginiko plantoaren eta atzo iragarritako txandakako itxialdiaren bidez, «borroka dinamika iraunkorrari» hasiera eman diola iragarri zuen atzo EPPK-k. Euskal Herrian, Galizian, Espainian, Frantzian, Belgikan, Erresuma Batuan eta Mexikon espetxeratuta dauden ehunka euskal presok mobilizazioari eutsiko diote, euren «jatorri eta izaera politikoa» aldarrikatzeko eta «Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren konponbidean euskal presoen kolektiboaren parte-hartzea inoiz baino beharrezkoagoa» dela azaltzeko.
«Isolamendu politikoa amaitzea» helburu
EPPK-k hasitako borrokaren helburua «isolamendu politikoari amaiera ematea eta presoei dagozkien oinarrizko eskubideak zein eskubide politikoak ezagutzea da». EPPKren ustetan, euskal presoen Euskal Herriratzeak ahalbidetuko luke herritar horiek parte-hartzea Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko has daitekeen prozesuan. Beraz, «euskal presoen eskubide politikoak aldarrikatuz, dagokien estatusaren alde» borroka egingo dute presoek.
EPPK-k adierazi duenez, bakartzea presoen oinarrizko eskubideen zein eskubide politikoen urratzean oinarrituta dago. Are gehiago, presoen kolektiboaren ustetan, bakartzea eta sakabanaketa erabiliz, «Espainiako zein Frantziako gobernuek euskal presoen kolektiboaren erresistentzia eta borroka grina bukatu nahi dute, horrela jatorri politikoa duen gatazka errazago desitxuratuko dutelakoan». Era berean, bi gobernuek kolektibo gisa «ukatzea» dutela xede nabarmendu du EPPK-k agirian.Horren aurrean, «euskal presoen estatus politikoa ezagutzearen bidean», EPPK-k atxilotuek dituzten oinarrizko eskubideak onartzeko exijitu zuen. Beraz, «torturak eta tratu krudelak, jipoiak etapresoen bakartzea» gelditzea galdegin du. Era berean, «preso gaixo larrien kaleratzea» exijitu du eta baita «ikasteko, euskaraz bizitzeko edo harremanak oztopo gabe izateko eskubideak onartzea ere.Halere, kolektiboak oinarrizko eskubideetatik eskubide politikoetara«jauzia» egin nahi duela nabarmendu zuen. Horien artean, aipatu dituzte «elkartzeko eskubidea, antolatzeko eskubidea, mintzaidearen aitortza, kolektibo bezala gainerako eragileekin harremanak izateko eskubidea eta euskal eztabaida eta erabaki guneetan parte hartzeko eskubidea».
Lehen zigorrak jaso dituzte plantoa egiteagatik
Bestetik, atzo Askatasunak zabaldu zuenez, herenegun plantoa egiteagatik Castello, Villepinte eta Muret-Seyssesko espetxeetan dauden euskal presoek jada zigorrak jaso dituzte. Castelloko espetxean bost egunerako zigor ziegetara bidali zituzten presoak. Villepinten daudenak bakartu egin zituzten, eta gaur bertan Diziplina Batzordearen aurretik pasatu beharko dute. Muret-Seyssesen diren presoak ere zigortu zituzten. Hain zuzen ere, EPPK-k hasi duen borrokaldiaren lehen urratsa izan zen joan den astelehenean espetxe guztietan eginiko planto orokorra.
-
Estatus politikoa ezagutzearen aldeko urratsak
Preso politikoaren estatusa lortzeko asmoz, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak zenbait urrats egin ditu azken bi urteotan.2003an, bi urteko eztabaida prozesua garatu ondotik, EPPK-k etorkizunerako bidea zehaztu zuen, eta horri eutsi diote kolektibo horretako kideek azken garaiotan
EPPKren agiria (2003-06-9): Donostiako Belodromoan Duintasun Testigantzak izenburupean eginiko ekitaldian, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak agiria aurkeztu zuen. Bertan, kolektiboa «askotarikoa eta batua» dela azaldu eta bitartekaritza taldea zutela iragarri zuten. Era berean, «presoen jatorri eta izaera politikoa» aldarrikatu zuten.
EPPK-k itxialdia hasi zuen (2003-09-28): «Sakabanaketaren bidez gobernuek ezarritako bakartze politikoa gainditzea» zuten helburu. Euskal Herriaren prozesu politikoan parte hartu nahi zuten.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren gogoeta prozesua (2003-11-1): Presoen aldeko dinamika definitzeko eta indartzeko gogoeta prozesua hasi zuten.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren Batzar Nazionala (2003-12-21): Euskal presoak Euskal Herriratzeko eskaera egin zuten «beren giza eskubideak urratuak izaten ari direlako» eta, halaber, «prozesu politikoan parte har dezaten».