Hego Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalek urte hasieran murrizketen aurka abiatutako elkarlanak aurrera jarraituko du. Bi egun erantsi dituzte mobilizazio egutegian: maiatzaren 20an manifestazioak egingo dituzte Gasteizen —12:30ean Andre Mari Zuriaren plazatik— eta Bilbon—12:00etan Zabalburutik—, eta hilaren 26an Iruñean —17:30ean autobus geltokitik— eta Donostian —17:30ean Bulebarretik—. «Lan merkatua desarautzea, zerbitzu publikoak edukiz hustea eta borrokarako eskubidea deuseztatzea du helburu sistema kapitalistaren berregituratzeak. Inoiz ikusi gabeko erasoa egiten ari zaie eskubide laboral eta sozialei», salatu zuen atzo Pentsionistak Martxan taldeko Mikel Argiñarenak.
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuak daude deitzaileen artean, baita ia 50 elkarte ere, tartean feministak, ekologistak, pobreziaren eta arrazakeriaren aurkakoak, eskubide sozialen aldekoak, langabeen batzarrak, auzo elkarteak eta alderdietako gazte taldeak.
Ggora ekarri dute zerbitzu publikoetan eta gizarte laguntzetan eragiten ari direla murrizketak. Etorkinak eta pentsiodunak dira kaltetuenak, laguntzak jasotzeko baldintzak zorroztu baitituzte. «Laguntzak jasotzea kriminalizatu egiten da, eta lanik gabe dagoenari bere egoeraren errua leporatzen zaio». Hala, «politika publikoak goitik behera aldatu beharra» aldarrikatuko dute.
Murrizketak ez aplikatzeko eta «inposizioari» aurre egiteko, «ekintza politikoa» galdegin du SOS Arrazakeriako kide Brigida Ridruejok: «Ez dugu onartzen erakunde batek esatea ez duela erabaki horiekin bat egiten baina aplikatzea eta helegite bat sartzea». LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek erantsi du arazoa ez dela neurriak Espainiako Konstituzioarekin bat datozen ala ez, baizik eta «euskal jendarteak arbuiatu» egin dituela.
Era berean, aldarrikatu du gizarte mugimenduek parte hartu behar dutela administrazioek krisitik ateratzeko hartzen dituzten erabakietan. Aurreko mobilizazioei «kriminalizazioz eta errepresioz» erantzun izana deitoratu du Etxaidek: «Kaletik bota nahi gaituzte, mobilizazioak agerian uzten ari direlako krisiaren neurria, eta politikaren eta jendartearen arteko haustura».
Eragile sozialek dei egin dute protesta gehiagotara
Hilaren 20an eta 26an manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu