Jaurlaritzaren aurrekontuak

Eragileek salatu dute aurrekontuek ez dutela bermatzen «bizi duina»

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, 2020ko aurrekontuak salatu, eta lan, bizi eta pentsio duinak eskatu ditu. Eragile sozial eta sindikalek adierazi dutenez, aurrekontuek ez dute ezer «berririk» bermatzen, eta izaera «antisoziala» eta «neoliberala» dute.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak manifestazioa egin du gaur Gasteizen. BERRIA
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko abenduaren 16a
09:33
Entzun

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten eragile sozial eta sindikalek agerraldia egin dute gaur goizean Gasteizko Iradier Arenan. Goizeko hamarretan hastekoa zen ekitaldia, baina ordu laurden atzeratu da bertaratutakoen joan-etorrien ondorioz. Eraikinaren barrualdean jarritako eserlekuak ez ezik, bertako harmailen heren bat ere bete da. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2020ko aurrekontuak salatzeko batu dira gaur eragile zenbait. Ohartarazi dutenez, aurrekontuek ez dute bermatzen «bizi duina», eta beraz, dei egin dute urtarrilaren 30ean lan, bizi eta pentsio duinen alde egingo den greba orokorrean parte hartzeko.

Eusko Legebiltzarrean 2020ko aurrekontuen osoko zuzenketak eztabaidatu bitartean, pailazo batek eman dio hasiera Iradier Arenako ekitaldiari. Arropa arrosa jantzita, eta hiru kaxa aldean, azaldu du bera izango zela ekitaldiko aurkezle nagusia, eta hala, lehen ordezkariei oholtzara igotzeko eskatu die. Ana Perez Steilas sindikatuko ordezkariak hartu du lehen hitza. Salatu du, besteak beste, botere publikoak «klase menderatzaileen» mesederako adosten dituela neurriak, «herritarrek dituzten beharren gainetik». Haren ostean, Javier Saenz ESK sindikatuko ordezkariak hartu du hitza. Zerga sistema izan du gogoan: «Badago aukera berri bat; bizi duinak errespetatzen dituen zerga sistema bat behar da, iruzurrik eta desberdintasunik gabekoa».

Bi sindikatu horien hitzartzearen ostean, Lorea Urretak hartu du lehen hitza. Etxeko langileen eskubideen alde borrokatzen da; baita gizarte bazteketaren aurka ere. Txalo artean jaso dute, etxeko langileen borroka omendu nahian. Bibi Lirsa Irungo (Gipuzkoa) Erletxea informazio bulegoko partaidea ere bertan da. Adierazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek sinatutako aurrekontu akordioak murrizketak eragingo ditu familia «pobreenen» diru sarreretan, eta, beraz, «bidegabea» dela adostutakoa.

Aurrekontua, gizarte eragileen ikuspegitik

Gizarte eragileak ere batu dira gaurko ekitaldira. Pentsiodunek azken bi urteetan egin dituzten mobilizazioak izan dituzte oinarri, eta, besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsio duina eskatu dute. Esther Arrutik, Irene Elortzak eta Iñigo Lezak ere hitz egin dute. Arrutik esan du aurrekontuak «zuritze morea» direla, eta ez direla feministak. Elortzak, berriz, gehitu du gazteentzat ere ez direla onuragarriak; esate baterako, nabarmendu du emantzipaziorako aukerarik ez dutela bermatzen. Azkenik, Lezak buelta bat eman die Eusko Jaurlaritzaren hitzei: «Jaurlaritzak dio aurrekontuak berdeak direla, baina, pertsonak natura bezala, baliabide modura ikusten du». Zenbait proposamenen aldarrikapenen pean, gizarte eragileetako lau ordezkariek ere greba orokorrerako deia egin dute.

«Antisozialak» eta «neoliberalak»

Garbiñe Aranburu eta Mitxel Lakuntza LABeko eta ELAko idazkari nagusiek hartu dute azken hitza. Gero, manifestazioa egin dute Eusko Legebiltzarreraino. Aranbururen arabera, EAJren aurrekontuak «neoliberalak eta antisozialak» dira; «elite ekonomikoaren» aldekoak. Areago, Elkarrekin Podemosek hartutako norabidea ere salatu du: «Elkarrekin Podemos logika kapitalista eta neoliberal batean sartu da EAJri eskua eman dion momentuan». Hala, LABeko idazkari nagusiak berretsi du urtarrilaren 30ean instituzioek aurrean izango dituztela, pentsio eta soldata duinen alde eta indarkeria matxistaren aurka.

Lakuntzak, berriz, nabarmendu du aurrekontuetan ez dela aurrerapenik egon: «Ez dira berdeak, ez moreak, ezta sozialak ere; orain bi urte PPrekin onartu ziren ia berberak dira». Hain zuzen ere, bat egin du Aranbururekin aurrekontuek duten izaera «antisoziala» eta «neoliberala» berresteko orduan. Haren esanetan, Elkarrekin Podemosek ontzat jo ditu gaur arte aurrekontuetan kritikatu izan dituen zenbait marra gorri. Lakuntzak ere «isiltasuna» apurtu eta «egia» kalera atera beharra azpimarratu du: «Grebara deitu genuen bestela posible ez diren lorpenak daudelako. Greba batek ahotsa ematen digu, ikusgarriago egin».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.