Eskua luzatu dio berriro Amaiurrek PPri. Nahiz eta Kongresuan euren ahotsa isilarazteko asmoarekin ikusten duten Alderdi Popularra, Amaiurrek «erantzukizunez» joka dezala eskatu dio Mariano Raxoi Espainiako gobernuburu izendatu berriari. Xabier Mikel Errekondo eledunak «erabateko konponbidea» lortzeko dei egin dio. Hala, Raxoik berak Kongresuan alderdi guztiekin hitz egiteko prest zegoela esan ostean, hitza betetzeko eskatu dio Errekondok, eta «ausardiaz» jokatzeko eskatu. Amaiurren arabera, «garai historikoa» da hau, eta, «benetako bakea lortzeko» aukerak badaudenez, euskal gizartearen nahiari erantzun eta elkarrizketari heltzeko mezua helarazi dio.
Iruñean eskaini zuten prentsaurrekoa Amaiurreko parlamentariek. Bertan ziren Errekondo, Sabino Cuadra, Rafa Larreina, Maite Aristegi, Jon Iñarritu eta Iker Urbina. Azken bi astean Kongresuan izaniko jardunaren balorazioa egin zuten. Errekondok eta Sabino Cuadrak nabarmendu zuten —batek euskaraz eta besteak gaztelaniaz— luzatutako eskuari uko egin diola PPk temati eta elkar ulertzeko saio orori ateak itxi dizkiola.
Errekondoren arabera, Amaiurri parlamentu taldea ukatzeak argi erakusten du zein den PPren jarrera: «Adierazten du oraindik garai zaharretan eta politika atzerakoietan kokatua dagoela gobernua, politika ukatzailean segitzen dutela eta izugarrizko beldurra diotela konfrontazio demokratikoari». Bai parlamentu taldearen inguruko erabakiak, bai Iñaki Antiguedadi astearteko eztabaidan emandako erantzunak PPren «itxikeria» islatzen dutela uste du Errekondok, eta, erronka berriei «erantzun berberak» eman ordez, erantzun berriak emateko aholkatu dio Raxoiri.
Horrenbestez, Amaiurreko parlamentariek dei zuzena egin diote Mariano Raxoiri. Batetik, konponbideari «bere osotasunean» heltzea eskatu diote, Aieteko Nazioarteko Bake Konferentziak ezarritako bidean. Bestetik, eskatu diote egoerak eskatzen duen mailan egon dadila. «Raxoi jauna, balia ezazu aukera paregabe hau. Estatu gizon baten gisara joka ezazu, eta ez Barne ministro baten modura. Ez ezazu huts egin, eta eman pauso bat aurrera», esan zuen Cuadrak.
Asteartean, Mariano Raxoik erantzun zuen ez berak ez espainiar gizarteak ez diola ezer zor Amaiurri. «Guk ez dugu ezer zor. Guk aldarrikatzen dugu Espainiako presidente moduan jokatu dezala». Asteartean Raxoi oraindik presidentegai zen, eta Errekondoren arabera Amaiurri erantzuterakoan bere iritzi pertsonala eman zuen, bere alderdikideen txaloak ateratzeko. «Orain, berriz, Espainiako gobernuburu da eta izugarrizko ardura hartu du bere gain», azaldu zuen.
Raxoiri dagokion ardura erakusteko, Errekondok gogora ekarri du Aieteko Adierazpenarekin bat egin duten nazioarteko begiraleek Euskal Herrikoa «Europako azken gatazka» bezala definitu dutela. «Europak modu horretan ikusten badu, PPko gobernuak ere horrela ikusi beharko luke».
Zauria itxi beharra
Kongresuko esperientziak balio izan dio ikusteko Kongresuko alderdi gehienek ere ontzat jotzen dutela Euskal Herrian abiatu den garai politiko berria. Horregatik, Amaiurrek berriz dei egin dio behin betiko bake iraunkorra lortzeko. Bestela, «zauria gaizki ixteko arriskuaz» ohartarazi zuen.Errekondok zehaztu zuen zein garrantzitsua den «eragile guztiak garaile» aterako diren jokaleku bat lortzea, hori izango delako benetako bakea lortzeko modua. «Bestela, gizartearen gehiengo bat ez badago pozik emaitzarekin, gaizki itxitako zaurien moduan zorna atera daiteke, eta etorkizun batean arazoak sortzeko arriskua egon daiteke».
Gainera, Errekondok PPri gogora ekarri zion Gernikako Akordioan jasota datorrela ETA desegiteko eskaera eta horren alde ari direla lanean aspalditik. Euskal gizartea helburu horrekin ados egoteaz gain, Euskal Herriaren eskubideak aitortuko dituen konponbide baten alde ere egiten duela ere gogorarazi zion PPri, eta eskaera horri erantzutea Raxoiri dagokiola azaldu zuen.
«Erabateko konponbidea» lortzera deitu du Amaiurrek Mariano Raxoi
Nahiz eta orain arte PPk «itxikeria» azaldu duen, Amaiurrek «ausardiaz» jokatzeko eta garai historiko hau baliatzeko eskatu dioEragile denak asebeteko dituen behin betiko bakea lortzearen garrantzia azpimarratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu