Erabakitzeko eskubidearen alde lan egitera deitu du Udalbiltzak

2016ko martxoaren 26a
21:59
Entzun

«Sentsibilitate ezberdineko herritar oro» Aberri Eguneko deialdietan parte hartzera deituz eman zuen atzo Udalbiltzak argitara bere adierazpen instituzionala. «Euskal Herria aintzat hartzen duen herritar orori» egiten zaio deia bertan, erabakitzeko eskubidearen alde lan egin dezan. Eta eragile politikoei ere bai beste bat, «Euskal Herriaren kohesioaren alde urrats eraginkorrak» egin ditzaten.

«Baikortasunez eta esperantzaz» bizi du Udalbitzak sasoi politikoa hau, bere adierazpenean nabarmentzen duenez. «Hauteskunde zikloa amaituta, eta herritarrak ahalduntzeko egiten ari diren ahaleginak eta erabakitzeko eskubidearen aldarri ozenak egoera ezin hobean jartzen dute Euskal Herria herriago izan dadin». Datozen hilabeteetan Gure Esku Dagok bultzatuta hainbat herrietan egingo diren galdeketak gogora ekarri eta goraipatzen ditu Udalbitzak. Erabakitzeko eskubidearen «ariketa praktikoa» egingo dela nabarmenduz, eta «euren borondateaz» galdetuko zaiela azpimarratuz: «Inposaketarik gabe, mehatxurik gabe, libre eta aldarte onean. Ariketa demokratiko osasuntsuan».

Zubiak eraikitzen

Eta baikortasun horren baitan ikusi du Udalbitzak azken hilabeteotan alderdi abertzaleen artean arazo ziren hainbat gai «konponbidearean atarian» jarri izana —zuzenean haiei erreferentziarik egin gabe, Eudeli eta Udal Legeari buruz ari da, besteak beste—. «Gaur arte apurtuta zeuden zubi batzuk eraikitzen hasi dira».

Nafarroako Gobernuak emandako urratsak ere «esanguratsuak» iruditu zaizkio Udalbitzari «Euskal Herriko garapenari begira». Izan, eremu ez euskalduneko sare publikoko ikastetxeetan euskaraz ikasteko zegoen debekua altxatu duelako, izan Akitania-Euskadi Euroeskualdearekin bat egin duelako berriro. Zentzu berean, Ipar Euskal Herria instituzionalki ezagutua izateko ematen ari diren urratsak eta Euskal Herrian sortzen ari diren indar politiko berriak ere ekarri ditu gogora Udalbiltzak. Testuinguru horretan, konpromisoa hartu du Euskal Herriko instituzioen arteko «elkarlana» bultzatu eta «zubigintzan» lan egiteko.

Agiria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.