Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Kontseiluak eta Udako Euskal Unibertsitateak antolatu dituzte jardunaldiak, hirugarren urtez. Aurten Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresnaren oraina eta etorkizuna irudikatzea dute helburu, "esperientzia zehatzak aurkeztuz, balizko kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileez hausnartuz, eta ELE tresnaren txertaketa legal posiblea iradokiz".
Topaketak maiatzaren 12an egingo dira, Donostian, EHUren Carlos Santamaria zentroan. Matrikula doan da, eta UEUren webgunean eman daiteke izena. Prentsaurrekoan Mikel irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Josu Labaka Uemako lehendakariak eta Iñaki Alegria UEUko zuzendariak hartu dute parte.
Irizarrek abiatu du aurkezpena: “Hirigintzak edo herri lanek ingurumenean zuten eragina neurtzen hastea zerbait exotikoa izan zen, 70eko hamarkadan. Orain, ordea, legez egin beharrekoa da eraginaren neurketa, eta, emaitzen arabera, neurri zuzentzaileak hartu behar dira. Eta gerta daiteke egitasmo bat bertan behera geratzea, eragin hori gehiegizkoa eta saihestezina izan badaiteke. Duela hiru urte lurralde antolamenduaren eta hizkuntzaren arteko loturak aztertzen hasi ginenean, hura ere ezin exotikoagoa suertatu zen. Baina denbora erakusten ari da norabide egokian egindako lana zela".
Jardunaldiak egin diren hiru urteko zikloaren baliagarritasuna azpimarratu duten arrazoiak azaldu ditu Bilbaok: besteak beste, "euskalgintzaren eta instituzioen arteko konplizitateak eta elkarlanak zer-nolako eragina izan dezakeen ikustea, eragiteari begira prozesuen urratsak zein diren finkatzea, tresnak sortu eta esperientzia pilotuak abiaraztea". Helburuak bete direla nabarmendu du.
Labaka bat dator; lana ari da "emaitzak" ematen: "Lurraldeak eta hizkuntzak lotura bazutela uste genuen, eta azterketek eta egindako bideak hori horrelaxe zela baieztatu digute. Udalerri euskaldunetan gertatzen ari den hizkuntzaren bilakaeran badu lurralde antolaketak eta hirigintzak zer esanik".Oraindik ere, ordea, lan handia dute gaia jendarteratzen eta pedagogia egiten, Labakaren iritziz: "Udalerri euskaldunetan horretan ari gara. Izan ere, gizarte osoaren sentsibilizazioa ezinbestekoa da, hizkuntzaz ari garenean, ekologian eta beste esparru batzuetan hain ohikoak diren kontzeptuak ulertezinak bihurtzen direlako askorentzat”.
Azkenik, Alegriak egitaraua aurkeztu du. Hiru zati nagusi izango ditu: ELE tresnaren esperientzia zehatzak aurkeztuko dira, balizko kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileei buruz hausnartuko da, eta ELE tresnaren txertaketa legal posiblea ere aztertuko da. Bestetik, Alegriak aurreratu du datorren ikasturtean antolatzaile guztiek gai honi buruzko graduondoko bat prestatu dutela EHUrekin batera.
Egitaraua
09:00-09:30: Jardunaldien sarrera.
09:30-10:30: Gaitasunaren bilakaera udalerri euskaldunetan, non-zer, faktoreen itsasoan. Imanol Esnaola (Gaindegiko koordinatzailea eta hizkuntzalaria).
10:30-11:00: Orioko HAPOaren ELEa. Imanol Azkue (Elhuyarreko aholkularia) eta Miren Vives (Projekta estudioko arkitektoa).
11:00-11:30: Lekarozko proiektuaren ELEa. Goizane Arana (Uemako teknikaria) eta Marta Chamorro (baztango Euskara teknikaria).
11:30-12:00: Kafe etena
12:00-13:30: Mahai ingurua. Ereduak eta urrats berriak. Imanol Esnaola, Miren Vives (arkitektoa) eta Jabier Zabaleta (Orioko Euskara teknikaria).
13:30-15:00: Bazkaria.
15:00-16:00: Neurri zuzentzaileak. Iker Salaberria (Kontseiluko koordinatzailea) eta Miren Segurola (Uemako koordinatzailea eta jardunaldien batzorde akademikoko kidea).
16:00-16:30: Txertatze legala. Unai Fernandez de Betoño (Arkitekturan doktorea eta jardunaldien batzorde akademikoko kidea) eta Iñigo Urrutia (Zuzenbidean doktorea eta jardunaldien batzorde akademikoko kidea).
16:30-17:00: Ondorioak. Batzorde akademikoko kideek jardunaldien ondorioak plazaratuko dituzte.