Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Erreakzioak. Unai Sordo. CCOO sindikatuko idazkari nagusia

«Eragileak kokatzen ari direla uste dut, baina unea iristean lagunduko dutela»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
BIlbo
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Baikor dago CCOO sindikatuaren EAEko idazkari nagusia. Konponbiderako oinarriak badaudela uste du, konferentziaren baliagarritasuna handia dela eta parte hartu ez zutenak ere batuko direla prozesura. Dena den, ez duela «triunfalismoetan» erori nahi adierazi du, ETAren agiriaren berri jakin baino lehen eginiko solasaldian.

Zein balorazio egiten duzu konferentziaren inguruan? Zer eman du?

Eremu zabaleko erakunde politiko eta sindikal guztien jarrerak entzuteko aukera egon zen bilkura izan zen, nazioarteko sei pertsonalitateren deklarazioarekin amaitu zena. Uste dut guztiok dakigula konferentziari izan dezakeen baliagarritasun handia eman edo kenduko diona ondoren etorri behar duten pausoak direla, ETArena batez ere. Bake egoera ahalbidetzen lagun dezakeen ekimena izango dela espero dugu: ETA desagertzea eta Euskadin bizitza politikoaren normalizazioa ekarriko dituena.

Zuk zeuk parte hartu zenuen Aieteko bilkuran. Zein inpresiorekin itzuli zinen?

Berrogei hitz hartzetik gora egon ziren, eta praktikoki denok egin genuen bat bestelako garai politiko batean sartzen ari garela eta ETAk ekintza armatuak betiko amaitu behar dituela. Eta ia aho batez aldarrikatutako beste elementu garrantzitsuak ere izan ziren: biktimen aitortza, espetxe politikan aldaketak eskatzea eta alderdi politiko guztiek parte hartuko duten normalizaziorako prozesura joan beharra. Uste dut praktikoki hitz hartze guztietan atera ziren mezuak izan zirela; jakina, ETAk ekintza armatuak betiko uzten dituela esan ondoren.

Hortaz, esan daiteke dirudien baino adostasun handiagoa dagoela alderdi eta eragileen artean?

Bai, lau puntu horiei dagokienez behintzat. Konferentziako deklarazioak hori jasotzeko erabilitako semantika gustukoago izango dute batzuek, beste batzuek baino, baina tira, horren guztiaren baliagarritasuna hemendik aurrerako gertaerek argituko dute. Guztiok dakigu hau prozesu bat dela, eta uste dut konferentziak eginbehar garrantzitsua beteko duela. Hala ere, denborak esango du hori.

Badago aurrera egiteko oinarri bateratu bat, beraz?

Baietz uste dut. Bai ETA eta bai ezker abertzalea ohartu dira orain arteko bideak ez duela gehiagorako ematen; eta, bestetik, euskal gizartea aldatu egin da. Bi arlo horien garapenak ekarri gaitu egoera honetara, eta uste dut ez duela atzera bueltarik. Baina bide berrian aurrera egitekomugarri batzuk gainditu behar dira, eta, segur aski, horietako bat izango da konferentzia.

PP, UPN eta UPD ez ziren konferentzian izan. Haien faltan sumatu zenuten?

Uste dut garrantzitsua dela indar politiko guztiek egitea herri honen etorkizunerako ekarpenak, baita aipatu dituzun horiek ere. Ez dut zalantza izpirik. Dena den, ni ez naiz inor beste inoren parte hartze eza epaitzeko. Hala ere, argi dago erakunde politiko guztiak konponbidearen eta normalizazio politikoaren parte direla.

ETAk urrats hori egiten badu, alderdi horiek, Espainiako eta Frantziako gobernuak prozesura batuko direla uste duzu?

Ez dakit, zaila da jakitea. Hala ere, batzuk konferentziara joan edo ez joan, iruditzen zait mundu guztia ari dela mezuak asko neurtzen; baita han egon ez ziren eragileak ere. Eta uste dut horrek erakusten duela mundu guztia ohartu dela gauzak mugitzen ari direla, eta egoera aurki aldatuko dela. Pentsatzen dut mundu guztia ari dela kokatzen, eta kontuan hartu behar da ere hauteskundeak ditugula laster eta oso garrantzitsuak izango direla.

Beraz, oraindik batzuk aurkako mezuak ematen ari diren arren aurrera begira ekarpenak egiteko prest daudela uste duzu?

Bai. Uste dut benetako momentua iristen denean mundu guztiak egingo dituela ekarpenak, batzuek zenbaitetan aurkakoa diruditen adierazpenak egin arren. Orain denak ari dira kokatzen, eta pentsatu nahi dut azkenean mundu guztiak izango duela nahikoa ikuspegi egoera honi arrazoizko parametroetan irtenbidea emateko. Alegia, eragileak kokatzen ari direla uste dut, baina unea iristen denean denek lagunduko dutela.

Zein ekarpen egin dezakete sindikatuek eta gizarte eragileek?

Herritarrek zilegitasuna alderdi politikoei ematen diete, eta horiek dira prozesu politikoak lideratu behar dituztenak. Sindikatuek normalizazioan lagun dezakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.