Gure Esku-k elkarlana sustatu nahi du, lurraldeetako subiranotasun auzietan eragiteko

'Herri libre bat' dinamika aurkeztu du Gure Esku-k. Subiranotasunaren auzia agenda politikoaren erdigunean jartzea izango du helburu datozen bi urteetan.

GURE ESKU
Gure Esku-k gaur egindako agerraldia, Bilboko Kafe Antzokian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko martxoaren 2a
14:30
Entzun

Hamarkada beteko ibilbidea atzean duela, datozen bi urteetako erronken berri eman du Gure Esku-k, gaur, Bilboko Kafe Antzokian. Herri libre bat dinamikaren aurkezpenean, antolatzaileek nabarmendu dute subiranotasunaren auzia agenda politikoaren erdigunean jartzea izango duela helburu Gure Esku-k datozen bi urteetan. Josu Etxaburu bozeramaileak azaldu du haien eginkizunari «anbizioz» helduko diotela, eta hartutako norabidean «aurrerapausoak» eman: «Gure lurraldeetan erabakitzeko eskubidea gauzatzea xede izanik, eragiteko borondatea dugu, eta eragiteko aukera dugulako uste osoa».

Euskal Herrian burujabetza prozesuan aurrerapausoak emateko abagune egokia zabaltzen ari dela esan dute. Hala, aipatu dute Euskal Autonomia Erkidegoaren, Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Ipar Euskal Herriko Elkargoaren egituraketaren etorkizunari buruzko gogoeta eta eztabaidak zabalik ala zabaltze bidean daudela, eta, horrekin batera, eragile politikoen artean lankidetza formula berriak ere abiatu direla.

Irantzu Perello Gure Esku-ko kideak azaldu du herri libre bat izatea ez dela amets bat, ezta eskaera bat ere: «Herri libre bat izatea egunez egun eraikitzen eta gauzatzen den borondate bat da. Urratsez urrats, erabakiz erabaki lortzen den helburu bat». Horregatik, nabarmendu du Euskal Herriak «galdekatua» izan nahi duela; «boto bidez aske erabaki nahi duen herri bat» dela, alegia.

Horren harira, autogobernuarekin, erabakitzeko eskubidearekin eta burujabetzarekin lotutako aldarrikapenak hizpidera ekartzeko garaia dela adierazi du Etxaburuk: «Lurraldeetako subiranotasun auziak bideratzeko proposamenak egon badaude. Zehaztuz eta adostasunak landuz, herri proposamen bilakatu beharra dago. Aurrerapausoak behar dira. Eman ditzagun. Gure Esku-k, bederen, ez du utziko aukera hau alferrik galtzen», gehitu du.

Aukera hori «alferrik» ez galtzeko denetariko egitasmoen berri eman dute Gure Esku-koek Bilboko Kafe Antzokian. Apirilaren 13rako antolatutakoa nabarmendu dute, batez ere. Izan ere, orduan beteko dira hamar urte Etxarri Aranatzen (Nafarroa) estatus politikoari buruzko herri galdeketa bat antolatu zutenetik. Hura izan zen lehenengoa, «lehen harria». Ordutik aurrera, Gure Esku-k beste hainbat herri galdeketa bultzatu zituen Euskal Herrian. Herritarren laguntzarekin bozketak antolatu zituzten 208 herritan, eta 218.000 lagunek parte hartu zuten.

Hamar urte geroago, herri galdeketa egin zuten herri guztiei aitortza egiteko topaketa bat izango da apirilaren 13an, Etxarri Aranatzen. «Bozkatuz gure etorkizuna erabakitzeko beharra ortzi mugan jarriko dugu», azaldu dute.

Egun hori baino lehenago, 23. Korrikan ere izango da Gure Esku. «Euskara bizirik eta indartsu nahi dugu, bere hizkuntzaz harro den herri bat gara eta», nabarmendu dute. Euskal Herriko hainbat tokitan izango dira lekukoa eskuan: Trebiñun (Araba), Nafarroako Erriberan, Tolosan (Gipuzkoa) eta Baionan, besteak beste. Euskal herritarrei eskatu diete beren ikurrak kalera eramateko, «Euskal Herria harrotasunez irudikatzeko».

Ikurrak astintzeko eguna, ordea, Aberri Eguna izango da. Gure Esku-k azaldu du «burujabe izateko borondatea» plazaratzeko eguna izango dela martxoaren 31. Maiatzean, berriz, Euskal Herriko zenbait lurralde lotuko dituen egitasmo bat egingo dute, «martxan» daudela adierazteko. Azaroan, bideoz eta ekitaldiz osatutako maratoia egingo dute, azaldu dutenez; hamabi ordu iraungo du, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetan izango du presentzia.

Nazioartera begira

Aurrera begira, datorren urteko udaberrian egitekoak direnaz ere jardun da Perello: «Lau haizeetara zabalduko dugu Euskal Herriaren aniztasuna, indarra, ilusioa eta gogoa. Nazioartean azpimarratuko dugu herri bat, nazio bat garela, eta burujabeak izan nahi dugula. Herri libre bat erakutsiko diogu munduari, elkarrekin erabaki nahi duena –denari buruz–, hemen eta elkarrekin erabaki nahi duena».

Finean, Gure Esku-k nabarmendu du «subiranotasuna, lurraldetasuna eta herri harrotasuna» izango direla datozen bi urteotako ardatzak. Izan ere, Etxaburuk azaldu du Euskal Herriaren burujabetza prozesuan aurrerapausoak emateko «abagune egokia» zabaltzen ari dela: «Aurrerapausoak emateko beharra dago, herri gisa erronka handiak baitaude, eta erantzun egokiak emateko baliabide berriak behar dira».

Mehatxuak ere badaude, Perelloren esanetan: «Ez dira falta aukera hau zapuztu nahi duten indarrak. Denok ditugu gogoan euskararen aldeko hizkuntz politikak egiteko botere judizialetik sistematikoki datozen trabak, eta Nafarroako trafiko eskumena deuseztatuz autogobernu gaitasunari egindako eraso judiziala».

Hala ere, herritarrei dei egin diete, aurrerapausoak egiteko garaiari hel diezaioten, eta bidelagun izateko prest azaldu dira: «Hemen daukazue Gure Esku, lanerako prest, bidea zabaldu eta erasoei aurre egiteko prest. Bultza dezagun denok, eta egin dezagun bidea elkarrekin. Burujabe eta aske izateko, joka dezagun aske eta burujabe. Izan gaitezen herri libre bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.