Zabala eta herritarrek sortua izan nahi du Gure Esku Dago plataformak. Herritarrek elkarlanean sortutako gizarte sarea. Euskal Herri mailakoa. Hain zuzen, Gipuzkoako Goierrin abiatu, eta, besteak beste, Gazta zati bat dokumentalak utzi duen eredua oinarri hartuta, Euskal Herri osora zabaldu nahi du.
Ekainaren 8an aurkeztuko dute plataforma Irungo Ficoba azokan, eta aurkezpena bera zabala izango da; pentsaera eta jatorri askotako herritar askok egina. Horixe irudikatu du aurkezpenaren berri emateko ekitaldiak ere. Euskal Herriko txoko eta eremu ugaritako 40 bat lagunek egin dute deia. Bertan izan dira, besteak beste, Angel Oiarbide eta Ander Arrese, Nazioen Mundua herri mugimenduko kideak; Zelai Nikolas, legelaria; Manu Gomez eta Imanol Goirigoizarri, Etxarri eta Mungiako hautetsi izanak; Kirmen Uribe, idazlea, eta Kepa Junkera idazle eta musikaria. Guztiak maila pertsonalean, herritar gisa.
Ekimena sustatzeko kantaren egileak dira Uribe eta Junkera. Idazleak egindako hitzei Junkerak eta Eñaut Elorrietak jarri diete musika. Baina elkarlanaren erakusgarri, 23 musikarik hartu dute parte erabakitzeko eskubidearen aldeko kantan. Horien artean dira Pantxoa eta Pello, El Drogas, Doctor Deseoko Francis, Xabi Solano, Erramun Martikorena, Antton Valverde, Ines Osinaga, Aiora Errenteria, Jose Inazio Ansorena, Xabier Berasaluze Leturia eta Juan Mari Beltran, besteak beste. Kanta eta bideoklipa ere ekainaren 8ko ekitaldian aurkeztuko dituzte.
Zelai Nikolasek, martxan dagoen "erabakitzeko eskubidearen trenera" igotzeko deia egin die herritarrei. "Ezin da pasatzen utzi".