Eragile memorialistek Erorien Monumentua eraisteko exijitu dute, «frankismoari gorazarre» egiten diolako

Monumentua eraistearen aldeko plataformak Iruñeko Udalari exijitu dio «beharrezko pausoak» ematea. Haien esanetan, eraikina ez eraistea «iraina» da biktimentzat.

Gaur goizeko prentsaurrekoa. BERRIA
Gaur goizeko prentsaurrekoa. BERRIA
Iosu Alberdi.
2025eko maiatzaren 15a
13:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen aldeko plataformak dei egin dio berriz ere udalari «beharrezko pausoak» eman ditzan eraikina botatzeko. Eragileen esanetan, Espainiako Memoria Demokratikoaren Legea argia da, eta zehazten du sinbolo frankistak ezabatu egin behar direla. «Eraikina sinbolo bat da eraiki zenetik, eta hala izango da eraitsi arte», salatu dute, eta argudiatu eraikina memoria zentro bilakatzeak ez duela aldatuko haren esanahia.

Yolanda Ansok eta Koldo Amatriak hartu dute hitza eraistearen aldeko eragileak biltzen dituen plataformaren izenean, eta adierazi dute eraikina bera sinbolo frankista bat dela eta moldaketek ez dutela balioko hori ezabatzeko: «Giza eskubideen aldeko zentro bati eskaini arren, frankismoari gorazarre egiteko eraikin bat izango da aurrerantzean ere».

Horregatik, uste dute Erorien Monumentua eraistea dela irtenbide bakarra. Argudiatu dute giza eskubideen nazioarteko legediak eta biktimen erreparaziorako eskubideak hala exijitzen dutela, eta Espainiako Memoria Demokratikoaren Legeak ere norabide bera markatzen duela. Are gehiago, uste dute eraikina mantentzea, eraldaketa gehiago edo gutxiago eginda ere, «iraina» dela frankismoaren biktimentzat. Zehaztu dute ez duela bat egiten biktimak berriro ez biktimizatzeko eta halakorik berriro ez gertatzeko bermeak ezartzeko helburuekin.

Horiek hala, Iruñeko Udalari eskatu diote bat egin dezala plataformaren eskariarekin eta agindu dezala Erorien Monumentua eraisteko. Uste dute hori litzatekeela azken urteetan hartu diren beste zenbait neurriri segida emango liokeena; besteak beste, Jose Sanjurjoren monumentua eta hainbat plaka kendu eta kale izendegia aldatu izana. «Ez dauka zentzu handirik Eusa kale izendegitik kentzeak eta haren lanik frankistena zutik uzteak», salatu dute, gogora ekarrita Iruñeko Udalak erabaki zuela Victor Eusaren izena daraman kaleari beste deitura bat jartzea. Hain zuzen, Erorien Monumentua sustatu zuen arkitektoa da Eusa, eta frankismoarekin zuen loturagatik erabaki zen kale izendegitik kentzea.

Hori kontuan izanik, Erorien Monumentuari esanahia aldatzea adostu duten hiru indar politikoei ere erreparatu die plataformak. PSNri, EH Bilduri eta Geroa Bairi exijitu diete legeekin «iruzurrik» ez egitea, eta dituzten asmoak bertan behera uztea. Izan ere, hiru alderdi horien botoei esker, Nafarroako Parlamentuak xedapen bat gehitu zion Memoria Historikoaren Legeari, Erorien Monumentua eraldatzea «errazteko». «Eraikin hori frankismoa goratzeko sortu zen, eta diktadorea hil zenetik ez da ezer egin eraikina gaurko errealitatera egokitzeko, biktimen minari aurre egiteko», esan zuen PSNko Inma Juriok, eta hori aldatu nahi dutela gehitu. 

Urrats hori egin ostean, baina, gogor mintzatu ziren elkarte memorialistak. Agerraldi batean, salatu zuten eraispena eragozteko egin zela moldaketa: «Gaztela eta Leonen [Espainia] PPk eta Voxek jokatu bezala jokatu dute haiek ere. Italiar faxista hilen omenez altxatutako piramidea babestu dute han». Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartea ere antzera mintzatu zen. «Hura botatzeko garaia da, biktimak berriz biktimizatzen baititu etengabe», adierazi zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.