Autodeterminazio eskubidea. Etxarri 2012 ekimena

Erabakia eskuratzeko bidea

Urte eta erdiz memoria historikoaren eta erabakitzeko eskubidearen alde lanean ibili ostean, independentziari buruzko herri galdeketa egiteko bidea hasi du Etxarri 2012 taldeak. Gaur bukatuko dute sinadura bilketa.

Hodei Iruretagoiena
Etxarri Aranatz
2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herri baten memoria bezala, eraiki edo ezabatu egiten da herri baten etorkizuna ere. Ahaztuta, iraganean galduta geratzen den historia bezala, denborak hiltzen du egunez egun lantzen ez den etorkizuna. Etxarriarrek ez dute ahaztua euren herriaren historia, eta, agian, horregatik, etorkizuna erabaki ahal izateko bidea ari dira egiten. «Aldarrikatu nahi genuen zer izan ginen, zer garen eta etorkizunean zer izan nahi dugun», dio Mikel Mundiañok, Etxarri 2012 taldeko kideak. Bide horretan, independentziari buruzko herrigaldeketa sustatzeko pausoa eman dute orain. Sinplea da egin nahi duten galdera: «Ados al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako estatu berri baten parte izatearekin?». Bide luzea egin dute, ordea, urrats hori egiten hasterako.

2011ko uda amaieran hasi ziren elkartzen zenbait herritar. Izan ere, hurrengo urtea ez zen nolanahikoa etxarriarrentzat. Batetik, 700 urte bete ziren 1312ko irailean Etxarri Aranatz sortu zela. Eta bestetik, Gaztelak Nafarroako Erresuma ia erabat konkistatu zueneko bosgarren mendeurrena izan zen. 1512ko uztailaren 21ean sartu ziren gaztelar tropak egungo Nafarroako ipar-mendebaldetik, eta Etxarri Aranatzen bertan eman zuten lehen gaua. «Gogoa bazegoen herrian 700. urteurrena ospatzeko eta ezagutarazteko duela 500 urte gertatu zena. Eta gero, hor zegoen erabakitzeko eskubidearena ere. Dena lotuta ikusten genuen», azaldu du Manu Gomezek.

Abenduaren 3an aurkeztu zuten taldea jendaurrean, Euskararen eta Nafarroaren egunean. Bi helburu jarri zituzten: herritarrek memoria historikoa berreskuratzea, batetik, eta erabakitzeko edo autodeterminaziorako eskubidearen aldarrikapena lau haizeetara zabaltzea, bestetik. «Argi adierazi nahi dugu herritarrok erantzun bera eman izan diogula zer ginen, zer garen eta eta zer izango garen galderari, bai duela 700 eta 500 urte, baita gaur egun ere: Euskara eta Herria garela, Euskal Herria». Hala esan zuten aurkezpen agerraldian, eta egitasmoan parte hartzera gonbidatu zituzten eragile eta herritarrak. Aurkezpena baino lehen ere aritu ziren babes bila, eta arlo ugaritako 30-40 eragile inguruk eman zuten atxikimendua: politikoak, sozialak, elkarteak, kirol taldeak... «Indarrez jaio zen taldea», gogoratu du Gomezek. «Ez genuen nahi talde txiki batek antolatutako ekintzak izatea. Herrian zabaldu nahi genuen dinamika».

1. Auzi demokratikoa

Eta lortu zuten. Hamaika ekintza egin zituzten 2012. urtean. Memoria historikoa landuz, batez ere, baina beti erabakitzeko eskubidearen inguruko mezua zabalduz. Eragileek mezuarekin bat egin zutela uste du Mundiañok. Pixkanaka, zentzu hori emanez joan ziren egiten ari zirenari, eta kolore guztietako jendea biltzea lortu dute erabakitzeko eskubidearen inguruan. «Hasieratik nabaritu dugu aniztasun hori», dio Gomezek. Guztien artean, ordea, iazko urriaren 5ean aurkeztutako herri antzerkia nabarmendu dute. «Kolore guztietako jendea etorri zen ikustera. Bi aldiz bete genuen frontoia», gogoratu du Mundiañok. Ehundik gora lagunek hartu zuten parte Beste 700 baietz izeneko ikuskizunean. «Gakoa izan da tematuak egon garela horretan, buru belarri heldu diogula».

«Lanak hala bultzatuta» iritsi dira gaur egungo puntura: buru-belarri, erabakitze eskubidearen aldeko lana egitera. «Guretzat garrantzitsuena da erabakitze eskubidearen aldeko dinamika bat sortzea, eskubide hori gizarteratzeko», azaldu du Mundiañok. «Kutsatua» ikusten dute kontzeptua bera: «Askotan hartzen da independentziaren sinonimo bezala, eta erabakitzeko eskubidea eskubide bat besterik ez da. Ez da posizionamendu politiko bat, demokratikoa baizik». Mahai inguru bat antolatu zuteniazko maiatzean, horri aurre egin nahian edo. EAJren GBBko buru Joseba Egibar, ezker abertzaleko Pernando Barrena, PSNko presidente Roman Felones eta ERCko presidente Joan Tardak hartu zuten parte. Azken hark esandakoa du gogoan Gomemezek: «'Demokrata izan behar da independentista baino lehen. Demokrata izan behar da unionista baino lehen'. Badirudi pauso batzuk atzera ematea dela, baina funtsean hori da. Galdetu dezagun zer izan nahi dugun, eta herriak emango dio erantzuna».

2. Herrietatik sortuak

Argi dute Euskal Herriak eskubidea baduela bere etorkizuna erabakitzeko; herriari dagokiola hautu bat edo bestea egitea. Beste gauza bat da, ordea, eskubidea gauzatzea. «Guretzat hori da erronka». Horretarako, «herria aktibatzea» da gakoa Etxarri 2012 taldeko kideen iritziz, gertukotik eta txikitik ekitea. «Herrietan hasi behar dira horretarako bideak. Topo egingo dugu geroestatuen itxikeriarekin, debekuekin...». Eskubidearen kontzientzia gizarteratzen jarraituz gero, ziur da horrek ekarriko dituela bestelako ondorioak ere.

Sarri estatuen mugak gaindiezinak diruditen arren, «gertutik abiatuta», ahoz ahoko lanak ere egiturak mugitu ditzakeela uste du Gomezek. «Askotan, ahaztu egiten zaigu estatuak pertsonez osatuak daudela». Gaur egungo estatu egituretatik bidaltzen den mezua «geldikeria» izan arren, sentipena du «herrian» ari direla gauzak mugitzen.

Horren seinale izan liteke Nazioen Mundua taldea ere. Goierrin, 2007an hasi ziren autodeterminazio eskubidearen aldeko lanean. «Herritarrok gizartean eta gizartearen hobekuntzan eragiteko dugun ahalmenean sinetsita, geure eremutik hasi ginen autodeterminazioaren gaia gizarteratzen». Hamaika ekintza egin dituzte han ere, gerora Gazte zati bat dokumentalean bildu zituztenak.

Elkarren arteko harremana ere landu dute Aralar mendilerroaren bi magaletako herri ekinbideek. Etxarrin lanean hasi zirenerako martxan ziren goierritarrak, eta hasieratik izan dute elkarren berri, bakoitzak bere dinamika propioa duen arren. Goierritarren lelo nagusiarekin ere egin zuten bat etxarriarrek: Gure esku dago. Horixe erabailtzen dute orain batean eta bestean.

Beste maila batean, nazioko instituzioa izanik, udalerrien arteko sare zabala du berrantolatu berri den Udalbiltzak. Oraingoz, lurralde garapena eta kohesio sozioekonomikoa bultzatzea dute lehentasun nagusi, Mertxe Aizpurua lehendakariak azaldu duenez. «Dena den, burujabetzaren aldeko ekinbideak ugarituz badoaz, Udalbiltzak eskain dezake laguntzarik», gaineratu du.

3. Ariketa praktikoa

«Inposatutako nazio ukazio politikoa gainditzeko ariketa praktikoak abian jartzea» da Udalbiltzaren lehentasunetako bat. «Ariketa demokratikoa » praktikara eraman nahi dute orain Etxarrin. Iazko abenduaren 3an Zer izeneko adierazpena aurkeztu ondoren, gaur amaituko dute sinadura bilketa, udalari eskaera egiteko. «Legea sinplea da», azaldu du Gomezek. Nafarroako Gobernuak duen legearen arabera, nahikoa da bost herritarrek proposamena egin eta herritarren %10en babesa lortzea. Ondoren, udalbatzakaztertu behar du proposamena, eta gehiengo osoz onartzen bada, Nafarroako Gobernuari bidaliko dio eskaera. Ondoren, Espainiako Ministroen Kontseilura bidali edo ez erabaki behar dute han. «Nafarroako Gobernuak esango du esango duena, ziur aski», dio Mundiañok. Hala ere, pausoz pauso egin nahi dute bidea: «Ezezkoa badator, baloratuko dugu ondoren zer egin».

Kataluniako galdeketen hotsak ere nabaritu dituzte Etxarrin. Argitu dutenez, ordea, haien helburua ez da han egin zutena egitea. «Azken finean, egingo dugu, baina gure helburua da dinamika sortzea, ez galdeketa egitea», zehaztu du Mundiañok. «Gurea ekarpen bat da eztabaida gizarteratzeko, beste hamaika mila modutan egin litekeen bezala», gaineratu du Gomezek. Horretan bat dator Aizpurua ere. Subiranotasunari buruz herritarren iritzia jakitea ona dela deritzo, baina gogorarazi du beste formula batzuk ere badaudela nazioa egiten joateko. Bere bidetik, horretan ari da Udalbiltza. «Betiere, herritarren, eragileen eta instituzioen atxikimendua bilatuz».

Orain, herritarrei galdetzeko ariketa egin nahi dute Etxarrin. «Askotan esan zaigu gizarte hau ez dela heldua zenbait galderei erantzuteko. Guk uste dugu baietz», arrazoitu du Gomezek. Izan ere, elkarrizketaren, eztabaidaren eta adostasunaren alde egin arren, beti heltzen da unea herriatarren iritzia jakitea komenigarri dena. Erantzun kolektiboak emateak, gainera, pertsonen arteko harremanak hobetzen dituela ere uste dute Etxarri 2012 taldeko kideek. «Ariketa egin nahi dugu, eta herritarrei eskaini ariketa hori: heldutasunez jokatzeko ariketa praktikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.