Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaia «leialki» beteko du Espainiako Auzitegi Nazionalak, epai hori irmoa denean. Antton Troitiñoren auziaren harira erantzun dio hori Erresuma Batuko Fiskaltzari. Hori hala, epaia irmoa izan arte, Troitiñori ere Parot doktrina ezari behar zaiola berretsi du.
Erresuma Batuko Poliziak ekainaren 29an atxilotu zuen Antton Troitiño, ETAko kide izatea egotzita. Parot doktrina ezarrita, Troitiño estraditatzeko eskatu zuen Espainiako auzitegiak, uztailaren 19an eginiko auzi saioan—irailaren 21ean izango da hurrengoa—. Lehen saioan, Westmisterreko Auzitegiak Troitiño behin-behinean espetxeratzeko agindu zuen, eta Erresuma Batuko Fiskaltzak galdetegi bat bidali zion Espainiako Auzitegi Nazionalari. Galdetegi horretan, besteak beste, Estrasburgoko auzitegiak kaleratu berri duen epaia beteko duen edo ez galdetzen dio.
Efe berri agentziak jakinarazi duenez, aurreneko saioan esandakoa berretsi du Espainiako auzitegiak. Orduko hartan, Fiskaltzak eskatu zuen presoa aske uzteko, Estrasburgoko auzitegiak Parot doktrinaren kontra kaleratutako epaia kontuan hartuta, baina hark ezetz erantzun zion, argudiatuta epaia ez dela irmoa. Espainiako Auzitegi Nazionalak gogorarazi duenez, irailean aurkeztuko du Espainiak Estrasburgoko epaiaren aurkako helegitea, auzitegi horretako areto nagusian. Hori hala, dio ez duela euroagindu eskaera erretiratuko, Parot doktrinan oinarrituta dagoelako, eta Estrasburgoren epaia irmoa izan arte neurri hori betetzeko agintzen diolako Espainiako Auzitegi Gorenak.
Sutea Mansillako espetxean
Iker Aranguren presoaren bikotekideak jakinarazi duenez, igandean sutea izan zen Mansillako espetxean (Leon, Espainia). Bis a bis batean zeudela ohartu ziren horretaz. Salatu duenez, tentsio uneak izan ziren bisita geletan zeuden pertsonen artean, eta funtzionarioek oso motel jardun zuten.
Erabakia irmoa denean beteko du Espainiak Estrasburgoren epaia
Antton Troitiñoren estradizio eskaeraren harira erantzun dio hori Erresuma Batuko Fiskaltzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu