Erabaki, ongizateari eusteko

Erabakitzeko eskubideak ongizatean izan dezakeen eraginaz aritu dira Bilbon Garbiñe Aranburu, Jon Agirre, Emilio Olabarria, Adrian Zelaia eta Igor Mera.

Gure Esku Dago-k atzo Bilon antolatutako mahai inguruan bildutakoek bat egin zuten arlo ekonomiko eta sozialerako eskumenen beharraz. L. JAUREGIALTZO / ARP.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Erabakitzeko ahalmena eta ongizatea «oso lotuta» daude. Hala berretsi zuten, atzo, Bilbon, Gure Esku Dago-k antolatutako mahai inguruan elkartutakoek. «Euskal Herrian balio kolektiboagoak daude, baina galtzeko zorian daude, beste batzuek erabakitzen dutelako gugatik». Helena Franco EHUko irakaslea aritu zen moderatzaile lanetan, eta bera izan zen lehena mahaigaineratzen guztien argudioetan errepikatuko ziren bi ardatzak: Euskal Herriko errealitate sozial eta ekonomikoa ezberdina da, baina ez dago eskumenik horri eusteko.

Erabakitzeko eskubidea zergatik baino zertarako den garrantzitsua azaltzearen garrantzia nabarmendu zuen Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak.«Bizitzaren prekarizazio prozesua bizitzen ari gara, erabaki nahi dugu egungo eredu ekonomikoa eraldatzeko». Azpimarratu zuen oldarraldi neoliberalak ekarri duela, besteak beste, bizitzaren prekarizazioa, sektore publikoen pribatizazioa, zaintza lanak emakumeen gain egotea eta babes sozial sistema egokirik ez izatea. Horren aurrean, erabakitzeko eskubidearen aldeko hautua egin zuen: «Bizitza duin bat bermatzeko ezinbestekoa da erabakitzeko eskubide ahalmen osoa izatea». Gogoratu zuen, halaber, egungo marko juridikoak ez duela eskubide hori bermatzen: «Euskal Elkargoa aurrerapausoa da, baina eskuduntza mugatua du, eta EAE eta Nafarroaren kasuan ez da jasotzen lan arloko erabakitzeko ahalmenik».

Pentsio sistema propioa

EAJko diputatu ohi Emilio Olabarriak ere marko juridikoaren mugak azaleratu zituen. Zehazki, Gernikako Autonomia Estatutuarenak: «Estatutuan azaltzen da pentsioen sistemaren gaineko eskuduntza, baina gai hori tabu bihurtu dute alderdi politiko espainolek». EAJko kidearen esanetan, Espainiako Estatuaren pentsio eredua «ez da sostengarria»; bai litzateke, ordea, euskal pentsio sistema propio bat. Espainiako pentsio sistema banaketan soilik oinarritzen dela kontuan izanik eta etorkizun hurbileko errealitate demografikoa ikusirik, Olabarriak ohartarazi zuen sistema osoa kolokan dagoela. «Eskubidea dugu gure interesak kudeatzeko eskumena izateko, eta pentsioen kasuan beharrizana ere bai». Horren harira, azaldu zuen pentsio sistemaren kudeaketaren eskuduntza «erregimen juridikoak emandakoa» aldarrikatzea dela.

Kooperatibagintza adibide

Jon Agirrek ere heldu zion erretiroaren gaiari. Ampo enpresako kooperatibistaren aburuz, gakoa ez da eztabaidatzea Madrilen edo Parisen erabakitzen diren erretiro adinak «ondo dauden ala ez». Agirreren iritziz, zifra horiek zehazteko orduan herritarrek izandako eragina da eztabaidatu beharrekoa. Kooperatibagintzak egindako ekarpena ekarri zuen gogora: «Erabaki denak ez dira zuzenak izan, baina guk hartutako erabakiak izan dira». Agirrek erabakitzeko eskubidea enpatiarekin lotu zuen: «Ez dugu berdin ikusten guk marraztutako eta bideratutako proiektua edo beste batek gugatik erabakitakoa».

Ekai Centerreko zuzendari Adrian Zelaiaren esanetan, arlo ekonomiko eta sozialeko eskumenen kudeaketa aproposak behar du «diagnostiko on bat eta lehentasunak erabakitzea». Hori burutzea, baina, gaitza dela azaldu zuen, bereziki testuinguru informatibo on bat gabe. «Herritarrek jasotzen duten informazioak ez du bat egiten beraien interes ekonomiko eta sozialekin», nabarmendu zuen. Horren adibide jarri zuen krisi ekonomikoa: «Espainiako hedabide nagusietatik jasotako informazioaren eraginez, herritarrak eta politikariak ez ziren jabetu Euskal Herriko egoera ekonomikoaz eta horren beharrizanez».

Igor Mera ESK sindikatuko kidea erabakitzeko eskubidearen izaera kolektibo soilaren aurka agertu zen. Ongizatea ardatz harturik, norbanakoen erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuen. «Herri bezala erabaki ahal dugu herri horretako norbanakoek ez badute erabakitzeko ahalmen bera?», galdetu zuen. Hala ere, argi utzi zuen hausnarketa horren atzean ez zegoela «Kataluniako prozesuaren aurka Espainiako ezkerrak erabiltzen duen errekurtsoa». Merak erabakitzeko eskubidea lurraldetasunetik haratago lantzeko beharra nabarmendu zuen.

Atzoko mahai inguruan, ongizatea ardatz, arlo soziala eta ekonomikoa izan zituzten hizpide. Saio gehiago antolatu ditu Gure Esku dago-k: otsailaren 7an, Donostian, kultura izango dute eztabaidagai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.