Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Erabakimenaren alde, elkarlanerako deia egin dio Amaiurrek EAJri

Koalizioak uste du jeltzaleak «nahastuta» dabiltzala eta «aurkari nagusia» Madrilen bilatu behar dutela

Espainiako Kongresurako eta Senaturako Arabako zerrendaburuak, atzo Gasteizen eginiko ekitaldian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Amaiurren ustez, EAJ «nahastuta» dabil hauteskunde kanpaina honetan, eta «aurkari nagusia» Euskal Herrian baino gehiago Madrilen bilatu behar duela erantzun dio. Jeltzaleek azken egunetan eginiko kritikek tarte zabala izan dute Amaiurreko kideen azken agerraldietan, eta adierazpen horiek «oinarrik ez» dutela salatu dute.

«Argi utzi behar da hauteskunde hauetan gure aurkari nagusiak Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenak direla. EAJ gure aurka jotzen ari da azkenaldian, eta uste dut nahastu egin dela», adierazi du Iñaki Antiguedad Espainiako Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak. Antiguedadek berretsi egin du Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde dauden indar politikoekin elkarlana bultzatu nahi duela Amaiurrek, eta horien artean EAJrekin «elkar ulertze esparruak» bilatzea koalizioaren lehentasunetako bat izango dela nabarmendu du: «Gure bide orrian dago hori».

Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, koalizioaren Bizkaiko zerrendaburuak adierazi du erabakitzeko eskubidea lortu nahi bada ezinbestekoa izango dela bi indar politiko horien artean estrategia komun bat adostea. «Zehaztu beharko da hara iristeko bide orria zein den eta Madrilen partetik zenbat ezezko jasotzeko prest gauden beste era bateko konfrontazio bat planteatzeko».

Amaiurreko kidearen arabera, alor horretan ere «autokritika» egin beharko luke alderdi jeltzaleak. «32 urte behar izan dira [Gernikako] Estatutua bezalako Lege Organiko bat betetzeko, eta ekarri diren eskumenak ekarri dira Madrilgo txandakako gobernuak EAJren bost edo sei boto behar izan dituenean». «Ez da eskumen gehiago edo gutxiago ekartzeko kontu bat, bide orri bat zehaztea baizik, Estatuarekin proiektu ezberdinak konfrontatzeko», argitu du Antiguedadek.

Era berean, Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak azken egunetan koalizioaren asmoen inguruan eman dituen azalpenak ukatu ditu Amaiurreko hautagaiak, eta Espainiako Gorteetan koalizioak parte hartze «aktiboa eta malgua» izango duela adierazi du. «[Urkulluk] ez dauka arrazoirik esaten duenean Madrilera soilik ukabila altxatzera eta independentzia oihukatzera joango garela esaten duenean».

Gizarte eta ekonomia alorretako pertsonalitateekin herenegunekitaldian esan zuenaren ildotik, Antiguedadek berretsi egin du Amaiurrek parte hartuko duela Espainiako Gorteetan, «modu iraunkorrean izango ez bada ere». «Euskal Herriaren nortasuna ukatzen duten instituzio horiek inoiz ez dira izan eta ez dira izango erreferentziazko instituzioak guretzat».

Hala ere, Espainiako estatuak bizi duen «krisi bikoitzari: ekonomikoari eta Estatuaren lurralde egiturari dagokiona» aurre egiteko Amaiur indar abertzale zein aurrerakoiekin «konplizitateak eta sinergiak» lortzen saiatukodela nabarmendu du. «Amaiur eragile politiko horien lana osatzera dator, nazionalitate historikoen izaera onartua izan dadin eta krisialdi ekonomikoari aurre egiteko ezkerreko posizioetatik lan eginez; eta hor ez dut PSOE kokatzen», azaldu du Antiguedadek.

Arabako Amaiurreko Senaturako zerrendaburu Pedro Mari Olaetak ere EAJko kideen kritikak erantzun ditu, eta koalizioak «euskal herritarren interesak» Madrilen defendatuko dituela nabarmendu du. «Aurkariz nahasten ari zarete, etsaia Madrilen dago», adierazi die jeltzaleei, Gasteizen eginiko ekitaldi batean. Olaetak gogoratu duenez, azaroaren 20ko hauteskundeetara begira, «indar abertzale guztiak batzeko eskaintza» egin zuten Amaiur osatzen duten indar politikoek, «baina EAJ izan zen aukera horri atea itxi ziona», salatu du.

«Bozgorailua» Madrilen

Senaturako zerrendaburuaren arabera, boz hauek «aukera ezin hobea dira gatazka politikoari irtenbidea bilatzeko» eta «PP-PSEk eta EAJk sostengatzen duten eredu kapitalista eta neoliberalari aurre egiteko». «Eta bide horretan euskal herritarren eta arabarren ahotsa jasoko duen bozgorailua izango da Amaiur», nabarmendu du Olaetak.

Arabarrei mintzatuz, Madrilen euren nahiak defendatzeko ordezkari bat lor dezaketen «lehen aldia» izan daitekeela esan die Olaetak. Hori hala, Arabarekin lotutako hainbat gai izan ditu hizpide. Ingurumenarekiko politika iraunkorrei aipamena eginez, Oletak «benetan» iraunkorra den eredu baten alde egin du, «Garoñatik eta gure akuifero naturalak pozoituko dituen gas naturalaren erauzketatik urrun».

Trebiñuko herritarrak ere izan ditu gogoan. Hango herritarren eskubideen alde Amaiurrek «etengabeko konpromisoa» erakutsi duela nabarmendu du, eta bertako hauteslekuetan egongo direla gogoratu du.

Eibarren eginiko ekitaldi batean, berriz, Maite Aristegi Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak esan du igandeko bozetan «euskal herritarren ahotsaren tamaina» dagoela jokoan, eta koalizioaren helburua gatazkaren konponbide prozesuan «beste mugarri bat jartzea» dela. Bozetan parte hartzeko deia egin du Aristegik. «Herriz herri, auzoz auzo, atez ate. Mundu guztia konbentzitu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.