Atzo hil zen Gorka Agirre Arizmendi EAJko kide historikoa, gaixotasun baten ondorioz, eta EAJk gaur zabaldu du haren hil kapera, Bilbon, Sabin Etxea egoitzan, jendeak hari agurra emateko. 11:00etan ireki dute -bostak arte-, eta ordurako han ziren Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria, Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidentea edota horko hainbat kide: Andoni Ortuzar, Joseba Egibar, Iñaki Gerenabarrena...
Hauek ere izan dira: Xabier Arzalluz EAJko EBBko presidente ohia, Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoa, EAJko beste hainbat kide (Josu Erkoreka, Joseba Zubia, Pedro Azpiazu, Emilio Olabarria, Iñaki Anasagasti, Josune Aristondo, Margarita Uria, Juan Mari Atutxa...), Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Xabier Agirre Arabakoa, Markel Olano Gipuzkoakoa, Iñaki Azkuna Biboko alkatea eta hango EAJko zinegotzi denak, Arnaldo Otegi, Tasio Erkizia eta Jone Goirizelaira ezker abertzaleko kideak, Joseba Azkarraga EAko idazkari nagusi ohia eta Eusko Jaurlaritzako jarduneko sailburua, Javier Madrazo EBko koordinatzaile nagusi ohia, Jonan Fernandez Elkarri-ki kide ohi eta Baketik-eko zuzendaria, Edurne Brouard AEK-ko kidea, ELAko ordezkariak, Dani Arranz Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari ohia...
Hileta elizkizuna astelehenean izango da Bilbon, Abando auzoan, San Bizente elizan, 19:00etan hasita -Sabin Etxetik bertan dago eliza-.
Anberesen (Flandria) jaio zen Agirre, duela 60 urte -astelehenean bete zituen urteak-, eta hiru seme-alaba zeuzkan.
Agirre urteetan izan zen EAJko EBBko partaidea: 1988tik 2007ko abendura artean, Xabier Arzalluz eta Josu Jon Imaz zirela EBBko buru. Alderdian nazioarteko harremanen ardura eduki zuen eta, gainera, ezker abertzalearekin hartu-emana izateko ardura ere bazeukan.
1998ko irailean alderdi, sindikatu eta eragile abertzaleek eta, besteak beste, EBk Lizarra-Garazi akordioa sinatu zutenean, Agirre izan zen EAJren aldetik hura mamitzen aritu zen kideetakoa, Joseba Egibar eta Juan Mari Ollorarekin batera.
Urte berean EAJk CiU (Katalunia) eta BNG (Galizia) alderdi abertzaleekin Bartzelonako Adierazpena sinatu zuen, eta han izan zen Agirre, izenpetzean.
2006an Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAren zerga iraultzailea-n bitartekari lanak egitea leporatu zion. 2008an libre utzi zuten, kargurik gabe.
Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako aurreneko lehendakariaren iloba zen Gorka. Haren aita Juan Mari Agirre, Belgikan Jaurlaritzaren ordezkaria izan zen.
Deia egunkarian hamaika artikulu idatzitakoa da Gorka Agirre, J. Txindoki goitizena erabilita.
Zientzia Ekonomikoak ikasi zituen Lovainako (Flandria) Unibertsitatean.
Politika
Eragile ugari izan da Sabin Etxean, Gorka Agirreren hil kaperan
11:00etan heldu da EAJko historikoaren hilkutxa eta han zeuden Ibarretxe eta Urkullu. Beste hainbat kide ere izan dira: Arzalluz, Azkuna, Otegi, Madrazo, Azkarraga... Hileta elizkizuna etzi egingo dute, Bilbon. Atzo hil zen Agirre, gaixotasun baten ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu