Eraikuntzarako materiala sortzen dute hondakinetatik

EEHen tratamendurako plantetan hondakinak jaso, sailkatu eta berriro obretan erabiltzeko prestatzen dituzte

Gasteizko tratamendu planta. BERRIA.
mikel lizarralde
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eraikuntzako eta eraisketetako hondakinak (EEH) tratatzeko bi planta daude Bizkaian eta beste bat Araban, Gasteizen bertan. Azken hori 2007ko maiatzean jarri zuten martxan, eta lau urte hauetan herrialdean sortutako obra-hondakinen parte handi bat jaso eta berriro eraikuntzan erabiltzeko prestatu du.

Eraikuntza lanetan sortzen diren era guztietako materialak jasotzen ditu plantak, Jose Antonio Tabernero gerenteak azaldu duenez: «Hormigoia, lurra, harriak, isolatzaileak, plastikoak, adreiluak, teila zatiak.... denetarik jasotzen dugu. Material batzuk ez ditugu onartzen, pintura ontziak adibidez, materia arriskutsua delako». Lau urteko jardunean, milioi bat tona hondakin jaso ditu Gasteizko plantak.

Egunetik egunera eta aste batetik bestera aldatu egiten da lantegiak jasotzen dituen hondakinen konposizioa. Baina horien erdia lurra izan ohi da. «Eta gainerakoa, harri zati handiak, baldosak, teila eta adreilu nahasketa bat izaten da».

Plantara iristen denean, materiala sailkatu egiten dute, eta Tabernerok dioenez, «kendu egiten zaio birziklatu ezin den zikinkeria guztia». Ondoren bahetu egiten da, tamaina ezberdineko harriak bereizteko. «Handiak txikitu egiten ditugu agregatu birziklatuak sortzeko, eta material ertaina Gasteizko zabortegian bertan erabiltzen dugu, zuloak estaltzeko». Plantan sortzen dituzten agregatu birziklatuak bi neurrikoak izaten dira, 0-40 mm artekoak, eta 40-80 mm-koak- «Zirkulazio handirik gabeko errepideetan, espaloi azpietan eta zorua parekatzeko erabiltzen da besteak beste txikiena, eta bestea, berriz, drainatze lanetarako edota bidegorrien oinarri gisa».

Harrobietatik ateratzen den materia primarekin alderatuta, merkeagoa da tratamendu plantak eskaintzen duena: «Obra batzuetarako ez du balio, baina beste batzuetan erabat erabilgarria da». Gero eta gehiago dira tratamendu plantetan birziklatutakomaterialak erabiltzen dituzten eraikitzaileak, baina administrazioak gehiago bultzatu beharko lituzkeela uste du Tabernerok: «Bera da obra gehien kontratatzen dituena, eta normalena litzateke birziklatutako materiala erabiltzeko eskatzea. Posible den egoeretan behintzat».

Azken bi urteotan krisiaren ondorioak pairatu dituzte. Eraikuntza gelditzearekin, hondakin kopurua ere murriztu egin da. 2009an 287.000 tona jaso zituzten Gasteizen. Iaz, 183.000. Eta aurten 150.000 tonako aurreikuspena egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.