«Konferentzia eta nazioarteko eragileen presentzia eta esku hartzea beharrezko urratsa da normalizazio politikorako eta gatazkaren konponbide prozesurako.
Egia da nazioarteko eremu horretan oso zaila dela, gatazkaren une honetan, estatuen presentzia eta esku hartzea zuzenekoa gertatzea. Horiek, seguruenik, beranduago etorriko dira. Uste dut bestelako eremuetan eta eragileen pausoak datozenean, orduan sartuko direla estatuak eta Europako Batasuna, konpromiso askoz ere aktiboagoarekin. Baina giro hori berotzeko eta giro horretan laguntzeko, beharrezkoa da nazioarteko presentziaren bat edukitzea.
Nire ustez, prozesuak gisa honetako esku hartze bat behar zuen une honetan. Momentu honetan bildu dira garai batean ardura politikoak izan dituztenak, ardura instituzional oso garrantzitsuak izan dituztenak, Kofi Annanengandik hasita. Uste dut lehenengo urratsa egin dutela haiek eta oso ondo bete dutela eginbehar hori.
Adostu duten agiriari dagokionez, uste dut oso ondo definitzen duela zein den eragileek erabili behar duten marko diskurtsiboa. Zeintzuk izango diren terminologiak, zeintzuk izango diren planteamendu politiko sakonak. Eta, horregatik, uste dut askotan prentsan eta bestelako agerpen publikoetan agertzen diren terminologiak —desegitea edo armak uztea, adibidez— borroka politiko legitimoan erabili daitezkeen terminoak direla. Baina argi eta garbi uste dut agiri horrek utzi duela diskurtso bat, adostua dagoen diskurtsoa, nire ikuspegitik.
Eta, horretan, oso esanguratsua iruditzen zait atzo [herenegun] Raxoik Bilbon esandakoa. Uste dut Raxoi Bilbora etorri zela, hain zuzen ere, esatera hitz egingo dela; zein egunetan? Ba, ETAk erabakitzen duenean bertan behera utziko duela bere jarduera armatua. Ez desegiten denean edo armak uzten dituenean, baizik aurretik ere hitz egin beharko dela. Eta uste dut konferentzia horren eraginkortasuna ikusten dela Raxoik Bilbon esandako hitz horietan».
@Iritziaren bideoa honako helbide honetan ikusgai: www.berria.info/berriatb/
Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Elkarrizketa. Mario Zubiaga. Zientzia Politikoetako irakaslea EHUn
«Eragileek erabili behar duten marko diskurtsiboa definitzen du ebazpenak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu